Herriko bozak irabazi eta Kanboko (Lapurdi) auzapez izateko asmoa duela erran du Peio Etxeleku enpresaburu eta EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente ohiak. Ostegun honetan aurkeztu du helburu hori kausitzeko heldu den martxoan hautesleei bozkagai emanen dioten zerrenda. «Askotariko» hautagaiz osatua da: badira orain arte Christian Deveze auzapezaren gehiengoan zirenak, baita Nahi Dugun Herria ezkerreko abertzaleen taldean egondakoak ere. Kanbo elkartu lelopean bildu dira.Â
Kanpainako lerro nagusiak aurkeztu ditu prentsaren aitzinean: Kanboren «herri txiki izaera» atxikitzea, lotura soziala zaintzea, azken urteetako hausturak konpondu eta erabakiak hartzeko «beste moldeak» proposatzea, eta ekologian «anbizioz» jokatzea. «Erraztasunez» aurkezpena frantsesez egin badu ere, «euskarari dagokion lekua» emateko borondatea agertu du. «Ezaguna da nire sentsibilitatea eta atxikimendu pertsonala. Euskarak parekotasuna behar duela uste dut, eta batzuetan diskriminazio positiboa ere», azpimarratu du, hizkuntza hautuaz oharra egin zaionean.Â
Marieneko lurren auzia da azken urteetan Kanbon tentsio handien sortu duen gaia. Juridikoki errekurtso bide gehienak ahitu badira ere, aterabideak atzemateko borondatea agertu du, «giroa lasaitzeko» ezinbestekoa delakoan. Irabaziko balu, Bouygues promotorearekin mintzatzera engaiatu da, «laborantza lurrak ukitu gabe beste lur batzuetan dauden alternatibak» aztertzeko.Â
Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalaz eta AHTaz galdera eginik, ez du erantzun argiegirik eman nahi izan, argudiatuta taldean ez dutela eztabaidatu. «Ez dut uste kanboarren kezka nagusiak direnik».
Elkargoko buruzagitza
Duela sei urteko herriko bozetan, Devezekin aliantza eginik iritsi zen hautetsi izatera Etxeleku, Euskal Hirigune Elkargorako Kanboko ordezkari izatea negoziatuta. Baina agintaldiaren erdian auzapezaren taldetik atera zen. Azken urteetan, elkargoko hautetsi gisa agertu da nagusiki, Jean Rene Etxegarai lehendakariaren kudeaketari buruz kritikak agertuta. Funtsean, EAJk Ipar Euskal Herrian izan duen kargu publiko nagusia izan da. Erronka berezia du beraz elkargoko ordezkaritza atxikitzen, lortu ezean mapa politiko-mediatikotik desagertzeko arriskua bailuke.Â
Auzapez izatera iritsiko balitz, elkargoko ordezkari izanen dela erran du Etxelekuk, eta gobernantzan parte hartzeko borondatea agertu du. «Herriak elkargoarekin eskuz esku aritu behar du». Lehendakari izaten saiatzeko anbiziorik duen galdetuta, ez du erantzun argirik eman, baina auzapez izatearekin «bateragarri» dela erran du. Besterik izanen da horretara iristeko gehiengoak lortzea.