Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberak gaur arratsaldean emango du David Pla euskal preso ohiaren aurkako euroagindu eskaerari buruzko ebazpena. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen euroagindua, 2011n, Halboka taldeko kidea izatea egotzita —ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea, eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» leporatzen diete auzikoei—. Parisek berak esaten duen bezala, egon ez zen bilera batean egotea egozten dio Madrilek Plari.
Auzitegi Nazionalak aurkeztutako akusazioengatik, Frantziako Poliziak 2010eko apirilaren 16an atxilotu egin zuen Pla, Hendaian (Lapurdi), baina handik lau egunera aske geratu zen, epailearen aurretik pasatzeke, kargurik gabe. Madrilen akusazioak dio 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) etakide batekin bildu zela Pla —Mintxo bezala jo zuten—, baina Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak joan den irailaren bukaeran Dei Auzitegiko auzi saioan azaldu zuen Frantziak esaten duela gezurra dela Pla 2008ko hitzordu hartan egon zela; abokatuak zioen Frantziak ere egiaztatua duela Pla egun hartan Parisko kartzela batean zegoela, euskal preso baten bisitan. Hala ere, Parisko fiskala euroagindua onartzearen alde agertu zen iraileko saioan.
Pla azkeneko aldiz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Iratxe Sorzabalekin eta beste bi lagunekin batera. Espainiako polizia indarrek ETAren zuzendaritzako kidetzat jo zituen Pla eta Sorzabal. Frantziako Auzitegi Korrekzionalak aurtengo otsailean eman zuen bien epaia: bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Plari, eta zazpikoa Sorzabali. Epaimahaiak ETAko kide modura jo zituen biak, baina zuzendaritzakoak izan zirela ebatzi gabe. Pla aurtengo apirilean atera da kartzelatik (BERRIAri emandako elkarrizketa).
Parisek urtebetez Frantziako Estatuan bizitzeko debekua ezarri zion Plari, baina defentsak helegitea aurkeztu zuen Dei Auzitegian. Atzera bota zuten helegitea, baina euroaginduarena ebatzi artean debekuaren neurria ez gauzatzea erabaki zuten. Euroagindua ez bada onartzen, aukera bat da Parisek Pla Frantziako Estatuan konfinatzea. Egun, Hendaian bizi da euskal preso ohia.
Atzo Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat eman zuen Sorzabal euskal presoaren Espainiaratzea. Epaileek uko egin zioten haren torturez Luxenburgoko auzitegiari galdetzeari. Errekurtso posibleak aztertuko dituzte defentsa abokatuek.