Amiantoa

Plana bai, baina dirurik ez

Adavan amiantoaren biktimak laguntzeko Nafarroako elkarteak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ekin diezaiola, eta martxan jar dezala amiantoa ezabatzeko herrialdeko plan zuzentzailea. 2019an onartu zuten, baina ez dute garatu.

Adavan elkartearen mbilizazio bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne elizondo
2023ko urriaren 13a
13:23
Entzun

Epaiketa batek karrikara atera ditu Adavan amiantoaren biktimak laguntzeko Nafarroako elkarteko kideak: elkarretaratzea egin dute Iruñean —urriaren 5ean—, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean. Lizarrako Agni-BSH enpresako langile baten familiak jo du auzitara, lanean kutsatuta gaixotu zela aitor diezaioten. Amiantoak eragindako minbizia baten ondorioz hil da langilea.

2018. urtean sortu zuten Adavan, eta, geroztik, amiantoaren biktimen alde ari dira elkarteko kideak: auzitara jotzen dutenak bidean laguntzen dituzte; administrazioaren aurka indarra egiten dute, erakunde publikoek hartutako konpromisoak bete ditzaten; eta karrikara ateratzen dira, herritarrak amiantoaren arriskuez ohartarazteko.

Jose Manuel Bueno da Adavan elkarteko presidentea. Altsasuko Sunsundegi etxean egin du lan hainbat urtez. Amiantoak inguratuta aritu da urte horietan guztietan. Oraingoz ez da gaixotu, baina Damoklesen ezpata sumatzen du buru gainean. Izan ere, pertsona bat amiantoaren zuntza arnastu eta 30 urte ingurura gaixotu daiteke. Buenok badaki hori zer den, anaia bat galdu baitu amiantoak eragindako minbizi baten ondorioz. «Bi urtez aritu ginen auzitan; 2021eko urtarrilean onartu zioten epaileek amiantoak gaixotu zuela. Ordurako hilik zen».

Adavan elkarteko kide da Juan Antonio Castilla ere; amiantoa zegoen lantegi batean aritu da urte luzez, Bueno bezala. Elkartean buru-belarri ari da, gaixotu direnen alde, eta, batez ere, amiantoaren auzia erakunde publikoen agendetan sartzeko eragiten. Biktimek egindako presioaren ondorioz du Nafarroak amiantoa ezabatzeko plan bat, hain zuzen ere. Urrats hori, baina, ez da nahikoa plana diruz hornitu eta garatzen ez bada, eta bigarren pauso hori ez dutela eman salatu du Castillak: «Nafarroak badu amiantoa ezabatzeko plan bat, baina ez du deuserako balio administrazioak ez badu garatzen eta erabiltzen. Nafarroako Gobernua sekulako arduragabekeriaz ari da jokatzen. Ekin diezaiola, behingoz, amiantoa ezabatzeko».

Amiantoa, edonon

Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoan onartu zuen amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea, Nafarroako Parlamentuak 2017an egindako eskaerari erantzunez. 2017ko irailean, hain zuzen, parlamentuak mozio bat onartu zuen Nafarroako Gobernuari eskatzeko amiantoa ezabatzeko plana presta zezala, amiantoa dagoen tokien errolda eta mapa osatuz.

Gobernuak errolda eta mapa egin ditu, eta datuek agerian utzi dute amiantoaren auziak duen neurria: gutxienez, amiantoz egindako 6,3 milioi metro koadro estalki daude herrialdean, eta 566 kilometro hodi eta kanalizazio.

Amiantoa, egun, edonon dago, XX. mendean erruz erabili baitzuten eraikuntzaren esparruan, bertzeak bertze. «Merkea zen, eta hamaika esparrutan erabil zitekeen. Gerora jabetu gara dituen arriskuez», erran du Osasun Publikoaren eta Laneko Osasunaren Nafarroako Institutuko teknikari Teresa Ferrerrek.

