Etxegabetze bat izan da Antsoainen (Nafarroa), Lerin karrikan. Kaleratu duten familian bi adingabe daude, eta, Haritu etxebizitza sindikatuak salatu duenez, beste alternatibarik ez dutela gelditu dira orain. Etxegabetzea geldiarazteko asmoz, dozenaka lagun bildu dira Poliziak hustu asmo zuen etxearen ingurumarietan, goizetik. Zehazki, Harituk 08:00etarako zuen deitua jendea protestara —are, lehenago ere azaldu dira batzuk—, baina Foruzaingoa 07:00etarako heldu da, eta kalea itxi du, alderik alde. Zenbait orduz, tentsioa izan da nagusi zona horretan, poliziak oldartu egin zaizkie protestan zirenei, eta, are, etxegabetu duten familiako kide bat ospitalera eraman dute, ondoezik. Azkenerako, 11:00ak aldera hustu dute etxea, bortxaz.
Familiak lau urte zeramatzan Lerin kaleko etxebizitza horretan bizitzen. Alokatuta zeuden, baina, halako batean, pisua ordurako enbargatua zegoela jakin zuten. Berriki, pisua enkante publiko batean jarri da salgai, eta partikular batek hura erosteko eskaintza egin du. Jabe berriak uko egin dio familiari alokairu kontratu bat egiteari, eta kanporatu egin dituzte.
Etxegabetutako familia «zaurgarritasun egoeran» dagoela nabarmendu du Haritu sindikatuak. «Hori aitortzen zien txostena ere bazuten aurrez, eta, orain, beste bizitoki finkorik edo duinik gabe gelditu dira kalean; ez dute beste alternatibarik». Sindikatuak nabarmendu duenez, erakunde publikoak egoeraren jakitun daude, baina ez dute baleko irtenbiderik eskaini oraingoz. «Esaten dute beren kabuz beste alokairu bat aurkitu behar dutela, baina uste dut denok dakigula zelako zailtasunak dituen gaur egun horretarako».
Foruzaingoa, bortitz
Haritu sindikatuak joan den astean iragarri zuen etxegabetze bat gertatzekoa zela, eta hura galarazten saiatuko zirela iragarri zuten —Nerea ez doa izan da leloa—. Ordea, Foruzaingoaren zortzi furgoneta bertaratu dira etxea husteko —berrogei bat polizia izan dira, osotara—, eta protestan zirenak ezin izan dira atarira gerturatu ere: kalea alderik alde zeukan itxia Poliziak.
Harituk nabarmendu duenez, 10:00etarako zegoen aurreikusia etxegabetzea, eta, ordua hurbildu heinean, nabarmen joan da tentsioa goraka. Protestara bildutako dozenaka lagunek behin eta berriz ozendu dituzte etxegabetzearen kontrako txilioak. «Etxebizitza ez da negozioa», oihukatu dute sarritan. Nabarmendu dute ez dutela nahi «ez etxerik gabeko jenderik, ez jenderik gabeko etxerik», eta poliziei ere zera esan diete, ozen: «Lotsa emanen liguke familia bat etxegabetzeak». Antsoaingo bizilagunei zuzendutako mezurik ere ez da faltatu, eta protestara batzera deitu dituzte. «Antsoain, esnatu, zure atarian nahi dute etxegabetu!» oihuaren gisakoak ozen entzun dira.
10:00etarako hamar minutu falta zirelarik, Foruzaingoak atari parera mugitu du furgonetetako bat, bidea ixteko, eta, berehala, bost agentek atariko atea estali dute. Berehala sartu dira poliziak etxe barrenera, eta motozerra baten gisako hots bat entzun da, nabarmen —atea bota nahi zuten seinale—.
Polizia hiru ordu laurden izan da etxe barrenean sartuta, orain arte alokairuan bizi ziren bi helduak haiekin zirelarik. Kanpoan, tentsioak nabarmen egin du gora orduan, protesta ozendu egin da, eztabaida sutsu bat piztu da herritar batzuen eta kalea ixten ari ziren agente batzuen artean, eta, bat-batean, borrak atera eta joka hasi da Foruzaingoa. Hainbat lagun jo ditu, minduta utzi, eta haietako bat atxilo eraman dute.

Gainera, anbulantzia bat ere azaldu da etxegabetzera. Etxegabetu duten gizona ospitalera eraman dute —anda gurpildun batean atera dute—, ondoezik zelako. Ez dute zehaztu zehazki zer zeukan, baina, agenteetako batek gizonaren arrebari azaldu dio «prebentzioagatik» nahi zutela eraman. Familiaren arabera, gizonak bihotzeko eta biriketako arazoak dauzka.
Etxegabetzea salatzeko, Haritu sindikatuak mobilizaziora deitu du gaur arratsalderako. Manifestazioa eginen dute 18:00etan, Antsoaingo udaletxetik hasita. Aldarrikatuko dute «etxebizitza ezin dela negozio izan».