EAE-ko estatutu berria

PPk boto partikularra aurkeztuko dio legelarien testu artikulatuari

Alfonso Alonsok dio idatziak ez duela lekurik izango Espainiako Konstituzioan. Taldeen ordezkariek hilaren 30era arteko epea daukate EAEko estatutu politikoaren testua Eusko Legebiltzarrera igortzeko.

Alfonso Alonso EAEko PPko burua, azaroaren 10ean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
2019ko azaroaren 21a
13:32
Entzun

Alfonso Alonso EAEko PPko presidente eta legebiltzarkideak esan du bere alderdiak «ezinezko» ikusten duela erkidegoko estatutu politiko berriaz «adostasuna» lortzea Eusko Legebiltzarrean, eta jakinarazi du bere alderdiak boto partikularra aurkeztuko diola legelarien lantaldearen testu artikulatuari, idatziak Espainiako Konstituzioan lekurik ez duela izango iritzita. Legelariek hilaren 30era arteko epea dute testua legebiltzarrari aurkezteko.

EAJk (Mikel Legarda), EH Bilduk (Iñigo Urrutia), Elkarrekin Podemosek (Arantxa Elizondo), PSE-EEk (Alberto Lopez Basaguren) eta PPk (Jaime Ignacio del Burgo) izendatutako legelariak lanean ari dira hilabeteetan, eta, informazio batzuen arabera, EAJren, PSEren eta EPren ordezkariak ados samar jarri dira azkenaldian. Hala ere, Alonsok Onda Vascako eta Onda Ceroko irrati elkarrizketetan azaldu du berak ez duela argi EH Bilduk ez duenik bat egingo haiekin, nahiz eta uste duen EH Bilduk «gehiago» nahi duela. Esan du EAJk darabilen testuak konstituzioa gainditzen duela eta autodeterminazio eskubidearen aitorpena aldarrikatzen duela. «Idatzia arrisku bat izango dira Euskal Herriaren egonkortasun politiko eta sozialerako. Legediaren hormarekin egingo du talka. Gernikako Estatutuaren esparrutik ateratzeak kezkatzen nau». Dena dela, haren arabera, legelarien lantaldeak ez du idatzi artikulatu bakar bat igorriko legebiltzarrera.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak atzo Bizkaia Irratian adierazi zuen legealdi honetan «nabarmentzeko aurrerapena» izan dela estatutu berriaren lanetan. «Akordio handia duen testu artikulatu batekin amaitzen badugu, lorpen handia izango da, nahiz eta akordioa erabatekoa ez izan».

EAJren eta EH Bilduren akordioa oinarriez

Legelarien lantaldea lanean hasi aurretik, Eusko Legebiltzarreko EAJren eta EH Bilduren taldeek duela urte eta erdi bat oinarriei buruzko akordioa lortu zuten. Besteak beste, jaso zuten Euskal Autonomia Erkidegoak eta Espainiako Estatuak «alde biko harremana» izan behar dutela, «berdinen artekoa», eta elkar aitortu eta errespetatu behar dutela. Lotura horrek «izaera konfederala» izango luke. EH Bilduk eta EAJk onartutako testuak berariaz aitortu zuen Euskal Herriaren nazio izaera, «horrela aitortzen eta identifikatzen duelako bere herritarren gehiengo batek eta, gainera, zuzenbide konparatuan ezarritako parametro guztiak betetzen dituelako». Bestalde, testuak dio autogobernua eguneratzeko prozesuak «legezkotasun printzipioa» errespetatu behar duela, baina horrek ez duela «printzipio demokratikoa urratu» behar. Hortaz, «lehentasunezko balioa» ematen dio euskal herritarrek hartuko luketen erabakiari. Oinarriei buruzko akordioaren kontra azaldu ziren PSE-EE eta PP, eta boto partikularra aurkeztu zuen Elkarrekin Podemosek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.