Udaltzaingoa. Armen erabilera

Pistolak ezar dezake distantzia

Eusko Jaurlaritzak prest du udaltzaingoetan suzko armen erabilera orokortzeko dekretuaren zirriborroa, eta harekin «pozik» dira zenbait polizia sindikatu. Badira, ordea, kontrako iritziak ere; polizia eredu komunitario baterako bidean kalteak eragin ditzakeela nabarmendu dute horiek.

Udaltzain talde bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Udaltzainek beharrezko dituzte suzko armak euren jardunean? Zenbait polizia sindikatu baiezkoan daude, eta auzitara ere jo dute hala izan dadin. Eusko Jaurlaritzak ere egin ditu urratsak bide horretan, eta Segurtasun Sailak prest du arma horien erabilera arautzeko lege dekretuaren zirriborroa. Badira, baina, erabakiaren kontrako ahotsak, udaltzainen eta herritarren arteko harremanetan izan dezakeen eragina dela medio. «Udaltzaingoak Ertzaintzaren fotokopia bilakatzeko hamaikagarren urratsa da hau», salatu du LABek, dekretuaren zirriborroa hizpide duela.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 81 udaltzaingo daude, eta horietatik 38k erabiltzen dituzte suzko armak eguneroko jardunean; agenteei erreparatuta, baina, %80 inguru dira. Hau da, udalerririk handienetan jada ohikoa da udaltzainek pistolak eramatea. Halere, badira salbuespenak. Besteak beste, Arrasate, Hernani, Tolosa, Zarautz (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia)... Oraintsu arte, baita Eibar (Gipuzkoa) ere. Kasu hartan, baina, EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenek armen erabilera ezartzera behartu dute udala, PLES polizia sindikatuaren salaketa bat dela medio. Salaketak jarri dituzte Tolosan eta Bergaran(Gipuzkoa) ere, eta gehiago jartzeko asmoa adierazi dute PLES zein ERNE sindikatuek, armak udaltzaingo guztietara zabaltzeko.

Badira, baina, armek udaltzainen eta herritarren arteko harremanetan eragin negatiboa izan dezaketela hizpidera ekarri dutenak. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren esanetan, armen hornikuntza arautu behar da, baina horrek ez du horien zabalkunde bat ekarri behar. Argudiatu du ez dagoela ikerketarik armak gainean eramatearen «efikazia» frogatzen duenik, eta galdera bat bota du: «Polizia komunitario baterako bidean laguntzen du honek, edo urrundu egiten du?». Izan ere, hark uste du «bestelako polizia eredu bat» martxan jartzea trabatu dezakeela neurri horrek.

Kritika horrekin bat egiten du LAB sindikatuak: «Udaltzainak herritarrengandik aldentzeko eta euren desintegraziorako erabateko apustua da». Izan ere, salatu du Eusko Jaurlaritza «funtzionatzen ez duen eta arazoak besterik ematen ez dituen» eredu bat indartu nahian ari dela, «itsu-itsuan», eta Segurtasun Sailari leporatu dio Ertzaintzan dituen arazoak udaltzainak «kontrolatuz» konpontzen saiatzea: «[Segurtasun sailburu Josu] Erkorekak bere etxean, Ertzaintzan, dituen arazoak konpontzeko gaitasunik izan ez eta besteen etxeetan, udaletan, arazoak sortzen jarraitzeko bere erabakian tematuta jarraitzen du».

Jarrera hori ikusirik, sindikatu abertzaleak «herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan» oinarritzen den eredu bat eskatu du: «Kalitatezko segurtasun publikoaren bidean, Euskal Polizia proaktiboa, jendartean integratua, jendartearen beharrei erantzungo diena eta berdintasun balioetan oinarriturikoa abian jartzeko».

Eube Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko presidente Estepan Goioagak, ordea, uste du armen aferak ez duela eragingo agenteen eta herritarren arteko harremanetan: «Herritarrengandik hurbiltzen edo urruntzen gaituena esku hartzeetan dugun jarrera da. Bizkaian oso zabalduta dago [pistola eramatea], eta ez da ikusten udaltzaingoa zerbait arrotza balitz bezala. Jendeak uniformea ikusten du, eta ez ea zer dagoen uniforme horretan».

