Telegrameko buruak ere adingabeei sare sozialak debekatzearen kontra egin du

Espainiako Gobernuaren neurriak datu bilketa «masiboa» dakarrela ohartarazi du Durovek, eta gorroto delituak tipifikatzeak «gehiegizko zentsura» eragingo duela.

Pavel Durov Telegramen sortzaileetako bat, artxiboko irudi batean. TECHCRUNCH
Pavel Durov Telegramen sortzaileetako bat, artxiboko irudi batean. TECHCRUNCH
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 5a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askori helduko zitzaien atzo mezu bat Telegramera, Pavel Durov mezularitza aplikazio horren sortzaileetako batek idatzitakoa. «Pedro Sanchezen gobernua arau arriskutsuak ari da bultzatzen, eta arau horiek mehatxupean jarriko dute Interneten duzuen askatasuna». Horrela hasi zuen mezua, eta kritikatu egin zituen herenegun Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako neurriak; besteak beste, 16 urtetik beherakoei sare sozialak debekatzekoa. Erabakiak Hego Euskal Herriko haur eta nerabeei eragingo die; Ipar Euskal Herrian, berriz, 15 urtetik beherakoentzat onartzekoak dira debekua.

Sanchezek azkar batean erantzun zion Durovi, X sare sozialean idatzitako mezu batean: «Utziezu zaunka egiten tekno-oligarkei, Santxo; zaldiz goazelako seinale da». On Kixote Mantxakoa zaldunak Santxo Panza ezkutariari esandakoa parafraseatu zuen Espainiako presidenteak.

Sanchezek iragarritako neurriak bete daitezen, adina ziurtatzeko sistemak ezarri beharko dituzte plataformetako jabeek. Durovek azaldu zuen erabiltzaileen nortasunaren «arrastoa hartzeko» balioko duela, datu bilketa «masibo» horrek anonimotasuna «higatuko» duelakoan. Identifikatzeko sistema horiek «aurrekari» bat ere izango omen dira: «Adingabeekin hasi, eta baliteke guztiei zabaltzea, eztabaida irekia itotzeraino».

Espainiako Gobernuak sare sozialen jabeak egin nahi ditu erantzule, baldin eta ez badira ezabatzen legez kanpoko edo gorroto delitu gisa jotako edukiak. «Arriskua: horrek gehiegizko zentsura ekarriko du halabeharrez», ohartarazi zuen Durovek, eta «isilarazi» egingo dituela «disidentzia politikoak, kazetaritza eta eguneroko iritziak»: «Statu quo-ari desafio eginez gero, litekeena da hurrengo ahotsa zurea izatea». Izan ere, Duroven hitzetan, gorrotoa «alferki definitzea» bada «oposizioa ezabatzeko» modua.

Sanchezek ere jakinarazi zuen delitu gisa jasoko dutela algoritmoak manipulatzea eta legez kanpoko edukiak zabaltzea. Hona hemen Telegrameko sortzailearen abisua: «Gobernuek erabakiko dute zer ikusten duzun. [...] Ideien esplorazio askea? Desagertua —eta ondutako propagandak ordezkatua».

Durov ez da «estatu zelatariaz» aritu den bakarra. Herenegun, Espainiako presidenteak neurri sorta bat iragarri zuen egun berean, Elon Musk X-ren jabeak pare bat mezu idatzi zituen bertan: «Sanchez zikina tirano bat da, eta Espainiako jendearentzako traidore bat»; «Sanchez faxista totalitario hutsa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.