Amiantoak, beraz, ez die bakarrik enpresa jakin batzuetako langileei eragiten, gizarte osoari baizik. 1970-1990eko hamarkadetan erruz erabili zuten mineral hori, eta 2002. urtera arte ez zuten debekatu. Lehenagotik jakina zen gizakien osasunarentzat kaltegarria zela, baina amiantoa bazter uzteko prozesua mantso joan zen.

Prozesu garestia

Amiantoz egindako fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka; XX. mendearen bukaeran erabilitako materialaren bizitza erabilgarria, beraz, agortzen ari da. «Amiantoaren auziak Europa osoa hartzen du», erran du Ferrerrek. Europako Parlamentuak 2013an onartu zuen amiantoaren arriskuei aurre egiteko ebazpen bat, eta, 2014an, urte hartako Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialak berretsi zuen 2032. urte bukaerarako Europako Batasunetik kanpo egon behar duela amiantoak. «Ebazpen horrek ez du derrigortzen, halere», zehaztu du Ferrerrek.

Nafarroako amiantoa ezabatzeko 245 milioi euro behar direla erran zuten Nafarroako Gobernuko agintariek 2019an, mineral horren inguruko plana aurkeztu zutenean. Dirua da, hain zuzen, plan hori indarrean ez jartzeko arrazoi nagusia; Adavan elkarteak salatu du amiantoa ezabatzeko plana ez dutela diruz behar bezala hornitu, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Laneko Osasunaren Institutuko teknikari Teresa Ferrerrek ere garbi du baliabide ekonomikorik eza dela zailtasun nagusia: «Plana onartu izana garrantzitsua da, baina dirua behar da; oraingoz, gutxi gastatu da», aitortu du teknikariak.

Amiantoa ezabatzeko prozesua, hain zuzen, ez da batere merkea. Lan horretan espezializatutako enpresek egin behar dute, derrigorrez. «Hagitz garestiak dira», berretsi du Ferrerrek. Haren ustez, Europak eman beharko lituzke amiantoa ezabatzeko laguntzak.

Arazoak herritarrei eragiten die, bizi diren eraikinetan edo lantegietan egon daitekeelako amiantoa; erakunde publikoei ere bai, azpiegitura publiko anitzetan ere egon badagoelako. Ferrerrek nabarmendu du Espainiako Kongresuak 2022. urtean onartutako hondakinen eta kutsatutako lurzoruen legeak udalak behartzen dituela amiantoa duten tokien errolda osatzera eta amianto hori ezabatzeko kudeaketa planak egitera. «Garrantzitsua da udalek lan hori egitea. Amiantoa duten eraikin publikoen errolda egin beharko lukete, hasteko; horretarako, laguntzak beharko dituzte», erran du Teresa Ferrerrek.

Kalte ordainen funtsa

«Hamaika bilera egin ditugu Nafarroako Gobernuko arduradunekin, eta Nafarroako Parlamentuan ere egon gara; beti erraten digute ez dagoela dirurik, baina guk garbi dugu arazo nagusia administrazioaren utzikeria dela. Eta hori hagitz larria da», nabarmendu du Adavan elkarteko Juan Antonio Castillak, haserre.

Baliabideak exijitu ditu herrialdean dagoen amiantoa ezabatzeko, bai eta amiantoak gaixotutako langileentzat ere. Espainiako Kongresuak, hain justu, amiantoaren biktimei kalte ordaina emateko funts bat onartu zuen, 2022ko urrian. Lege hori garatzeko erregelamendua, baina, oraindik ez dute egin. «Berandu ari dira, eta gaizki. Erregelamendua lantzen ari den batzordearen proposamena ez da nahikoa, epaileak ezartzen ari diren kalte ordainen azpitik baitago».

Castillak erran du amiantoak kalte egindako langileak artatzeko moduan zer hobetu badela; 2019an, amiantoak kalte egindako 3.200 langileko zerrenda osatu zuen Nafarroako Gobernuak. Egun, 2.400 daude. Adavanek garbi du kopuru hori motz gelditzen dela. Urtean behin azterketa medikoak egiteko eskatu dute, gainera, erradiazio baxuko ordenagailu bidezko tomografia axialak egiteko. «Garrantzitsua da gaitzari aurrea hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.