Gipuzkoa

PPk esan du gobernuan sartzea «marra gorria» dela Eider Mendoza babesteko

Mikel Lezama PPren hautagaiak EAJri eta PSE-EEri ohartarazi die PP ez dela «makurtuko», eta botoak ez direla «doan» izango.

Borja Corominas, Carlos Iturgaitz, Mikel Lezama eta Muriel Larrea PPko buruak, artxiboko irudian. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE
2023ko ekainaren 02a
11:27
Entzun

Udal eta foru hauteskundeen ondotik, askatzeko daude oraindik gobernabideari lotutako korapilo ugari. Horien artean dago Gipuzkoako Foru Aldundian nork aginduko duen argitzea. EAJk eta PSE-EEk akordioa itxi dute gaur, eta, orain, PPk du giltza EH Bilduri aginte makila kentzeko. Mikel Lezama PPren hautagaia Euskadi Irratian egon da goizean, EAJk eta PSE-EEk akordioa itxi baino lehenago, eta adierazi du Eider Mendoza jeltzalea ahaldun nagusi izatea nahi dutela, baina PPren botoak ez dituela «doan» jasoko hautagai jeltzaleak. Lezamak esan du gobernuaren parte izatea «marra gorri» bat dela, Eider Mendoza babesteko ezinbesteko baldintza: «Haiek [EAJk eta PSE-EEk] daukate beharra, haiek daukate asko jokoan. Gu negoziatzeko prest gaude, eta nahiko genuke, esaterako, Kirol Sailaren ardura izan».

EAJri eta PSE-EEri ohartarazi die hauteskundeen ondotik egoera «aldatu» egin dela, eta gizartearen «aniztasunak» elkar ulertzera behartzen dituela indar politikoak. «Ez dut ulertzen EAJk eta PSE-EEk mespretxu egitea PPri botoa eman zioten 20.000 lagunei», salatu du. Gehitu du PP ez dela «makurtuko», eta Muriel Larrea Gipuzkoako PPren presidenteak eskuak libre dituela hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Legebiltzarrean oihartzuna

Igandeko hauteskundeei buruzko erreakzioak Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora ere iritsi dira. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea Iñigo Urkullu lehendakariari mintzatu zaio esateko igandean herritarrek «mezu argia» eman zutela, eta ez dutela interpretazio ona egin «baztertzen dituzten itunak» egiten dituztenek. «Gauzak beste era batera egin behar ditugula esan digute herritarrek; mezu argia da: ziklo aldaketa batean gaudela uste dugu». Kortajarenaren hitzetan, herritarrek bozkatu dute «lidergo berri eta partekatuak» egotea, eta horrek gogoeta bat eskatzen du.

Lehendakariaren ustez, berriz, EH Bilduk hauteskunde emaitzen inguruan egindako interpretazioa «alderdikoia» eta «arriskutsua» da, eta esan du lehendakari gisa hartutako konpromisoei eutsiko diela. Adierazi du «errespetu handia» diela emandako hitzari eta hartutako konpromisoei, eta gogorarazi du iazko politika orokorreko bilkuran berrogei neurri zehatz dituen estrategia aurkeztu zuela, bost lehentasunekin: gizarte kohesioa; enplegua; industrian eta jasangarritasunean oinarritutako hazkundea; klima aldaketari emandako erantzuna; erronka demografikoa eta gazteria; eta Euskadi Basque Country. «Horietako bakoitzak estrategia bat eta jarduera plan bat ditu martxan, eta etengabe eguneratzen dira. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak 2023an planteatutako erronkei ematen dien erantzuna», berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.