ETAren jardun armatuaren amaiera

PPk programan promes egin du ETArekin ez duela negoziatuko

Erkorekaren ustez, alderdi guztiak,«ezker abertzalea barne», bat datoz bakeak ez duela prezio politikorik

joxerra senar
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Azkenik PPk argitu du zein den bere hauteskunde programa. Azken hilabeteetan, kazetariek makina bat galdera eginagatik, Mariano Raxoik ez du bere programa politikoaren xehetasun bakar bat eman. Herenegun arte. Igandean aurkeztu zuen programa; ehun neurri jasotzen ditu, eta ETAren inguruan promesa bat soilik baino ez du aipatzen. «Ez indarkeriaren presioagatik, ez bere jarduera etetea iragarri duelako, ez dugu terroristekin negoziatuko. Estatuaren segurtasun politikaren oinarrizko printzipioa da», dio egitarauak. Era berean, biktimen memoria eta aitortza aldarrikatzen ditu.

Promesa horrek anbiguotasuna eragin du. Komunikabide batek Raxoik bere alderdiko ildo gogorrenari amore eman diola ulertu badu ere, EAJk uste du kanpainari begira egindako adierazpenak baino ez direla. Programan ez du aurreratzen PPren benetako asmoa, hau da, gobernura iritsiz gero Aieteko Adierazpenari erantzun eta ETArekin gatazkaren ondorioak konpontzeko negoziazioari helduko dion edo ez.

Horri buruz galdetu zioten atzo Josu Erkoreka EAJren Bizkaiko zerrendaburuari Radio Euskadin. Erkorekaren ustez, hauteskunde kanpaina ate joka den honetan horrelako adierazpenak ez dira «zorroztasun handiz» kontuan hartu behar. Erkorekaren ustez, «ezker abertzaleak ere badaki» ETArekin ez dela negoziatuko auzi politikoez, eta horri buruz «erabateko adostasuna» dagoela dio. «Bakeak ez du inongo prezio politikorik izango».

Erkorekak gogorazi du Ajuria Eneko akordioak berak argi eta garbi zehazten zuela akordio politikoak alderdien artean negoziatu beharko direla: «ETAk nahi duen planteamendu politikoa negozia dezake, baina, hemen, akordio politikoak egitea herri borondatearen zilegizko ordezkariei dagokie, eta ez da inongo akordio edo negoziazio politikorik izango inongo erakunde terroristarekin».

Besalde, Geroa Baiko zerrendaburu Uxue Barkosen ustez, bake prozesua «ez da motza» izango. Haren ustez, «lehenbailehen» presoak gerturatzeko pausoak eman behar dira eta Alderdien Legea baliogabetu egin behar da. Era berean, Barkosek beharrezkotzat jo du ETAk barkamena eskatzea biktimei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.