Gainbehera denean: irakurmenean, zientzietan eta matematikan. Hego Euskal Herriko ikasleek PISA proban ateratako noten berri jakinarazi zuten pasa den astean, eta emaitzek harrabotsa eragin dute. Baina zer dago emaitza horien atzean? Zein arrazoi daude inoiz baino emaitza txarragoak lortzeko? Irakurtzeko ohituraren galera, pantailen erabilera, diziplina falta, irakasleen rola, metodologiak... Baten eta bestearen ahotan dabiltza, baina ñabardura egin du Mondragon Unibertsitateko Huezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle Paula Alvarezek: «PISAk argazki bat eskaintzen du, une jakin batekoa. Haren helburua testuinguru oso desberdinetako hezkuntza sistemak alderatzea da. Orduan, diseinu hori edukita, PISAk ez du modurik ematen kausalitatea aztertzeko».
«Kausalitatea» ez, baina bai «hipotesiak»: «Sistema eta gizarte mailan hainbat egon daitezke: irakurketa ohitura berriak, digitalizazioa, pandemiaren eragina... Horiek denek justifikatzen dute beherakada nolabait». Gainera, uste du ezin zaiela PISAko emaitzei bakarrik erreparatu hezkuntza sistema oso bat aztertzeko: «PISAn ikusi da ikasleek zailtasun handiagoak dituztela testu luzeak irakurtzeko eta ulertzeko. Uste dut ikerketak egin beharko genituzkeela, gure testuinguruan, benetan ikusteko zer ari den gertatzen irakurketarekin. Gainera, PISAko datuak sakon aztertu beharko genituzke, eta gero, beste datu batzuekin gurutzatu, adibidez, ISEIren ebaluazioekin».
Dena dela, gauza bat argi da: PISAk ez die berdin pisatzen ikasle guztiei; gainbehera, malda, pikoagoa da batzuentzat besteentzat baino, eta zenbait aldagaik eragiten dute.
1
ISEK Indize Sozioekonomiko eta Kulturala
Zientzietako probak aztertu dituzte. Batez beste, ISEK maila sozioekonomiko eta kultural handiena duten ikasleek ISEK apalena dutenek baino 58 puntu gehiago atera dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, 74 puntu gehiago. Hortaz, ikasle aberatsen eta pobreagoen arteko aldea handiagoa da Nafarroan. Dena dela, biak ala biak Europako Batasuneko batezbestekotik nahiko behera daude, 94 puntukoa baita. Aurreko PISAn matematikako proben emaitzak jakinarazi zituzten; beraz, ez dago alderaketa zuzenik egiterik.Â
Oro har, autonomia erkidego osoari erreparatuta, Nafarroako ikasleek haien testuinguru sozial eta ekonomikoari erreparatuta espero ziren emaitzak atera dituzte; aldiz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek, espero baino nota txarragoak. Baina, Alvarezen irudiko, ez dira PISAren emaitzak baliatu behar «errudunak» seinalatzeko: «Garrantzitsua da ebaluazio hauek ez erabiltzea errudunak seinalatzeko, baizik eta aztertzeko zer egin dezakegun hobetzeko, eta, batez ere, ikusteko non jarri behar diren baliabideak. Agian, errefortzu handiagoa jarri behar dira ikastetxeetan. Zenbait programa baditugu, baina, ikusten badugu joera bat badagoela eta joera hori errepikatu egiten dela, estrategia bat izan daiteke».Â
PISAren txostenean ez dira zenbait datu ageri, baina Esade Ec Pol zentroak eta Save the Childrenek txosten bat egin dute PISAren mikrodatuak ikertuta, eta zenbait ondorio atera dituzte. Nork egin du gehien atzera, aberatsenek ala ikaslerik zaurgarrienek? Ikasleak lau kuartiletan banatu dituzte: lehenengo kuartilekoak ikaslerik behartsuenak dira; laugarren kuartilekoak, berriz, aberatsenak. Hauek emaitzak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, lehenengo kuartilekoek 30 puntu egin dute behera irakurmenean; bigarren kuartilekoek, berriz, 39 puntu; hirugarren kuartilekoek, 59 puntu; eta laugarren kuartilekoek, 50 puntu. Alegia, ikaslerik aberatsenen notak jaitsi dira gehien. Nafarroan ez dago hainbesteko alderik: 36, 37, 29 eta 31 puntu galdu dituzte, hurrenez hurren.
Horretaz gainera, ondorioztatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasleek irakurmenean lortzen duten notaren %3,8 dagokiola ISEK mailari —2022an, %11,2—, eta Nafarroan %7,2koa dela ehunekoa —2022an, %6,1—. Hots, ikaslearen maila sozioekonomikoak, pobreagoa ala aberatsagoa izateak, Nafarroan gehiago baldintzatzen ditu emaitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino.
