Psikologoa

Maitane Ormazabal: «Plataformek edozein trikimailu psikologiko erabiltzen dute gu pantailara itsasteko»

Azaldu du sare sozialek eta teknologiek modu askotan eragiten dutela gazteengan, besteak beste plataformak adikzioa eragiteko diseinatuta daudelako, mundua haien bidez ezagutzen dutelako nerabeek, eta gurasoen autoritate figura lausotu egin delako.

Maitane Ormazabal psikologoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko otsailaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zabal aztertua du Maitane Ormazabal psikologoak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1979) nolako kaltea eragiten dieten sare sozialek gazteei; Telmo Lazkanorekin batera, Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian liburua ondu zuen 2023an. Halere, ohartarazi du helduen artean ere «sarraski ikaragarria» eragiten ari direla plataformak. «Itauna gizarte moduan planteatuko nuke: norantz joan nahi dugu?».

Nola eragiten dute sare sozialek nerabeen eta gazteen buru osasunean?

Sare sozialen inguruko begirada aldatu behar dugu: iruditzen zaigu guk produktu bat erabiltzen dugula, baina egiaz sare sozialek gu erabiltzen gaituzte, gu gara haien produktua; eta gehienbat, nerabeak. Izan ere, nerabezaroa garai berezia da: identitatea sortzen da, autoestimuak garrantzi handia du, gurasoengandik banatu eta mundua ezagutzera salto egiten dugu... Orain, mundua sare sozialen bidez ezagutzen dute, eta hor faktore askok eragiten dute psikologikoki. Sare sozialak nerabeen eta helduon jokabideak, pentsatzeko moduak eta emozioak aldatzen ari dira. Hortaz, pentsa zer izan daitekeen nerabezaroa, eremu txiki batean konbultsoa bada, eremu hori sare sozialen bidez milioika pertsonatara zabalduta; dena konplexuagoa da.

«Iruditzen zaigu guk produktu bat erabiltzen dugula, baina egiaz sare sozialek gu erabiltzen gaituzte, gu gara haien produktua; eta gehienbat, nerabeak»

Zein dira aipatu dituzun aldaketa horiek?

Gero eta gehiago ditugu nerabeak nerabezarorik gabe, eta haurrak haurtzarorik gabe. Enpresa hauen guztien jarduna arretaren ekonomian oinarritzen da: gure datuak, gure denbora eta gure atentzioa dira haien diru iturriak. Eta arretaz ari garenean, elkar entzuteaz ari gara, gizakitik gizakira begiratzeaz... Hori guztia ikaragarri aldatzen ari da, gure arreta osoa jarrita daukagulako sareen gehiegizko informazioan. Nerabeak ez dira ari euren bizi esperientziak bizitzen: lagunekin egoteko tarteak, porrotak, irakaspenak, egunsenti bat, kirola... Eta horiek gabe, erronka errealei aurre egiteko erremintarik gabe iristen dira helduarora.

Besteekin alderatzeko joera zer neurritan da kezkagarria?

Sare sozialetan bada hiperperfekzionismoa: bizitza idealak erakusten dizkigute, eta mentalki badakigu gezurra dela, baina emozionalki eragin egiten digu. Nerabezaroan, konparazioa da gure autoestimua apaltzen duten faktore garrantzitsuenetako bat; beraz, pentsa egun zer neurri hartzen duen sare sozialekin, bai fisikoki, bai sozialki, denbora guztian agertzen bazaizkigu argazkiak eta bideoak; ezinezkoa da horrek ez eragitea.

Nerabeen eta gazteen artean areagotzen ari den antsietatea horrekin lotuta dago, ezta?

Halako gaitzak multifaktorialak dira, baina gai hau zeharka agertzen da, giltzarri da ulertzeko zergatik areagotu diren antsietatea eta depresioa. Gurasook nahi dugu gure seme-alabak gure arrakastaren luzakin bat izatea, munduko onenak, eta, beraz, burbuila emozional batean sartzen ditugu. Hiperbabes horretan laguntzeko etorri dira teknologiak, haiek azkarrago ikas dezaten eta kontrolatuago izan ditzagun. Baina horrek berekin ekarri du bizitzako erritmoak ikaragarri azkartzea, baita haien barruan ere: hiperalertan bizi dira; nola ez dute antsietatea sentituko?

Aplikazioak, nolabait ere, horretarako diseinatuta daude, ezta?

Bai. Plataformek edozein trikimailu psikologiko eta teknologiko erabiltzen dute gu pantailara itsatsita egoteko. Ez baitaude komunikaziora bideratuta, baizik eta kontrakora: gure arteko komunikazioa eta intimitatea haustera. Eta hainbeste datu jasotzen dutenez egunero, oso ondo ezagutzen dituzte gure ahuldadeak; horien bidez erakartzen dute nerabeen arreta eta, logika algoritmikoen bidez, ahuldade gehiago gehitu. Horrek eragiten du antsietatea.

«Teknologiak sartu ziren helduok iritsi ezin ginen tokietara iristeko, eta hori akats bat izan da: teknologiak ezin du pertsona bat ordezkatu»

Halakoetan, gazteak hezteaz eta trebatzeaz hitz egiten dute adituek. Baina hezkuntza lan hori egin al daiteke sare sozialen erauntsiaren erdian, inertzia guztiak kontra edukita? Eta, aldi berean, debekua txarto ikusita dago.

Ez da batere erraza trebatzea. Gainera, ematen du helduok beldurra diogula mugak jartzeari; autoritate osasuntsu bat autoritarismoarekin nahastu dugu. Eta umeek eta gazteek mugak behar dituzte. Sanchezek iragarritako neurria, niretzat, ondo etorria da, fokua enpresen gain jartzen hasi delako; orain arte, gazteen gain egon da arreta batez ere, eta gurasoengan neurri txikiagoan. Baina sare sozialak ez dira teknologia neutro bat, auzia ez da soilik ondo edo gaizki erabiltzea: adiktiboak izateko diseinatuta daude.

Esan izan duzu gurasoen lekua hartu dutela pantailek...

Nekearen gizartean bizi gara: bizitza azeleratu egin zaigu, denborak ez digu ematen, nekatuta gaude... Teknologiak sartu ziren helduok iritsi ezin ginen tokietara iristeko, etxean zein ikasgelan, eta hori akats bat izan da: teknologiak ezin du pertsona bat ordezkatu; egin dezake lagundu, gizakiaren zerbitzuan egoteko diseinatuta badago, baina ez ordezkatu. Iruditu zaigu pantaila bat jarriz txikiak kontrolatuta dauzkagula isilik daudelako, baina helduon kontrola areagotzeko eginda dauden gauzek gazteen konfiantza murrizten dute. Nire ustez, harremanak dira gakoa: teknizismoetan galdu gara, metodologian, berrikuntzetan, baina loturarik ez badago, ez dute ezertarako balio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA