Petronorreko istripu baten eraginez, bentzeno maila handia dago Muskizen

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du «segurutzat jotako mugen barruan» dagoela isuria, eta ez die gomendio berezirik egin herritarrei.

Petronorrek Muskizen duen findegia, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Petronorrek Muskizen duen findegia, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2025eko abenduaren 8a
11:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du «ohi baino bentzeno maila handiagoa» dagoela Muskizko San Julian auzoan (Bizkaia), Petronorren izandako istripu baten ondorioz, baina «segurutzat» hartzen diren kopuruen barruan dagoela. Istripua ostiralean izan zen, baina Jaurlaritzako Osasun Sailak handik bi egunera egin du ohartarazpena, igande gauean.

Petronorren findegiko gasolina tankeetako batean gertatu zen istripua. Osasun Sailak jakinarazi duenez, arazo bat izan zen tankeko sabai flotatzailean, eta erregaiaren parte bat sabaiaren gainaldera pasatu zen. Horrek gai kutsagarriak isurtzeko arriskua zekarrenez, enpresak SOS Deietara deitu zuen. 

Hain justu, San Julian auzoko neurgailuan antzeman dute airearen kalitatea kaltetuta dagoela: ohi baino bentzeno kantitate handiagoa dago, nahiz eta, Osasun Sailaren arabera, «osasun publikorako segurutzat jotzen diren mugen barruan» dauden. Izatez, Jaurlaritzak ez du segurtasun edo osasun gomendiorik igorri hango bizilagunentzat. Gainerako neurgailuetan ez dute aldaketa nabarmenik antzeman. 

Era berean, Osasun Sailak ziurtatu du Petronor «hasiera-hasieratik» ari dela aplikatzen segurtasun protokoloek dakartzaten neurri zuzentzaileak, «lurrunketa minimizatzeko eta egoera ahalik eta azkarrena konpontzeko». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, Ingurumenekoa eta Osasunekoa ere jarraipen «zehatza» egiten ari dira, besteak beste, airearen kalitateari buruzko datuak monitorizatuz eta berariazko laginak hartuz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.