PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak Espainiako Gorteetarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak aurkeztu ditu gaur Bilbon: Javier Hurtado, Patxi Lopez eta Rafaela Romero. Bizkaiko hautagaiak mezu argi bat helarazi du: PSE-EE hauteskundeak irabazteko faboritoa da hiru lurralde horiek multzoan hartuta: «Sinetsita gaude erabat: euskal gizarteak Pedro Sanchez nahiago du, alde handiz, Feijoo eta Abascal baino. Gobernu aurrerakoia nahiago du, alde handiz, PPren eta Voxen koalizioa baino; aurrera egitea nahiago du, finean, atzera egitea baino», esan du Lopezek.
Pedro Sanchezek hauteskunde deialdiaren bidez amaitzear jarri duen legealdian, PSOEren eleduna izan da Lopez Espainiako Kongresuan, eta arreta Madrilen jarrita aritu da Bilbon, Euskal Herriaren berezko ezaugarri politikoei erreparatu gabe kasik. «Ez gara despistatuko, ez gaituzte beste ezerekin katramilatuko: Pedro Sanchez buru izango duen gobernu aurrerakoi bat eratu nahi dugu azaroaren 29a pasatu ondoren». Eta are argiago uzteko, azaldu du blokeen arteko bozak izango direla: «Hori dira hauteskunde hauek: atzera joango gara, ala aurrera; lau urte atzera egingo dugu, ala lau urte aurrera. Hori da A-29ko bozen mamia».
Autogobernua suntsitu
Espainiako Estatu osoarenak diren eztabaida politikoetan sartu da Bizkaiko zerrendaburu sozialista. «Pentsioak jokoan» daudela esan du, gutxieneko soldata igotzea ere bai; «zerbitzu publikoei eustea», hori ere jokoan dago, Lopezen arabera.
Madrilen ez baina Bilbon egindako agerraldia izaki, eta bera Bizkaiko hautagai denez, Lopezek euskal autogobernuari ere erreparatu dio gero. Esan du autogobernuan sinesten dutenek gobernatuko dutela Madrilen, edo, bestela, PP eta Voxen esku geratuko dela autogobernua, «suntsitu dezaten». Eta galdera bat egin du jarraian: «Sistema demokratikoa defendatuko dugu, ala diktaduraren falta sumatzen dugu?».
Lopezen esanetan, «Euskadin botoek gerarazi egingo dute gorrotoa», «diktaduraren falta sumatzen dutenak» ere gerarazita, eta boto horiek «esperantzarako botoak» izango dira; «beraz, boto sozialistak izango dira». Iragarri du PSE-EEk irabaziko dituela azaroaren 29ko hauteskundeak.