«Euskadin nahiko orokortua dago pistola erabiltzea, baina ateratzen duzunean, azalpen asko eman behar dituzu. Hauek ez dira AEBak», adierazi du Eubeko presidenteak, argudiatuta Arabako eta Bizkaiko udaltzaingo gehienek jada erabiltzen dituztela suzko armak —Gipuzkoan, sei udalerritan soilik erabiltzen dituzte—. Hala, Goioagaren esanetan, «arriskua» ez da armak soinean izatea, haiek oker erabiltzea baizik. Halakoak eragozteko asmoz, dekretuaren zirriborroak zehazten du agentearen edo hirugarren pertsonen «bizitzarentzat edo osotasun fisikoarentzat arrisku arrazionalki larri bat» edo «herritarren segurtasunerako arrisku larri bat» dagoen kasuetan soilik erabil daitezkeela; betiere, «egokitzapen, behar eta proportzionaltasun printzipioak» kontuan hartuta. Hau da, «muturreko neurri bat» da.

Horiek hala, Goioagak «beharrezkotzat» jo du dekretua, EAEko Poliziaren Legea garatu eta suzko armen erabilera arautzeko, nahiz eta litekeena den agenteek arma horiek «oso gutxi» edo «inoiz ez» erabiltzea. Haren hitzetan, ezin da jakin «gertaera kritiko bat edo arma beharrezkoa den gertaera bat» noiz jazoko den, eta, halakorik iristean, aferak arautua egon behar du udalerri guztietan.

PLES eta ERNE polizia sindikatuen arabera ere, kaleko jarduera oro armekin egin beharko lukete udaltzainek, eta pistolak soilik ez, taserrak eskura jartzeko ere eskatu dute. Azken horiei buruzko aipamenik ez da egiten Segurtasun Sailak prestatutako zirriborroan, baina bai eguneroko «segurtasun eta zaintza zerbitzuetan» udaltzain guztiek «suzko arma motz bat» erabiltzeko betebeharrari buruzkoa: zehazki, bederatzi milimetroko parabellum kalibreko pistola bat eraman beharko dute, hamahiru balako kargagailua duena. Beraz, bi polizia sindikatuak «pozik» azaldu dira zirriborroarekin.

Sindikatu horiek «arma zurien» erabilera igo izana jarri dute suzko armen aldeko diskurtsoaren erdigunean. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren esanetan, baina, azken urteetan nabarmen gora egin duten delitu bakarrak ziberdelituak dira. Goioagak ere azaldu du horiexek areagotu direla gehien, baina azaldu du bestelakoak ere presente daudela, «gorakada nabarmenik» ez bada ere; hau da, ez daude pandemia aurreko kopuruen gainetik.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaltzainen jarduna EAEko Poliziaren Legeak arautzen du, eta, haren arabera, agenteek armak erabiliko dituzte «polizia zerbitzuetan, bide publikoetako segurtasuna babesteko eta segurtasun eta zaintza zerbitzuak egiteko». Halere, alkateek erabaki dezakete «zer zerbitzu emango den armarik gabe», betiere, «funtzionarioen edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larririk ez badago». Hau da, orain arte, legeak zirrikitu bat ematen die udalei armak erabiltzea baztertzeko, nahiz eta auzitegiek orain kontrakoa adierazi.

Autonomiaren kontra

Dekretu berriarekin, baina, alkatetzen esku hartzeko aukera txikiagoa izango da, armarik gabe egin ahal diren lanen ezaugarriak asko finduko baititu, kasik bulegoko lanetara, ikastaro eta formakuntzetara eta protokolo jardueretara mugatuta. Izan ere, armarik gabe lan egin ahal izango dute udaltzainek, betiere, segurtasun lanetatik kanpo, ez badago udaltzainen edo herritarren «bizitza edo osotasun fisikoa» arriskuan jartzeko arriskurik, «delinkuentzia indizea beherantz» badoa eta udaltzaingoko buruzagitzaren onespen txosten bat badu.

Arzuagaren esanetan, horrek udalen «autonomia murriztea» eragingo luke, udalerri bakoitzaren egoera «asimetrikoa» kontuan hartu gabe, eta tokiko errealitatearen araberako azterketarik egin gabe. LABek ere udalen kontrako «erasotzat» jo du neurria, eta Udaltzainak eta Ertzaintza parekatzeko urrats bat gehiago dela salatu: «Aurrez, Ertzaintza eta Udaltzaingoen hautaketa prozesu bakarraren deialdiarekin, Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsarekin, agenteen deialdi bateratuarekin, Segurtasun Publikoaren Legearekin, Udaltzaingoen Koordinazioarekin... egin bezala».

Gainera, araudi berrira egokitzeko epeak ere ezarriko dizkie dekretuak udalei: armen orokortzea aplikatzeko urtebeteko epea ezarriko diete 5.000 biztanletik gorako udalei, eta bost urtekoa txikienei. Armez gain, gainerako «baliabide tekniko eta defentsiboak» ere eman beharko dizkiete udaltzainei: armarentzako zorroa eta munizioa, babeserako txalekoa, girgiluak, eskularruak, txistua eta «defentsa pertsonala»—hau da, borra bat—; eta armak gordetzeko espazio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.