«Aurrekontuetan ikusten da eskola publikoaren aldeko apustu argia egiten dugula». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosaren hitzak dira, gaur Eusko Legebiltzarrean esandakoak. Hain zuzen, bertan aurkeztu berri du sailaren 2026ko aurrekontua: 3.346,5 milioi eurokoa izango da, iaz baino 99 milioi handiagoa. Pedrosak nabarmendu du «inoizko aurrekonturik handienak» direla, «ezberdintasunak murrizteko, emaitzak hobetzeko eta ikasleen ongizatea bermatzeko».
Langileentzat izango den zenbatekoa nabarmendu du Pedrosak; hain zuzen, %4,84ko igoera izango du sail horrek. Dagoeneko bidea jorratzen ari direla dio, eta, horregatik, 700 postu baino gehiago sortu dituztela ikastetxe publikoetan «irakasleen eta irakasle ez diren langileen lan eta soldata baldintzak hobetzeko, eta aniztasunari, ongizate emozionalari, hizkuntza beharrei, ikasle etorri berrien harrerari, hezkuntza errefortzuko programei eta Lanbide Heziketaren aldeko etengabeko apustuari erantzuteko».
Ikasleek euskara taxuz ikastea eta euskal kulturaren berri izatea da hezkuntzaren erronketako bat. «Hezkuntza sistema eleaniztun eta kulturalki askotariko baten oinarri estrukturalak eraikitzen ari gara, euskara eta euskal kultura erdigunean izanik». Baina aurrekontuetan 30,9 milioi euro jarriko dituzte hezkuntza sistema euskalduntzeko, eta 34,7 izan ziren iaz; hots, ia lau milioi euroko jaitsiera dago.
Eskola inklusiboa sustatzea ere badute ortzi mugan, Pedrosak ziurtatu duenez. Horrenbestez, 302,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute «inklusio politiketan eta aniztasunari erantzuteko politiketan»: «ikastetxeetako giza baliabideak eta baliabide materialak indartuko dira, eta ikasleen benetako beharretatik hurbilago egongo den eskola bidezkoago bat lortzeko bidean aurrera egingo da».
Halaber, beren-beregi indartu asmo dute Lanbide Heziketa. Datorren urtean, Lanbide Heziketako Euskal Estrategia 2030 jarriko dute martxan. Hasieran, 65 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta, indarrean dagoen bitartean, 325 milioi eurokoa.