Irene Montero: «Inork ez ditu PP eta Voxek nahi, baina zer nahi dugu, orain arte bezala jarraitu?»

Ahal Duguk Bilbon egin du gaurko ekitaldia. EAEko hautagaiek Irene Montero Espainiako zerrendaburua izan dute lagun. Kritikatu dute agintean daudenak eskuinaren beldurraren mezua zabaltzen ari direla, baina haiek ere ez direla arazoak konpontzen ari.

Irene Montero, gaur Bilboko Errekalde auzoan egindako ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Irene Montero, gaur Bilboko Errekalde auzoan egindako ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU
kristina martin
2026ko azaroaren 19a
20:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahal Duguk Bilboko Errekalde auzoan egin du gaurko ekitaldi nagusia. Podemos alderdiaren Espainiako zerrendaburu hautagai Irene Monterok parte hartu du, Jose Manuel de Pablos, Maite Gartzia y Garbiñe Ruiz EAEko hautagaiekin batera. Hauteskunde ekitaldiaren aurkezpena eta Irene Monterori harrera euskaraz egin dio Maite Gartzia Ahal Duguren Gipuzkoako hautagaiak. Gartziak azaldu du Monterok buru duen alderdiaren ardatzak zeintzuk diren: energiaren trantsizio ekologikoa, ingurumenaren zaintza, mugikortasun jasangarria eta tokiko ekonomia babestea.

Garbiñe Ruiz Arabako hautagaiak zalantzan jarri du kanpaina honetan agintean dauden alderdiek darabilen boto erabilgarriaren diskurtsoa. Ruizek esan duenez, «jendeari beldurra sartu nahi diote, PP eta Vox iritsiko direla esaten ari dira, baina zeren beldur egon behar dugu? Haiek zer egiten ari dira?». Beste galdera bat ere plazaratu die ekitaldira gerturatu direnei: «Agintzen ari diren alderdi horiek errezeta magikoa baldin badute, zertan aritu dira orain arte?». Arabako hautagaiak kontatu duenez, herrietan kanpaina egiten ari direla, igartzen dute herritarrak «betiko politikoekin, kaleetara hauteskundeetan bakarrik joaten diren horiekin, nekatuta eta nazkatuta» daudela.

Dezepzio hori eragiten duen adibide bat ipini du Ruizek: «Eusko Jaurlaritzan dauden EAJ eta PSE-EE kanpainan ari dira esaten etxebizitza haien lehentasuna dela eta krisialdiari aurre egiteko konponbidea badutela, baina zergatik ez dute aplikatzen gobernatzen dituzten herrietan?». Eta gogora ekarri dute etxebizitzaren dekretuen bozketa Espainiako Kongresuan duela hilabete bat eta Diputazio Iraunkorrean duela astebete: «Zergatik bozkatu zuen EAJk alokairuaren luzapena ahalbidetzen zuen dekretuaren aurka?». 

Jose Manuel de Pablos Bizkaiko zerrendaburuaren hitzetan, Espainiako bipartidismoa da espekulazioa etxebizitzaren arloan «jaun eta nagusi» izatearen erruduna, PSOE eta PP alderdiek «espekulatzaileak beti babestu izan dituztelako». EAJren jarrera ere kritikatu du: «Autogobernuaren babesean, etxebizitza merkatua arautzeari izkin egin dio». 

Eskubideak negozio

De Pablosek zerrendatu ditu Ahal Duguk arlo horretan defendatzen dituen neurriak: etxebizitzak erostea galaraztea bizitzeko ez bada eta putre funtsei etxebizitzak desjabetzea. «Soilik Irene Montero ausartuko da hori aurrera eramaten», adierazi du De Pablosek. Eta orduan igo da Irene Montero taula gainera. Euskaraz agurtu ostean, Alderdi Popularraren aurka mintzatu da. Gogorarazi duenez, Alberto Feijoo PPko zerrendaburuak eutanasiaren legea indargabetu nahi du, eta hori eskuinak eskubideak ulertzeko moduarekin lotu du: «Eskuinak esaten du bizitzaren aldekoa dela, baina gero eskubideak pribilegio bihurtzen dituzte, soilik horiek ordaintzeko dutenentzat». Monteroren hitzetan, eskuinarentzat dena da negozio: osasuna, soldatak, etxebizitza, hezkuntza, elikagaiak, garraioa...

Eskuinaren etorreraren beldurrari buruz, zera esan du: «Inork ez du PP-Voxek nahi, baina zer nahi dugu, orain arte bezala jarraitu?». Monterok PSOEri eta Fronte Zabalari leporatu die kanpainan agintzen dituzten neurriak gero ez dituztela gauzatzen. Ahal Duguk, ostera, jendeak dituen beharrak asetzeko borrokatzeko prest dago: «Gu bai ausartuko gara alokairuak jaisten, energia enpresa publiko bat sortzen eta supermerkatu publiko bat sortzen».

Espainiako Gobernuak gastu militarra igo berri duela eta, gogor kritikatu ditu gobernuaren bi alderdiak: «Azken egunetako erabakien erruz, Espainiak 20.000 milioi euro gehiago inbertituko du armetan, zerbitzu publikoetan inbertitu beharrean». Egoera hori aldatu beharra dagoela iritzi dio, eta horretan euskal herritarrek lagundu dezaketela adierazi du. Izan ere, Euskal Herrian antimilitarismoak betidanik izan duen indarra goretsi du, eta euskal gizarteari dei egin dio azaroaren 29ko hauteskundeetan indar hori erakutsi dezala. 

Immigrazioaren eta gutxiengoen aurkako mezuak ere gaitzetsi ditu Monterok: «Okerreko lekura begiratzen behartzen digute: LGTBI, immigranteak jotzen dituzte etsaiak... eta horrela ez dugu begiratzen gorantz, haien enpresetara». Eta beste galdera batekin amaitu du ekitaldia: «Enpresa handiek, banketxeek, boteretsuek sakrifizioak eskatzen dizkigute, baina zergatik ez dira Abascal, Feijoo edo Diaz Ayuso bizi 35 metroko zulo batean?»

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA