Leherketa handi bat gertatu da Bergonda herriko FML piroteknia enpresan (Lantaron, Araba), eta, gutxienez, pertsona bat hil da eta beste bat larri zauritu. Biak enpresa horretako langileak dira, eta materiala prestatzen ari ziren horretarako egokitutako eraikin batera. Haiekin batera enpresaren instalazioetan ziren beste bi lagunak —jabea eta administrazioaz arduratzen den langilea— onik daude. Zaurituak erredura handiak ditu eta helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia).
Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean ari zela hildako zazpigarren pertsona da Lantarongoa. Urtarrilaren 8an gertatu zen lehen istripu hilgarria, Urruñan (Lapurdi), eta gaurkoaren aurretik, Zornotzan (Bizkaia) izan zen azkena, otsailaren 5ean.
Suhiltzaileez eta osasun zerbitzuez gain, Ertzaintzaren Lehergailuen Unitateko kideak ere joan dira bertara, eta ingurua itxi dute. Ikerketa hasi dute leherketaren nondik norakoak jakiteko.
Enpresa historikoa da Pirotecnia FML, sektore horretan Euskal Herrian dagoen zaharrenetarikoa. Haren webgunean azaltzen denez, 1875. urtean hasi zen arlo horretan lanean Martinez de Lezea familia, Ozetan (Araba). 1910ean, ekoizpena Gasteizera eraman zuten eta 1918an, Miranda Ebrora (Burgos, Espainia). Enpresa Arabara itzuli zen 1984. urtean, Bergondara, Luis Martínez de Lezearen eskutik. Gaur egun, haren seme Miguel Martinez de Lezea azaltzen da arduradun gisa.
Enpresak berak dioenez, haren langileek «material piroteknikoarekin aritzeko trebakuntza eta tresna guztiak» dituzte segurtasunez aritu ahal izateko. Gainera, nabarmentzen du lan arriskuen prebentziorako zerbitzu bat kontratatuta duela, bere azterketak objektiboki egin ahal izateko.
Ez da Araban gertatzen den halako lehen ezbeharra. Duela urte eta erdi, 2024ko irailean, antzeko leherketa batek sute handi bat eragin zuen Valecea piroteknia etxean, Berantevillan, eta hiru eraikin suntsitu, baina orduko hartan ez zen inor larri zauritu.