2
Jatorria
Jatorriak ere badu eragina PISAn lortutako emaitzetan. Aztertutako hiru gaitasunetan atzerrian jaiotako ikasleek bertan jaiotakoek baino puntu gutxiago lortu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 46 puntu gutxiago zientzietan; irakurmenean, 33 gutxiago; eta matematikan, 51 gutxiago. Halatsu Nafarroan ere: atzerrian jaiotakoek bertan jaiotakoek baino 39 puntu gutxiago dituzte zientzietan; irakurmenean, 26 gutxiago; eta matematikan, 50 gutxiago.
Aurreko PISArekin alderatuta, bertan eta atzerrian jaiotako ikasleen arteko aldea murriztu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aldiz, jatorriaren araberako aldea areagotu egin da Nafarroan.
Esade Ec Pol zentroaren eta Save the Childrenen txostenak gehiago aletu ditu migratzaileen eta bertan jaiotakoen emaitzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, irakurmenean, 33 puntu gutxiago atera dituzte migratzaileek bertan jaiotakoek baino; alta, ISEK maila bereko migratzaile bat eta bertan jaiotako bat konparatuta, aldea askoz txikiagoa da: 13,5 puntukoa. Maila sozioekonomikoak badu, beraz, eragina. Nafarroan bada datu esanguratsu bat: oro har, migratzaileek bertan jaiotakoek baino 26,2 puntu gutxiago atera dituzte; alabaina, ISEK maila bereko migratzaile bat eta bertan jaiotako bat alderatuz gero, migratzaileak zazpi puntu gehiago lortu ditu.
3
Sarea
Sare publikoa eta itunpekoa; horiexek dira nagusi Hego Euskal Herrian. Pribaturik ia ez dago: Hego Euskal Herriko ikasleen %55ek eskola publikoan ikasten dute, eta gainerako %45ak, itunpekoan. Hiru aztergaietan itunpeko sareko ikasleek nota hobeak atera dituzte eskola publikokoek baino. Esaterako: Nafarroan, eskola publikoetako ikasleek itunpekoetakoek baino 53 puntu gutxiago lortu dituzte irakurmenean; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, sare publikokoek zientzietan 35 puntu gutxiago lortu dituzte itunpekoetakoek baino. Aurreko PISArekin alderatuta —2022koarekin—, gaitasun guztietan handitu da eskola publikoaren eta itunpekoaren arteko aldea.
Kontuan hartu beharra dago sare batak eta besteak hartzen dituen umeen tipologia, eskolatzea ez baita orekatua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sare publikoak hartzen ditu maila sozioekonomiko baxuko ikasleen %70. PISAk kalkulua egin du, eta, Hego Euskal Herrian, ikasleen eta ikastetxeen ISEK maila alde batera utzita ere, itunpeko eskolek emaitza hobeak lortu dituzte.
4
Sexua
Oro har, mutilek neskek baino emaitza txarragoak atera dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 11 puntu gutxiago zientzietan eta 36 gutxiago irakurmenean. Alta, bost puntu gehiago lortu dituzte matematikan. Antzera Nafarroan ere: neskek emaitza hobeak lortu dituzte zientzietan —zortzi puntu gehiago— eta irakurmenean —32 gehiago—; aldiz, mutilak finago ibili dira matematikan —bederatzi puntu gehiago—.
Badago aldea azken PISAtik, 2022kotik. Orduan, mutilek neskek baino emaitza hobeak zituzten matematikan ez ezik baita zientzietan ere. Zer gertatu da harrezkero? Kontua ez da neskek emaitzak hobetu dituztela, baizik eta mutilen emaitzak neskenak baino gehiago kaskartu direla.
Dena den, OCDEk —hura arduratzen da PISA egiteaz— ez ditu emaitzak sexu baten edo bestearen «berezko gaitasunekin» lotzen, ezpada «testuinguru sozialarekin eta kulturalarekin»; auzi kulturala da, beraz, eta, oraingoan, mutilen kalterako.
5
Errepikapena
Ikasleek mailaren bat errepikatzen ote duten edo ez ere aztertu dute —PISAk 15 urteko gazteak hartzen ditu kontuan—. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, itunpeko eskoletan, hamar ikasletik ia batek mailaren bat errepikatu izan du noiz edo noiz; publikoetan, berriz, hamarretik ia bik. Nafarroan kopuruak altuagoak dira: hamarretik ia bik errepikatu dute itunpekoan; publikoan, lautik batek.
