UCO Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak bertze bi pertsona jarri ditu Leire auziaren jopuntuan: Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, eta Oscar Arizkuren UPNko lehendakariorde izandakoa. UCOk txosten batean iradoki du «harremana» zutela Leire Diazek eta Torres lehendakariordeak; are, esplikatu du 1.280 mezu bidali zizkiotela elkarri. Eta horrek, hain justu, Santos Cerdanek zuzendutako ustezko ustelkeria sarearekin lotzen du Torres, txostenaren arabera.
UCOk esplikatu duenez, 2024ko urrian, Vicente Fernandez SEPIko presidente ohia eta Leire Diez militante sozialista Torresekin harremanetan jarri ziren Tubos Reunidos enpresaren gainean hitz egiteko eta «erreskatea arintzeko», eta jakinaren gainean jarri zuten Santos Cerdan. Alabaina, berehala atera da PSE-EEko idazkari nagusia txostenean errandakoak gezurtatzera, eta erran du Leire Diezek eta biek «herrikideak direlako» ezagutzen dutela elkar, eta haien arteko harremanak ez daukala «inolako zerikusirik» Leire auziarekin. Esplikatu du Diezen eta bien arteko mezuak ez zirela «enpresa baten erreskateari buruzkoak», eta Tubos Reunidos «sekula» ez zutela solasgai izan.
Aste honetako kontua da txosten horretan bertan EAJ eta Leire auzia lotu dituztela, argudiatuta Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko buru izandakoak interesa agertu zuela Tubos Reunidos enpresari emandako diru laguntzen inguruan. Orain, Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea enpresak jasotako 112,8 milioi euroko maileguarekin lotutako komisio baten ordainketa aztertzen ari da. EAJk atzo onartu zuen Espainiako Gobernuko kideekin batzartu izan dela Tubos Reunidosen egoeraz solastatzeko, baina «zeharo» ukatu zuen Leire Diezekin eta Cerdanen sarearekin zerikusirik izatea.
Hirurok taldeak
UCOren arabera, baliteke «esku hartzeren bat» egon izana 2021ean SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak Tubos Reunidosi 112,8 milioi euroko mailegua emateko erabakian; zehazki, Hirurok izeneko taldearena —ustez Leire Diezek, Vicente Fernandezek eta Antxon Alonso enpresariak osatua—. Txostenean erran dutenez, Hirurok taldeak 114.950 euro jaso zituen operazio horren truke. Oraindik ez da egiaztatu harremanik ote dagoen Tubos Reunidosek jasotako diru laguntzen eta Cerdanek zuzendutako sarearen artean.
Oscar Arizkureni dagokionez, berriz, txostenean azaldu dute Diezek ere bazuela harremana harekin, eta haiek ere mezuak bidaltzen zizkiotela elkarri. Alta, ez dago mezu horien gaineko beste informaziorik.