Pedraz epaileak Tubos Reunidoseko zuzendari nagusi Carlos Lopez inputatu du, 'Hirurok auziari' lotuta

SEPIren erreskatearen harira, Espainiako Auzitegi Nazionalak ikertu gisa izendatu ditu Arabako enpresaren zuzendari nagusi ohi Francisco Irazusta eta zuzendaritzako kide ohi Jesus Perez. Halaber, SEPIko presidente Belen Gualda inputatu du epaileak.

Guardia Zibilaren UCO adarreko bi kide Tubos Reunidosen Bilboko egoitza miatzen, ekainaren hasieran. MIGUEL TOÑA / EFE
Guardia Zibilaren UCO adarreko bi kide Tubos Reunidosen Bilboko egoitza miatzen, ekainaren hasieran. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2026ko ekainaren 29a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek SEPIko presidente Belen Gualda inputatu du Hirurok auziaren inguruko ikerketaren harira. Epaile berak, Tubos Reunidos enpresaren erreskatearekin lotuta, beste 24 lagun ere ikertuko ditu, eta horien artean daude Arabako enpresa tutu egilearen zuzendari nagusi Carlos Lopez, zuzendari nagusi ohi Francisco Irazusta eta zuzendaritzako kide ohi Jesus Perez. 

Epailearen arabera, Leire Diez militante sozialista ohiak, Vicente Fernandez SEPIko presidente ohiak eta Antxon Alonso enpresariak osatzen zuten Hirurok taldea. Espainiako SEPI sozietate publikoak enpresei emandako maileguei esker dirutzak bereganatzeko helburua ei zuen talde horrek, eta Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia ere talde horretan kokatzen du Pedrazek. Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak SEPIren jardueran delituen zantzuak ikusi ondoren zabaldu du Pedraz epaileak Hirurok auzia. Bete-betean sartuta dauka auzi horretan Leire auziko inputatu nagusi Leire Diez ere.

Zenbait delitu

Fiskaltzak SEPIri buruz egindako azken txostenean, Belen Gualda presidentea azaltzen da Tubos Reunidos enpresari emandako laguntza publikoaren espedientearen atzean. Tubos Reunidos enpresarena da Hirurok taldeak egindako bost operazioetako bat, Pedraz epailearen arabera betiere. Fiskaltzaren idatziak dio zenbait delitu egin zirela SEPI sozietateak Arabako enpresari emandako laguntzan: besteak beste, prebarikazio administratiboa, antolakuntza kriminala, informazioaren erabilera pribilegiatua eta diru publikoa gaizki erabiltzea.

Tubos Reunidosek 115 milioi euroko laguntza publikoa eskatu zuen 2021eko urtarrilean, eta urte horretako uztailean onartu zuten mailegu horren adjudikazioa. Hilaren 20an onartu zuen Espainiako Ministro Kontseiluak. Fiskaltzak defendatzen du Vicente Fernandez Hirurok taldeko ustezko kideak egin zituela bitartekari lanak Tubos Reunidosen eta SEPIren artean. Laguntza eskaeraren espedientearen informazioa lortu omen zuen, eta Arabako enpresako arduradunei helarazi omen zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA