EUSKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK

PPk eta Ciudadanosek batera aurkezteko akordioa sinatu dute

EAEko PP ados egon ez arren, zerrendetako «hasierako bi postu» bermatzen ditu itunak Ciudadanosentzat. PP+Cs koalizioak kontzertu ekonomikoa onartzen du.

Alfonso Alonso EAEko PPren burua eta Pablo Casado PPren liderra, iazko irailean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 21a
16:20
Entzun

Erlojupean arituta eta azken orduan adostu duten arren, PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Gaur zen apirilaren 5eko bozetara begira koalizioak erregistratzeko azkeneko eguna, eta eskuineko bi alderdiek arratsaldean sinatu eta iluntzean erregistratu dute. Horren arabera, PP+Cs koalizioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «konstituzionalismoa batzeko» helburua izango du, eta, Ciudadanosek inoiz EAEko kontzertu ekonomikoa zalantzan jarri duen arren, itunak onartu egiten du, «herritarren askatasuna, egonkortasuna eta garapena bermatzeko tresna gisa». PPk aukeratuko du lehendakarigaia.

Eta Ciudadanosek lortu du EAEko PPrentzat «onartezina» dena. Akordioak ez du esaten Bizkaiko eta Arabako zerrenden bigarren postuan alderdi laranjako ordezkariak joango direnik, baina «bermatzen» ditu «hasierako bi postu» Ciudadanosen ordezkarientzat.

Hainbat hedabidek EAEko PPren iturriak aipatuz kaleratutako informazioen arabera, Alfonso Alonso EAEko PPren burua ez dago ados bi alderdiek adostutakoarekin. EAEko PP haserre agertu zen atzo Ciudadanosek bere hautagaiak jarri nahi dituelako Bizkaiko eta Arabako zerrenden «bigarren tokian». EAEko PPkoek pentsatzen dute banaketa horrek ez duela zerikusiririk alderdi baten eta bestearen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «errealitatearekin». Ciudadanosek ez zuen parlamentari bat bera ere lortu 2016ko hauteskundeetan.

Madrilen mamitu dute koalizioa, eta Teodoro Garcia Egea PPren idazkari nagusia eta Jose Maria Espejo-Saavedra alderdi laranjaren ekintza instituzionalerako idazkariak gidatu dituzte negoziazioak—Garcia-Egeak eta Carlos Cuadrado alderdi laranjaren idazkariordeak sinatu dute— Espainiako hedabideek kaleratu duten informazioa aintzat hartuta, Ana Beltran PPren antolakuntzarako idazkariordeak gauerdian eskatu zion Alonsori gaur Madrilera joateko akordioa irakurtzera. Garcia Egeak ere deitu zion EAEko PPren buruari, baina ez zion erantzun. Alonso ez da Madrilera joan.

Argitaratu diren informazioei erreparatuta, Pablo Casado PPren liderrak berak agindu du Alonso ados ez egonda ere akordioa sina dadila. PPk bederatzi ordezkari lortu zituen Eusko Legebiltzarrerako aurreko bozetan, eta D'Hondt sistema aplikatuz ondorioztatu daiteke batera aurkeztu izan balira 11 eserleku lortuko zituztela; hau da, bi gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.