134.500 pertsona inguru «benetan pobre» bizi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEko herritarren %6,1 dira horiek, duela bi urte baino %2 gehiago. Pobrezia errealaren kategorian sartzen dira, besteak beste, aurrezteko zailtasun handiak dituzten herritarrak, oporretan joaterik ez dutenak, gabezia materialak dituztenak, bizitokian arazoren bat daukatenak (hezetasuna, zaratak...) edota hamar urtetik gorako auto zaharra aldatzerik ez dutenak. Eusko Jaurlaritzak bi urtean behin argitaratzen du Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei Buruzko Inkesta, eta gaur jakinarazi dituzte 2024. urteari dagozkion datuak.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak eta sail bereko Estatistika Organoaren koordinatzaile Jorge Aramendik azaldu dituzte ikerketaren nondik norakoak, Donostian eginiko agerraldian. Esplikatu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia 4.500 etxetan egin dute inkesta, eta 10.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.
Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei Buruzko Inkestaren helburu nagusia «pobreziari eragiten dioten faktoreak ezagutzea eta aztertzea» da: «Herritarren beharrak aztertzeko eta kalteberatasun eta desberdintasun egoerak hobeto ulertzeko aukera ematen duen tresna da», esan du Melgosak. Zehazki, hiru pobrezia mota neurtzen dituzte ikerketa horren bidez: bat, «mantenu pobrezia», diru sarrerak mantentzeko gaitasunaren eta oinarrizko beharrak asetzeko gutxieneko gastuaren arteko konbinazioa; bi, «metatze pobrezia» edo oinarrizko ondasunak (etxebizitza, autoa, ordenagailua...) metatzeko eta aurrezteko gaitasuna; eta hiru, «benetako pobrezia», alegia, aurreko bien konbinazioa.
Herrialdeka, Bizkaia da pobrezia tasa altuena duena: herritarren %6,9 bizi dira egoera horretan. Araban, berriz, %5,8 dira; eta Gipuzkoan, azkenik, %4,9. Bestalde, pobreziak migratzaileen familiei eragiten die batez ere: pobrezian daudenen %50 eta %60 artean «atzerritar jatorrikoak» dira, Jaurlaritzaren txostenaren arabera. Gazteak dira pobreziak jotako beste talde esanguratsu bat, inkestaren arduradunen arabera, gazteek zailtasun handiagoak dituztelako ongi ordaindutako lan bat topatzeko eta etxe bat lortzeko.
Pobrezia tasaren goranzkoa azaltze aldera, Melgosak esan du KPIaren igoera kontuan hartu behar dela datuok ulertzeko: igoera hori %3,6koa izan zen 2024an, %3,1ekoa 2023an eta %5,4koa 2022an; ondorioz, «oinarrizko lehengaiak nabarmen garestitu ziren» urte horietan, eta familia askori «arazo handiak» eragin zizkion horrek.