Pertsona guztiek errolda izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute Bilbon

'Erroldarik gabe izaterik ez’ kanpaina abiarazi dute 87 eragilek. Salatu dutenez, errolda ez izatea oztopoa da hainbat eskubide lortzeko.

'Erroldarik gabe izaterik ez' kanpainaren aurkezpena gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 20a
16:51
Entzun

Errolda udalerri batean bizi diren pertsonen erregistroa izateaz gain, eskubide asko eskuratzeko sarbide atea da egun. Hala ere, pertsona askok ezin dute errolda lortu. Hori dela eta, 87 entitatek kanpaina bat jarri dute martxan Bizkaian. Atzo goizean Erroldarik gabe izaterik ez kanpaina aurkeztu zuten Bilboko udaletxeko eskaileretan: «Pertsona guztien errolda aldarrikatu nahi dugu, euren bizitokia zein den kontuan hartu gabe».

Besteak beste, sei sindikatuk babestu dute kanpaina, eta migratzaileen eskubideen alde lan egiten duten beste 30 eragilek. Esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Baobat elkarteak, Atxondo Harrera Herriak, Egintza elkarteak eta Bizkaiko SOS Arrazakeriak. Gizarte mugimenduek ere babestu dute (Feministaldek, Eguzki talde Ekologistak, Kakitzat koordinadorak...); eta EH Bilduk, Elkarrekin Bilbok eta Sortuk ere bai.

Errolda ez izatea oztopo bat da hainbat eskubide lortzeko, deitzaileek azaldu dutenez. Esaterako, erroldarik ez duten pertsonek ezin dute osasun txartela lortu, eta ezin dute Lanbiden izenik eman. Era berean, ez dute bozkatzeko eskubiderik, eta batzuek ezin dute egoiliar baimena eskuratu. «Errolda exijitzea pertsona guztien eskubideen aldeko aldarrikapena izan da eta izaten jarraituko du», argi utzi dute.

Bizileku bat izanda ere, hainbat bizilagunek ezin dute errolda eskatu, «hartzen dituzten pertsonei kalte egiteko beldurrez edo etxebizitzaren jabeek uzten ez dielako». Egoera horretan daude, adibidez, pasaporterik ez duten migratzaileak (euren enbaxadek ez dizkietelako berritzen); eta egoera oso prekarioan dauden pertsonak, «erroldatzeko eskubiderik gabeko» logelak alokatzen dituztelako. «Pertsona horiek 200 euro inguru ordaindu behar dituzte hilean, bizi ez diren tokietan erroldatu ahal izateko».

Elkarrizketak udalekin

Kanpainaren helburua da «errealitate hori herritar guztiei ezagutaraztea», eta erroldarik gabeko pertsonek jasaten duten «eskubide urraketa» salatzea. Are, errolda eskuratzeko udalean eskaera formala egiteko erabakia hartu duten pertsonak lagundu nahi dituzte. Eta udalekin «elkarrizketa prozesuak» ireki nahi dituzte, pertsona guztiek errolda izan dezaten, «formula administratiboak» aurkitzeko. Izan ere, eragileek alderdi politikoekin elkarrizketak izan dituzte, eta Bizkaiko udal guztiei gutun bat bidali diete.

Kanpainaren babesleek argi dute hasi duten bidea «arazo burokratikoz» beteta egongo dela. Hala ere, nabarmendu dute erroldarik gabe ezinezkoa dela «gizarte bazterketako egoera» gainditzea. «Justiziagatik, duintasunagatik, pertsona guztientzako errolda nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.