Miren Zubizarreta. ELAko ordezkaria

«Patronalak ezin du Jaurlaritzaren gain utzi bere erantzukizuna»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, Kristau Eskoletako eta IZEAko ikastetxeetan greba egi dute atzo eta gaur. ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGTk deitu dituzte. Guztira, 9.000 irakasle dira. Akordiorik lortu ezean, azaroan lau egunekoa egingo dute: 27tik 30era.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Atzoko greba deialdiarekin «oso pozik» agertu da Miren Zubizarreta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979), ELA sindikatuko hezkuntza arduraduna. Aurreko hiru grebak izan duten erantzun berdintsua izan duela nabarmendu du. «Manifestazioan 6.000 pertsona inguru egon dira, Bilboko Udaltzaingoaren arabera. 9.000 langile zeuden grebara deituta; atera kontuak zenbat etorri diren».

Iazko azaroan jaiki zineten negoziazio mahaitik. Ordutik izan duzue harremanik?

Kudeaketa arrazoiengatik bilera batzuk egon dira, baina ordutik ez dugu negoziatu. Azaroan mahaitik altxatu ginen, hiru greba egun izan genituen joan den ikasturtean —martxoak 20 eta maiatzak 15 eta 16—. Orain ikasturtea berriz hasi da, baina berdin jarraitzen dugu.

Eskatu duzue bilera gehiagorik?

Greba deialdi bat egin dugun bakoitzean patronalari idatzi diogu, gure aldarrikapenei erantzuteko eta negoziatzeko prestasuna ager dezala eskatzeko, baina behin ere ez dugu inolako erantzunik jaso.

Sindikatuon salaketa nagusia hauxe da: lan ituna ez dela berritu hamar urtean. Horrek zer ondorio ditu langileengan?

Adibidez, jaiotza tasa jaisten ari da ordutik. Aurreikusten da etorkizun labur edo ertainera gelak itxiko direla. Baina, aldi berean, langile asko erretiratzeko adinean egongo dira. Beraz, posible izango litzateke gela itxieragatik lanpostua galduko dutenei beste postu bat ematea eta, aldi berean, erretiratuko direnei errelebo kontratuekin erretiroa ahalbidetzea. Horretarako, ados jartzea lortu behar dugu, fenomeno berria da eta.

Soldatetan ere izango zuen eraginik, ezta?

Soldata ez da eguneratu 2009tik. Beraz, 2009tik 2018ra bitarteanerosahalmenaren %13 galdu dute. Hori eguneratu egin behar da, ezinbestean.

Irakasleen lan kargatatik ere egin duzue protesta.

Pedagogia berrien eguneratzea, digitalizazioa eta modernizazioa langileen lanaldi barruan egin da. Eta ez zaie geratzen denborarik lan pertsonalerako: klaseak prestatzeko, jarraipenak egiteko. Ordu horiek bermatzeko eskatzen dugu; bestela, etxean egin behar izaten dute lan hori.

Langile talde bitan ipini duzue aparteko arreta.

Duela hamar urte gutxi ziren, baina asko ugaritu dira: Haur Hezkuntzako lehen zikloko 2 urteko gelako langileak eta behar berezia duten ikasleekin lan egiten dutenak. Kolektibo horien lan baldintzak ez daude eguneratuta, eta sektoreko eskasenak dira. Oso feminizatuta daude, gainera.

Patronalak zer esan dizue?

Esaten du ez duela baliabide ekonomikorik, eta Jaurlaritzaren finantzaketaren esku uzten du. Ezin du Jaurlaritzaren gain utzi bere erantzukizuna. Azarorako deitu ditugun lau greba egunak saihestu nahi baditu, proposamen serio bat egin beharko du, gure eskaerei erantzunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.