Poliziak kaleko saltzaileen aurka abiatu duen «jazarpen kanpaina» salatu dute Bilbon

Mbolo Moye Doole elkarteko eta Manteroekin Bat plataformako kideek elkarretaratzea egin dute, eta esplikatu marka handiak dirua «fakturatzen» ari direla kaleko saltzaileen lepotik.

Kaleko saltzaileen aurkako jazarpena salatzeko kontzentrazioa, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kaleko saltzaileen aurkako jazarpena salatzeko kontzentrazioa, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko uztailaren 4a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Udaltzaingoak kaleko saltzaileen kontrako jazarpen kanpaina bat abiatu du, eta, merkantzia konfiskatzeaz gain, prozesu penalei aurre egitera kondenatu dituzte», salatu dute gaur Mbolo Moye Doole elkarteko eta Manteroekin Bat plataformako kideek, Bilbon. Haien erranetan, prozesu hori «isunekin edo kartzela zigorrekin» amaitzen da «beti», eta, kaleko saltzaileak galtzaile ateratzen diren moduan, «marka handiak irabazle» ateratzen dira. Elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, Plaza Biribilean, Bizirautea ez da delitua. Batu manteroen erresistentziara! lelopean.

Manifestariek esplikatu dutenez, «200 espediente baino gehiago» ireki ditu Ertzaintzak kaleko saltzaileen aurka, eta, orain, «ondorio oso-oso larriei» egin beharko diete aurre akusatuek. «Ez gara multa txikiez ari; kartzelari buruz ari gara hitz egiten, eta mila eurotik gorako kalte ordainez», salatu dute.

Marka handiek eskatzen dizkiete, hain justu, kalte ordain horiek. 95 euro kamiseta bakoitzeko, «edo 5.700 euro manta bakoitzeko», azaldu dute. «Udaltzaingoek konfiskatu egiten dute; marka handiek, fakturatu; eta, bien artean, kaleko saltzaileak kartzelatu egiten dituzte». Hala, espiral batean sartzen dira saltzaileak, eta ezin dute beren egoera erregularizatu.

Irtenbiderik eman arte «mobilizatzen, oihu egiten eta salaketa publikoak jartzen» jarraituko dute Mbolo Moye Doole elkarteak eta Manteroekin Bat plataformak, eta epailearen aitzinera lagunduko dituzte kaleko saltzaileak, «behar den aldi guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA