Arazo ezaguna ez bada ere, PFAS substantzien kutsadura eragin handia izaten ari da gizakien osasunean. Substantzia perfluoralkilatuen eta polifluoralkilatuen laburdura da PFAS, eta betirako substantzia kimikoak ere esaten zaie, oso molekula egonkorrak direnez ia suntsiezinak direlako. Ingurumenean finkatu eta irauten dute, baita izaki bizidunetan ere, eta minbiziekin eta urdaileko arazoekin lotzen dira, besteak beste. Bada, Europako Batzordeak eskatutako ikerketa batek ondorioztatu du arazoari errotik heltzea kalteak konpontzea baino askoz merkeagoa dela. Zehazki, Europako Batasunean 110.000 milioi euro aurreztuko lirateke arazoaren iturrira jota, gaur egundik 2040ra bitartean.
Trinomics, WSP eta Ricardo aholkularitza enpresek egindako ikerketan azaldu dutenez, kutsadura horren kontra egiten ez bada, 2050era bitartean 440.000 milioi euro gastatuko ditu Europako Batasunak. Izan ere, gauza askorekin gertatzen den moduan, kalteak arintzea baino garestiago ateratzen da arazoak errotik konpontzea. Adibidez: kalkulatu dute Europako Batasunean PFASek kutsatutako ura tratatzeak soilik bilioi bat euroko kostua izan dezakeela.
Gainera, ikertzaileek azaldu dute kostuak handiagoak izango direla, ez baitituzte kontuan hartu kutsatzaile horiek ingurumenean eragiten dituzten kalteak. Izan ere, ez dute lortu zenbatzea substantzia horiek zer-nolako kalte ekonomikoa eragin dezaketen ekosistemetan.
Ikerketan lau egoera hipotetiko simulatu dituzte, kutsatzaile horien kontrako ekintza ezberdinetan oinarrituta: lehen ekintza da substantzia horien kutsaduraren kontra ezer ere ez egitea, eta azkena, berriz, PFASen erabilera guztiz debekatzea. Hala ere, ohartarazi dute gaur egun araututako PFASen kutsaduran oinarrituta egin dutela ikerketa; hau da, ez dituzte kontuan hartu oraindik gutxi ikertu diren PFASak. Izan ere, 10.000 PFAS substantzia mota baino gehiago daudela kalkulatzen da, eta oraingoz soilik hamar substantziaren toxikotasuna ezagutzen da ondo.
Erabilera mugatzeko urratsak
Gizakiek gehienbat elikaduraren bitartez pilatzen dituzte PFASak gorputzean; bereziki, edateko uretik. Ezaguna da sukaldeko tresna batzuek PFASak askatzen dituztela, estaldura berezi batzuk dituzten zartaginek bereziki. Hala ere, kutsadura gehiena industriek, zabortegiek eta suteak itzaltzeko aparrek eragindakoa da; kutsagarri horiek beren bidea egiten dute, eta erreketan eta akuiferoetan pilatzen dira. Eta gero, gizakien gorputzean, besteak beste. Esaterako, EHUk egindako ikerketa batean ikusi zuten Gipuzkoako adingabe askoren odolean substantzia horiek zeudela.
Europako Batasunak urteak daramatza PFAS mota batzuk arautzen: substantzia kimiko batzuk erabiltzea guztiz debekatu du, eta beste batzuk mugatu egin ditu, ur hornidura osasuntsuago bat lortzeko. PFOS, PFOA, PFHxS eta antzeko beste batzuk jada debekatuta daude, eta 2024. urteko irailetik aurrera, PFHxA substantzia ere bai. Horrez gain, 2024ko irailean onartu zuten jakien erabilera bakarreko ontzietan PFAS guztiak debekatzea.
Suteak itzaltzeko aparretan ere PFASak erabiltzea debekatu du Europako Batasunak, eta, ur garbia lortzeko direktibarekin, litroko 100 nanogramora mugatu dute hogei PFAS substantzia jakinen kutsadura. Gainontzeko PFASen kutsadura, berriz, litroko 500 nanogramora dago mugatuta.
Horrez gain, Alemania, Danimarka, Herbehereak, Norvegia eta Suediaren ekimenez, 2022tik hona PFASak guztiz debekatzeko proposamen bat mahai gainean dago. Bide horretan, Europako Batzordeak Substantzia eta Nahasketa Kimikoen Europako Agentziari helburu hori lortzeko aurretiazko ikerketak egiteko eskatu dio, eta espero da 2026aren amaieran argitaratzea emaitzak.
Dena, baina, ez da horren polita. Forever Lobbying Project izeneko egitasmo batek urtebetez ikertu zuen PFASak ekoizten dituzten enpresak, eta ondorioztatu zuten industria horrek ikerketa batzuk ordaindu dituela urteetan produktu kimiko horien kalteak ezkutatzeko.