Emaitzei erreparatuta, hiru konpetentzietan nota hobeak ateratzen dituzte errepikatu ez duten ikasleek errepikatu dutenek baino: Nafarroan, matematikan, errepikatu ez dutenek errepikatuta dutenek baino 97 puntu gehiago atera dituzte; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 91 gehiago. ISEK maila alde batera utzita, beti puntuazio hobea dute errepikatzaileak ez direnek.
Baina nork errepikatzen du? Esade Ec Polen txostenak beste datu argigarri batzuk ere azaleratu ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, irakurmenean eta zientzietan konpetentzia maila berbera edukita ere, ISEK maila baxueneko ikasle batek ISEK maila altueneko batek baino sei aldiz aukera gehiago ditu ikasturteren bat errepikatzeko; Nafarroan, bederatzi aldiz gehiago.
ISEK mailak ez ezik, jatorriak ere badu eragina errepikatzeko orduan, migratzaileen kalterako: irakurmenean eta zientzietan gaitasun berbera izanda ere, Nafarroan, jatorri atzerritarreko ikasle batek zazpi aldiz aukera gehiago ditu errepikatzeko bertan jaiotako batek baino; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru aldiz gehiago.
6
Pantailen erabilera
Pantailak. Etsaiak dira batzuentzat; panazea besteentzat. Esade Ec Polek pantailen erabilera ere izan du aztergai. Hor ere bada aldea. Ikasgela barruan, ikasle aberatsenen —laugarren kuartilekoen— %28k aitortu dute ikasgela barruan telefono mugikorra erabiltzen dutela; ikasle pobreenei galdetuta, berriz, %36k erabiltzen dute mugikorra ikasgelan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere fenomeno bertsua gertatzen da: ikasle aberatsenen %36k eta pobreenen %46k erabiltzen dute. Ikasgelatik kanpo, erabilera askoz hedatuago dago: hamar ikasletik bederatzik aitortzen dute erabiltzen dutela; ez dago alde handirik ikasle pobreenen eta aberatsenen artean, nahiz eta maila sozioekonomiko hobea dutenen artean gehiagok erabiltzen duten.
Adimen artifiziala ere ikasgelako mahaietan eseri da aspalditxoan, ikasleen ondoan, eta askok lagun dute etxerako lanak egiteko ere. Hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasle aberatsenen %48k eta pobreenen %45ek gutxienez astean behin erabiltzen dute testuak laburtzeko eta lanak idazteko; Nafarroan, berriz, %40k eta %33k, hurrenez hurren.
7
Baliabideak
Testuinguruak eragin zuzena du emaitzetan, eta, batez ere, baliabideek. PISAk horiek ere aztergai izan du. Besteak beste, ikastetxeetako zuzendaritzek gabezia materialez eta pertsonalez duten pertzepzioa aztertu dute: Hego Euskal Herrian, eskola publikoetako zuzendaritzei itunpekoetakoei baino gehiago iruditzen zaie gabezia materialak eta langile falta dituztela.
8
Bestelako aldagaiak
Ikasleei ere galdetu diete, besteak beste, irakasleengandik jasotzen duten «babesaz». Sexuari erreparatuta, mutilek neskek baino babes handiagoa jasotzen dutela uste dute, eta ikasle zaurgarrienek ere zaurgarriak ez direnek baino babes handiagoa hautematen dute. Eskolako giroaz galdetuta, oro har, neskek giro hobea ikusten dute mutilek baino, eta zaurgarriak ez direnek giro hobea ikusten dute zaurgarriek baino. Horrekin lotuta, eskola jazarpena: mutilek arrisku handiagoa dute eskola jazarpena pairatzeko neskek baino, eta ikasle zaurgarriek arrisku handiagoa dute zaurgarriak ez direnek baino.
Eskola absentismoaz ere galdetu diete; hots, ea PISA probak egin aurreko bi asteetan gutxienez eskola bat edo egun oso bat galdu ote zuten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, mutilen %21,5ek eta nesken %23,9k onartu dute gutxienez eskola ordu batera ez direla joan; Nafarroan, berriz, mutilen %33,7k eta nesken %35,7k. Aldagai honi dagokionez ere, ikasle zaurgarrienak kalteberagoak dira: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasle txiroen %33,7k onartu zuten ez zirela eskolara joan; ikasle aberatsenen artean, berriz, %16,2k. Joera antzekoa da Nafarroan: %42,8 eta %33 dira, hurrenez hurren. Dena den, Hego Euskal Herria Europako Batasuneko batezbestekotik behera dago eskola absentismoari dagokionez.