Peio Etxelekuk Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitza berretsi du, lurralde oreka ardatz hartuta

Azken urteetan «lurraldeko desoreka azkartzen» ari dela ohartarazi du jeltzaleak, eta, Alain Iriartek bezala, «deszentralizazioaren» beharra azpimarratu du.

Peio Etxeleku, Kanboko herriko bozetarako zerrenda aurkezten, urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU
Peio Etxeleku, Kanboko herriko bozetarako zerrenda aurkezten, urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko apirilaren 9a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jadanik iragarria zuen, eta hautu horrekin doan proiektu politikoa zabaldu du orain Peio Etxelekuk, Kanboko auzapez izendatu berriak: «ofizialki baieztatu» du Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzarako bere hautagaitza. Larunbatean izanen dira bozak, eta hiru hautagai aurkeztuko dira Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeak ordezkatzen dituzten 232 hautetsien aitzinera: Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta orain arteko lehendakaria, Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kidea, eta Etxeleku, Kanboko (Lapurdi) auzapez eta EAJko kidea.

Gaur egungo instituzioari «urrats historikoa» egin izana onartu dio, hasteko: «Ipar Euskadik, lehen aldiz, Frantziako Errepublikaren baitan berezko marko juridikoa aitortzen zion erakunde baten sortzea». Ordu arteko garaipen historikoen aipamena ere egin du: «Frantziako Iraultzaren garaian Garat anaiekin hasia, XIX. mendean Baionako Merkataritza Ganberak segitua, eta ondoren hainbat mugimenduk eramana, hala nola Euskal Departamenduaren aldarrikapenaren, Garapen Kontseiluaren edo Hautetsien Kontseiluaren bidez».

Hots, orain arte egindako lanari aitortza egin dio. Baina, aldi berean, ohartarazi du azkeen urteetan «lurraldeko desoreka azkartzen» ari dela. Larunbateko bozetan aurkari izanen duen Alain Iriartek duela egun batzuk erran bezala, Etxelekuk ere erran du «balio erantsi handiko lanpostuak [Lapurdiko] kostaldean metatzen» ari direla, eta, ondorioz, «Lapurdi barnealdea pixkanaka lo eremu baten ezaugarriak hartzen ari» dela; bide beretik doaz Nafarroa Beherea eta Zuberoa, «jendetza galtze jarraitua pairatzen baitute, biztanleriaren zahartzea, laborantzaren ahultzea eta jarduera ekonomiko produktibo eskasa».

Orduan, Elkargoaren funtzionamenduari erreparatu dio, bere ustez «ikuspegi anbiziotsu baina errealista batetik» lantzekoa. Betiere «trantsizio ekologikoan» oinarriturik, «proiektu konkretuen garapena» aipatu du: «Energia burujabetza indartzea, uraren kudeaketa hobetzea, kanpoko mendekotasunak eta zaurgarritasunak murriztea, bai eta laborantza ereduetan aldaketa eta osagarritasuna bultzatzea ere, klima aldaketari aurre egiteko gaitasuna handituz eta gure elikadura burujabetza sendotuz».

Iriarten antzera, beste behin, «zuhurtzea eta deszentralizazioa» aipatu ditu 2026-2033ko agintaldirako erreperio izan behar luketen kontzeptuen artean. «Batetik, funtzionamendu gastuen kontrol zorrotza bermatu behar da, dagoeneko; bestetik, zerbitzuen kudeaketa operatiboa lurralde poloetara deszentralizatu behar da, tokiko hautetsiei berriz ere gidaritza eta erabakitzeko ahalmen osoa emanez». Hala, espero du egitura zentralaren lana beste zenbait arlotara mugatzen ahalko dela, hala nola «politika publikoen ebaluazioan, aditu lanean, lurralde poloei eta herriei laguntzean, eta ekintzen koherentzia bermatzean».

Ez dira helburu ttipiak, baina Etxelekuk «ibilbide luzea» egina du enpresa munduan, «mugaren bi aldeetan, bai laborantza eta elikagai arloan, baita metalurgian eta eraikuntzan ere». Agirian idatzi duenez, esperientzia horiek «lurraldearen zerbitzura eman nahi» ditu, «barnealdeko hautetsi eta lurraldeko enpresari gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA