Petronorrek ingurumen baimen guztiak betetzen dituela dio Unzaluk

Petronorren Muskizko findegiari ingurumen baimen bateratua eman izana defendatu du Eusko Jaularitzak

ainara arratibel gascon
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Pilar Unzaluk baieztatu du Petronorren Muskizko findegiak (Bizkaia) ingurumen baimen guztiak betetzen dituela. «Bai gas isurien mugak eta bai gainerako protokolo eta baldintzak kontuan hartuta, baldintzak batetzen ditu», adierazi zuen atzo Unzaluk, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen batzordean.

Aralarrek eskatuta egin zuen agerraldia Unzaluk. Bertan, azaldu zuen, osasun arduradunek egindako neurketak kontuan hartuta, plantaren jarduerak ez duela osasunean kalterik eragiten. «Horrek ez du bermatzen gorabeherarik izango ez denik, baina ez da beharrezkoa bestelako neurririk hartzea».

Petronorren findegiaren baimen bateratua aspalditik izan da ezbaian. Eusko Jaurlaritzak 2008ko maiatzaren 6an erabaki zuen Petronorri ingurumen baimen bateratua ematea. Ordea, lizentzia hori ez zen behin betikoa, baldintza batzuk betetzearen araberakoak baizik. Hamasei neurri zuzentzaile hartu behar izan zituen, eta 1,1 milioi euroko aseguru bat eta 50.000 euroko berme bat garantizatu. Hartu behar zituen neurrien artean zeuden erabilitako uraren lehengoratzea hobetzea, usain txarrak eragiten dituzten guneen inbentarioa egitea eta gas isurien kontroletan neurri zorrotzagoak ezartzea.

Petronorrek sei hilabete zituen horretako. Baina iazko apirilera arte, Ingurumen Sailak ez zion behin betiko baimena eman Petronorri. Jaurlaritzaren arabera, orduan frogatua zegoen ingurumen baldintzak betetzen zituela.

Bitarte horretan, bai Muskizko udalak eta bai Abantokoak jardutzeko baimena eman zioten Petronorri. Baina Koke Plantaren Aurkako Plataformak eta Meatzaldea Bizirik taldeak helegiteak jarri zituzten baimen horien aurka.

Aurtengo otsailean administrazioarekiko auzietarako Bilboko Epaitegiak baliogabetzat jo zuen Abantoko Udalaren baimena. Epaiaren arabera, Petronorrek ez zituen beteak aurrez Eusko Jaurlaritzak ezarri zizkion baldintzak. Ez zituen aurkeztu agindutako txostenak; edo, behintzat, ez zegoen frogatuta aurkeztu zituenik.

Aralarrek baldintza horiek betetzen diren argitu nahi izan zuen, eta horregatik eskatu zuen Unzaluren agerraldia. Hark bere sailak hartutako erabakia defendatu zuen atzoko agerraldian.

Muskizko baimena, auzitan

Muskizko Udalak emandako jarduera baimena ere epaitegietan dago. Gonzalo Riancho alkateak atzo bertan Bizkaiko Hitza-ri adierazitakoaren arabera, Europako Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak oniritzia emanda, udalak onartzea besterik ez dauka. Haren aurka egon arren, koke plantaren obrak hasteko baimena eman izanari dagokionez, Rianchok dio uko egitea prebarikazioa izango zela, eta gobernatzean gustuko ez diren gauzak ere sinatu behar izaten direla. «Udalak ahal zuen guztia egin zuen hala ez izateko». Gainera, uste du Petronorren instalazioek «puntako teknologiak» dauzkatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.