Poliziak Irati Tobar atxilotu du Donibane Lohizunen

Euroaginduaren aurkako mugimenduak elkarretaratze bat egin du Hendaiako Herriko Etxean

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak Irati Tobar atxilotu zuen atzo eguerdian, Lapurdin, Donibane Lohizuneko karriketan, Lan Bulegora zihoalarik. Poliziak Tobar zihoan autoa geldiarazi zuen, eta ondoren atxilotu. Bizimodu normala egiteko erabakia hartu zuela iragarri zuen Tobarrek, eta horretan atxilotu du Poliziak. Espainiak haren kontra aurkeztu duen euroagindu eskaria dela-eta atxilotu dute Portugaleteko (Bizkaia) Segiko militante gaztea.

Espainiako Polizia urrian haren etxera atxilotzera joan ondoren, otsailaren 21ean itxialdi batean hartu zuen parte Tobarrek, Izuran (Nafarroa Beherea), polizia operazio hartan ihesegin zuten Segiko bertze zazpi kiderekin batera. Tobarrezgain, honako hauek hartu zuten parte itxialdian: Aiala Zaldibar, Xalbador eta Jazint Ramirez, Beñat Lizeaga, Endika Perez, Aitziber Plazaola eta Bergoi Madernaz.

Arratsaldeko bi orenak aldera atxilotu dute Tobar. Atxiloketari buruzko informazio handirik ez da zabaldu, baina Iker Elizalde Hendaiako hautetsiak etxean aterpetzen zuen Tobar, euroagindua salatzeko eta gazteari babesa emateko asmoz.

Itxialdia bukatu ondoren ekitaldi politiko jendetsu bat egin zuten Lapurdin, Kanboko kiroldegian. Poliziaren jazarpenari eta torturari ihes egitearren Ipar Euskal Herrira joan zirela jakinarazi zuten gazteek. Zenbait talde politikoko ehun bat hautetsik babesa eman zieten, eta haien etxean aterpetuko zituztela jakinarazi. Horien artean zeuden arestian aipatu Iker Elizalde, Alice Leiziagezahar Europe Ecologie-Berdeak taldeko Akitaniako kontseilaria, Isabel Etxeberria Urruñako hautetsi abertzalea eta Lutxi Oxandabaratz Gamarteko hautetsi abertzalea.

Biharamunean Frantziako Poliziak lau gazte atxilotu zituen. Hurrengo egunean bertze hiru, Baionan hautetsiekin eman behar zuten prentsaurrekora zihoazelarik. Atxiloketak aski bortitzak izan ziren. Poliziak armak zuzendu zizkien hautetsiei, eta Endika Perez zeraman autoko berinak hautsi zituzten. Hautetsiak asaldaturik atera ziren autoetatik, batzuk eskuak odoletan, berinekin moztu ondoren. Hautetsiek Poliziaren aurkako salaketa ezarri zuten, bortizkeria baliatzeagatik.

Elkarretaratzea

Askatasunak elkarretaratzera deitu zuen atzo iluntzean Hendaian. Preseski Hendaian egin zuen azken agerraldi publikoa Irati Tobarrek, Iker Elizalde eta Xabi Irigoien hautetsiekin batera hamabost eguneko gose greba bururatu ondoren. Ekitaldi hartan Segiko zortzi militanteen engaiamendua berretsi zuen Tobarrek. Euskal Herrian bizi eta lan politikoa egiteko eskubidea aldarrikatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.