Pasaiako eta Lezoko (Gipuzkoa) alkateak informazioa biltzen hasiko dira iragan ostiraleko sutearen arrazoiak eta erantzukizun posibleak argitzeko. Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Mikel Arruti Lezokoak «erantzunak eta neurriak» eskatu dituzte elkarrekin kaleratu duten ohar batean.
Pasa den ostiralean sute bat piztu zen Pasaiako portuko txatar tontor batean, eta, beste neurri batzuen artean, larrialdi zerbitzuek Pasaiako eta Lezoko herritarrei leihoak ixteko eta etxean geratzeko gomendatu zieten, erretako hondakinek «osagai toxikoak» izan zitzaketelako. Orain, Pasaia eta Lezoko udalak gertatutakoa aztertzen ari dira, baita gertatutakoaren gaineko erantzukizuna duten erakundeei informazioa eskatzen ere.
Suteak kezka sortu du herritarren artean, ez baita lehen aldia Pasaiako portuan sute bat pizten dena: 2018ko abuztuan ere gertatu zen, orduan ere txatar tontor batean. Baina suteez ez ezik, herritar asko kexu dira portuko jarduerak zarata atera eta usain txarra sortzen duela, eta usain hori inguruko herrietara zabaltzen dela.
Ikusi gehiago
Badiako alkateek azpimarratu dute gertatutakoa ezin dela «normaltzat jo», eta horregatik informazio txostenak eskatuko dizkiete eskumenak dituzten administrazioei: zer gertatu zen, zer material zeuden, larrialdia nola kudeatu zen eta suteak zer-nolako kalteak eragin zituen ingurumenean.
Teo Alberro Pasaiako alkateak adierazi du pasa den ostiraleko sutea ezin dela «azalpen partzialen bidez» konpondu: «Herritarrek jakin behar dute zer gertatu zen, larrialdia nola kudeatu zen eta zer neurri hartu ziren». Mikel Arruti Lezoko alkateak gehitu du «ezinbestekoa» dela protokoloak eta neurriak ezagutzea eta betetzen direla bermatzea.
Erantzun eske
Bi udalek azaldu dute oraindik ez dutela gertatutakoaren informazio praktikorik eskuratu. Horrenbestez, haiek hasi dira informazio eske. Sutearen inguruko informazioa eskatuko diete Pasaiako Portuko Agintaritzari eta bertan txatarrarekin lan egiten duten enpresei: zein izan zen sutearen jatorria, eta zer prebentzio eta segurtasun neurri aplikatu zituzten, besteak beste.
SOS Deiei datuak eskatuko dizkiete SMS bidezko alertari buruz; izan ere, etxean geratzeko gomendioa eskuko telefonora bidali zieten Lezoko herritarrei, alerta gisa, baina bi udalek adierazi dute herritar askok ez zutela alerta jaso.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Prebentziorako, Suteak Itzaltzeko eta Salbamendurako Zerbitzuei suhiltzaileek erabilitako baliabideen eta haien esku hartzearen inguruko informazioa eskatuko diete. Eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Ingurumen Sailari suteak ingurumenean izandako eraginaren inguruan galdetuko diote: airearen, uraren eta lurzoruaren kalitateari buruzko datuak eskatuko dizkiote, adibidez.
Informazio guztia aztertu eta landu ostean, gertatutakoari buruzko ondorioak atera eta proposamen zehatzak egin nahi dituzte bi udalek. Besteak beste, prebentzio neurri gehiago ezartzea, ingurumen kontrolak indartzea eta larrialdietako komunikazioa hobetzea aurreikusten dute.