Polizientzako bidezko defentsaren presuntzioa onartu dute Frantziako Asanblean

Eskuin muturreko Fronte Nazionala zenak aipatu zuen ideia lehen aldiz: Batasun Nazionala deitzen da geroztik, eta macronisten bozekin lortu dute legea onartzea. Ezkerra bozetan batu da aspaldiko partez, baina ez du lortu legearen onartzea eragoztea.

Narkotrafikoaren kontrako operazio bat Baiona iparraldean, urtarrilean. NAHIA GARAT
Narkotrafikoaren kontrako operazio bat Baiona iparraldean, urtarrilean. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 8a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urte pasatu berri dira Nahel Merzouk gaztea Florian Menesplier poliziak tiroz hil zuenetik Nanterren (Frantzia), 2023ko ekainaren 27an. Polizia hori aldi baterako langabetu bazuten ere, lansaria jasotzen jarraiki zuen denbora guzian, eta, iaz ezagutarazi zenez, abokatu gastuak eta bermea Parisko polizia prefeturak ordaindu dizkio. Libre dago geroztik, eta lanera itzulia da aspalditik, Euskal Herrian lortutako postuan, berak gogo zuen bezala. Bada, militante kolektiboek aspaldi salatzen duten inpunitate sistemikoa legeztatu zuten barda, Frantziako Asanblea Nazionalean, polizientzako bidezko defentsa presuntzioa onarturik.

«Ez dago poliziek edo jendarmeek arma bat bidegabeki erabili izanaren susmatzerik». Hori da Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroaren ustea, Asanblea Nazionalean atzo adierazi zuenez. Hain zuzen ere, eskuin muturreko RN Batasun Nazionalak macronistekin eta Errepublikanoekin eskuz esku bozkatutako legea da bidezko defentsa presuntzioarena; ezkerreko alderdiek, kontra egiten entseaturik ere, ez dute lortu legearen onartzea eragoztea. Erran behar da elkarrizketarako aukera guti ukan dutela, Nuñezek 44.3 artikulua erabili baitu legea bozkarazteko: horrela, «boz blokeatua» egin dute, zuzenketarik aurkezteko aukerarik utzi gabe, eta eztabaidarako biderik utzi gabe ere.

Gainera, ez dute kontuan izan 350.000 bat herritarrek izenpetu duten sinadura bilketa lege berriaren kontra.

Bi aldaketa nagusi ekarriko ditu lege berriak, 2017tik dagoen legeriari gaina hartuz. Bat: orain arte poliziek «zorrozki beharrezkoa» zenean baizik ezin zuten tiro egin; lege berriaren arabera, edozein tiro legaltzat edo «zilegitzat» joko dute. Bi: orain arte polizia batek tiroz hiltzen zuelarik estatuari zegokion frogak aurkeztea, baieztatzeko, hain zuzen ere, tiroa «zorrozki beharrezkoa» izan zela. Lege berriak tiro oro zilegitzen badu, ordea, biktimen familiak eta hurbilekoek lortu beharko dituzte froga horiek eta haiei egokituko zaie defendatzea.

Nazioarteko hainbat erakundek argi diote, alta: estatuari dagokio bere organoen indarkeriaren zilegitasuna frogatzea; hain zuzen ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren kontra doaz atzo bozkatutako legeak ezartzen dituen neurriak.

Nahel, Adama, Souheil...

2017tik gaur arte, barne segurtasuneko kodeko L.435-1 artikuluak arautu du polizien jarduna: artikulu berriak, jadanik, polizien tiro aukerak zabaldu zituen, eta, horren ostean, bost aldiz handiago izan da polizien tiro hilgarrien kopurua. Zehaztekoa da azken hogei urteetan, Europan, Frantziako Poliziak hil duela pertsona gehien: 2025ean, 49 pertsona hil zituen; 2026ko lehen bost hilabeteetan, berriz, jadanik 22.

Bada beste elementu bat: gehienetan, gazte arrazializatuak dira. Eskubideen Defendatzailearen arabera, «beltz edo arabiar gisa» identifikatzen diren gizon gazteek hogei aldiz xantza gehiago dute kontrolatuak izateko. Hala, xantza gehiago dute ere Poliziak hiltzen dituen pertsonen artean egoteko. Hori legezko bilakatzen du atzo onartutako testuak.

Oldarraldi bortitza izan da atzokoa ezkerreko alderdi eta mugimenduen artean. Legea bozkatu baino ordu batzuk lehenago jakinarazi zuten Marine Le Pen RNko burua Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik errudun izendaturik ere datorren martxoko Frantziako presidentetzako bozetara aurkezten ahalko dela. Hain zuzen ere, Jean Marie Le Pen haren aitak sortutako Fronte Nazionalaren lege proposamena izan zen polizientzako bidezko defentsa presuntzioarena. FN Batasun Nazionala berrizendatu dute geroztik, baina lege proposamenari eutsi diote, atzo haren alde egitea lortu zuten arte. 

«Hiltzeko baimena» deitu diote legeari zenbaitek, horien artean Frantziako Poliziak azken urteetan eragindako zenbait biktimaren familiak. Erraterako, legea bozkatu berritan, zenbait militante asanbleako gela nagusira sartu ziren horien kexua adieraztera. «Justiziarik gabe bakerik ez», oihukatu zuten. Horien artean izan zen Assa Traore, 2016an Poliziak hil zuen Adama Traoreren arreba. Polizia indarkeriaren kontrako borroka antirrazistako militantea bilakatua da geroztik.

Adama Traorez beste, atzo, Poliziak hildako hainbat gazte ukan zituzten gogoan ezkerreko politiko, elkarte, kolektibo eta hedabide militanteek: besterak beste, Nahel Merzouk, Souheil El-Khalfaoui, Adam B., Olivio Gomez, Aboubakar Fofana...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA