Potasako meatzearen aurka egin duen hautetsi batek mehatxuak jaso ditu

Enrique Mirandari mezu anonimo batek «zahar etxera joateko» agindu dio.Zizur zendeako udalbatzak, aho batez, irmo gaitzetsi du erasoa

Enrique Miranda Zizur zendeako zinegotziak jasotako mezu anonimoaren argazkia. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Norbait urduritzen ari da». Ondorio horretara iritsi da Zizur zendeako Udala. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, Enrique Miranda hautetsiak mehatxu anonimo bat jaso du. Udalbatzak irmo eta aho batez gaitzetsi du Mirandaren aurkako erasoa, eta Geoalcali enpresak Erreniegan ireki nahi duen Potasa meatzearekin lotu du. Izan ere, Erreniegako herritarrak proiektuaren aurka egiten ari diren mobilizazioen eleduna da Miranda; hain justu ere, hark jaso duen mezuan aipamen zehatzak egin dizkiote meatzeari. Mehatxua idatzi duenak proiektutik dirua jaso nahi ez izatea leporatu dio Mirandari.

Berez, mezu anonimoak bi orri ditu. Bertan, komunikabideetako ekaineko bi albiste agertzen dira. Testu horietan, Mirandak salatzen du meatzea sortzeko Geoalcali enpresaren baimenek irregulartasunak dituztela, Nafarroako Gobernuak herriak babes gabe utzi dituela eta enpresak nahi duena egin dezakeela jasotako baimenei esker. Horren alboan erasotzailearen oharra dator: «Miranda Garcia jauna, tontakeria guztiok esaten dituzu ez duzulako poltsa horretatik onurarik ateratzen, bestela zoragarria izango litzatekeelako, AHT edo Gendulainen bezala. Alde egin ezazu zahar etxe batera, jada zahartua zaude eta». Gainera, komunikabideetako argazki batean Miranda seinalatu eta fatxa hitza idatzi du.

Ez da lehen aldia

Geoalcalik %100ean Australiako kapitala du. Duela hiru urte ezarri zen Salamancan (Espainia), baina orain egoitza Nafarroan du. Iaz hasi zen lehen zundaketak egiten Erreniegan, eta haren aurka mobilizatu ziren inguruko herriak. Mirandak urrian beste mezu anonimo bat jaso zuen: udal arkitekto izateari uzteko eskatzen zioten. Testua ez zen hain zehatza, etameatzearekin erlazioa izan zezakeen susmoa bazuen Mirandak, BERRIAri aitortu dionez. Foruzainek, berriz, beste edozer arrazoi ere izan zitekeela esan zioten.

Orain, ordea, bigarren mezu anonimoak mehatxua meatzearekin lotu du. Mirandari deigarria egin zaio erasotzaileak iradokitzea Gendulain eta AHTren proiektuetatik dirua jaso zuela, egitasmo horien aurka egon izan delako. Gendulainen kasuan, herri akusazioaren parte izan zen Miranda. Haren ustez, mezua argia da: «Ez zaitez sartu meatzearekin». Hautetsiak espero du hor amaitzea. Sanferminen ostean jaso zuen gutuna, eta udalari jakinarazi zion. Foruzaingoan ere jarri zuen salaketa. Lehen ikerketen arabera, mehatxua ezker batek idatzi du, baina zail izango da nork egin duen jakitea.

UPN, PSN, NaBai, Erreniega talde eta independenteek osatutako udalbatzak irmo gaitzetsi du erasoa, aho batez. Taldeek uste dute herrien oposizioak «bati baino gehiagori enbarazu» egiten diola. Era berean, Zizur zendeako gehiengoa proiektuaren aurka jarraitzeko prest dago: «Proiektuaren aurkako oposizioarekin jarraituko dugu». Mirandak ere adierazi du halaxe segituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.