Pertsona guztien duintasuna aktiboki defendatzera deitu du Zero Pobrezia plataformak

Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira, Donostiako taldeak eskuin muturraren gorakada salatu du, eta demokrazia «arriskuan» dagoela ohartarazi. Horren aurka, mobilizazioaren beharra azpimarratu du.

Zero Pobrezia plataformaren agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Zero Pobrezia plataformaren agerraldia gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko urriaren 14a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidentea agertu da Donostiako portuan, Santiago Abascal Vox Espainiako alderdi ultraeskuindarreko buruak, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak, Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak babestuta. Bi agindu exekutibo sinatu ditu: milaka pertsonaren asilo eskubidearen aurkakoa bata, eta Gaza oporleku bihurtzeko Ekialde Hurbileko Riviera Plana bestea. Hala ere, ez du nahi zuena lortu: ekintzaileek espazioa hartu dute, eta Trump eta aliatuak ihes egitera behartu dituzte. Fikziozko pertsonaiak erabiliz, demokraziaren krisia eta eskuin muturraren gorakada salatu ditu gaur eguerdian Donostiako Zero Pobrezia plataformak, eta dei egin du «demokrazia, giza eskubideak, justizia soziala eta pertsona guztien duintasuna aktiboki» defendatzera.

Ostiralean izango da Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, eta plataformak gaur aurkeztu ditu aurtengo manifestua eta Pobreziaren eta Bazterketaren Aurkako Asteko egitaraua. This is England filma ikusiko dute gaur Trueba zinema aretoetan. Etzi, berriz, Showkrazia edo Demokrazia? bertso saioa egingo dute Lugaritz kultur etxean, Alaia Martin eta Aner Peritz bertsolariekin. Ostiralean, pobrezia desagerrarazteko egunean bertan, eskuin muturraren gorakadaren aurkako protesta ekintza bat egingo dute.

Hamabi gizarte erakundek osatzen dute gaur egun Zero Pobrezia plataforma. Amaia Diaz Unzu eta Iñigo Odriozola Beitia bozeramaileek aurkeztu dute aurtengo manifestua, Trumpen showa eta demokraziaren krisia izenburupean. Ohartarazi dute demokrazia «arriskuan» dagoela, eta horren adibide dela Trump «munduko politikaren erdigunera» itzuli izana. Salatu dute AEBetako presidentearentzat politika «ikuskizun bat» dela, gobernu kudeaketa bat baino: «Zirku mediatiko bateko zeremonia maisu gisa, publikoaren arreta trikimailuekin maneiatzen du, distrakzioa, gehiegikeriak eta konfrontazioa baliatuz; bitartean, oihalaren atzean, bere herrialdeari eta munduko ordenari sakonki eragiten dieten erabakiak hartzen dira». Are, Diazek eta Odriozolak adierazi dute Trumpen «diskurtso autoritario, arrazista, misogino eta kolonialak» arriskuan jartzen dituela giza eskubideak, justizia soziala eta mundu osoko demokrazia.

Gazako genozidioa

«Olatu global batean norabidea markatzen du», adierazi dute. Izan ere, salatu dute eskuin muturra areagotzen ari dela mundu osoan, eta Trump «erreferente» bihurtu dela «askatasun demokratikoak sistemaren barrutik ahultzen dituztenentzat». Gehitu dute Israelek Palestinan egindako genozidioa dela «autoritarismo demokratiko horren egungo adierazle nagusia», eta joera horrek isla duela hainbat herrialdetan, hala nola Espainian, Frantzian, Belgikan eta Argentinan.

Gorroto delituen gorakadaz ere ohartarazi dute Diazek eta Odriozolak: «Gorroto diskurtsoak gure kaleetan edo institutuetako ateetan ere badaude». Zera egiten dute horrelako jarrerek: «Antifeminismoa, arrazakeria eta LGTBIfobia» sustatu, «oinarri demokratikoak» desmuntatu, «instituzio, hedabide eta gizarte erakundeei» eraso egin, desinformazioa zabaldu, eta «polarizazio soziala» areagotu. «Beldurra botere tresna bihurtzen dute», zehaztu dute.

«Eskuin muturraren aurrerapenak eragin zuzena du pobreziaren aurkako borrokan eta desparekotasunaren gorakadan, eskubide sozialak murriztu, oinarrizko zerbitzuak pribatizatu, migratzaileak kriminalizatu, edo klima larrialdia ukatu egiten duelako», salatu du plataformak. Horiek horrela, ezinbestekotzat jo dute herritarrei tresnak ematea gezurrak detektatzeko eta haurtzarotik pentsamendu kritikoa sustatzeko, eta, era berean, herritarrak muturreko diskurtsoaren eraginari buruz informatzea eta horretaz kontzientziatzea. Are, gizarteari dei egin diote giza eskubideen alde mobiliza dadin eta administrazioei mugimendu horiek geldiarazteko eska diezaien.

POBREZIAREN ETA BAZTERKETAREN AURKAKO ASTEA

  • Urriak 14, asteartea. This is England filma ikusiko dute gaur 19:30ean, Trueba zinema aretoetan. Jatorrizko bertsioan izango da, gaztelaniazko azpidatziekin. Solasaldi bat egingo dute gero, autoritarismoei, eskuin muturraren gorakadari eta horiek demokrazian duten eraginari buruz hausnartzeko. Sarrera doakoa izango da, baina ezinbestekoa da gonbidapena eskuratzea www.kresalazinekluba.com webgunean.
  • Urriak 16, osteguna. Alaia Martin eta Aner Peritz bertsolariek Showkrazia edo Demokrazia? bertso saioa egingo dute 19:00etan, Lugaritz kultur etxean. Imanol Artola Felix ariko da gai jartzaile lanetan. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte.
  • Urriak 17, ostirala. Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Zero Pobrezia plataformak eskuin muturraren gorakadaren aurkako protesta ekintza bat egingo du. Ez dute xehetasun askorik eman nahi izan. Adierazi dute eskuin muturraren gorakadaren aurka protesta eginez esnatuko dela Gipuzkoako hiriburua, demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala aldarrikatuz. Horrez gain, jakinarazi dute hiriko autobus guztiek plataformaren kartel bat eramango dutela, «aldarrikapen guztiak donostiarrei hurbiltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.