«Ez dut bizi nahi garagardoak askatasunean har ditzakezun herri batean, baina zure hizkuntzan askatasun berberaz hitz egin ezin duzun batean». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak dira. Pradales eta Maria Txibite Nafarroako gobernuburua Espainiako autonomia erkidegoetako Presidenteen Konferentzian izan dira, Bartzelonan. Han, Pradales euskaraz mintzatzen hasi denean, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea aretotik joan da, Pradalesek euskaraz egiteagatik kexu.
Triste eta kezkatuta hartu du hitza Pradalesek konferentziaren amaieran, ez baita akordiorik lortu, eta Diaz Ayusok eman duen «ikuskizuna» kritikatu du. «Zuri-beltzeko garaien falta sumatzen dute», gehitu du Pradalesek. Uste du onartezina dela Diaz Ayusok egindakoa: «Ikuskizun horren atzean, itzultzeko propio prestatutako gailua erabili ez duten presidenteen jarreraren atzean, protagonismo gogo itsu bat baino askoz gehiago dago, hizkuntza tresna gisa erabiltzen baitute helburu alderdikoietarako. Arerio politikoari eraso egiteko edozerk balio duela islatzen dute».
Gizartea ulertzeko modu bakarra ezkutatzen da jokaera horren atzean, Pradalesen ustez: «identitate hegemoniko bat, ezberdina dena baztertu eta ukatzen duena».
Gogora ekarri du 1937an frankismoko agintariek abisu eman zutela gaztelaniaz besteko hizkuntzaren bat erabiltzen zuena salatuko zutela, eta «euskara aberria desegiteko kausa» zela gehitu zuten. «Ikusitakoak ikusita, nahiz eta demokratikoki aukeratutako ordezkari publikoak izan diren hemen, badirudi zuri-beltzeko garaien faltan sumatzen dutela, eta ez dutela errespetatzen hainbeste aldarrikatzen duten Espainiako Konstituzioa bera ere». Baina ohartarazpen bat egin du: «Ez daitezela nahastu, euskaldunok euskara eta gure kultura defendatzen jarraituko dugu».

Gogoeta bat plazaratu nahi izan du; zer bihurtzen ari den Presidenteen Konferentzia, hain zuzen: «Eraldaketa sakona behar du». Erkidegoetako proposamenak eramateko eta Espainiako Gobernuarekin akordioak lortzeko gune izan behar zuena ezerezean geratu da, Pradalesen ustez. Haren irudiko, metodologiak ez du funtzionatzen, proposamenak ezin dira behar bezala azaldu, eta, gainera, giroa gaiztotuta dago. «Giroak asko kezkatu nau. Espainiako Kongresuko giro gaiztotuaren isla izatea nahi zuten batzuek, eta kezkagarria da».
Izan ere, eguneko gai zerrenda porrokatzen saiatu dira PP eta Vox nagusi diren erkidegoetako presidenteak, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari hauteskundeak aurrera ditzan eskatuz. Legealdiari beste bi urte geratzen zaizkiola erantzunda eutsi dio konferentziari Sanchezek, agendan zituzten gaiei lotzen saiatuta. Etsita hitz egin du Pradalesek, konferentziaren amaieran: «Honetara etorri gara? Etsigarria da».
Horregatik esan du Espainiako Gobernuarekin aldebiko harremanak sendotzea izango dela Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna. «Aldebikotasuna inoiz baino indar handiagoz aldarrikatu behar dugu. Horrela egiten da aurrera. Mantso, baina aurrera egiten da».
«Aldebikotasuna inoiz baino indar handiagoz aldarrikatu behar dugu. Horrela egiten da aurrera. Mantso, baina aurrera egiten da»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Txibitek konferentzia defendatu du
Txibitek ere kritikatu du Diaz Ayusoren jokabidea: «Hizkuntzen argudioa erabili du horrela jokatzeko, eta horrek esan nahi du ez duela herri hau ulertzen, ez duela ulertzen zer den pluraltasuna, dibertsitatea, zertan datzan herri honen aberastasuna», esan du konferentziaren osteko agerraldian, «eta propio etorri da konfrontazio bila», gehitu du.
Konferentziaren nondik norakoak txarretsi arren, konferentzia bera espazio gisa defendatu du: «Hitz egiteko gaude hemen, eztabaidatzeko, adostasunak lortzen saiatzeko. Gure betebeharra da zerbitzari publiko gisa akordioetara iristea, eta toki honek horretan lagundu dezake».
«Hizkuntzen argudioa erabili du horrela jokatzeko, eta horrek esan nahi du ez duela herri hau ulertzen, ez duela ulertzen zer den pluraltasuna, dibertsitatea, zertan datzan herri honen aberastasuna»
MARIA TXIBITENafarroako Gobernuko lehendakaria
Zenbait presidente konferentziaren oinarrizko funtzio hori iraultzen saiatu direla salatu du. «Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuari ez dagozkion zenbait auzi gai zerrendan sarrarazi dituztelako; bestetik, konfrontazioa sortzen saiatu direlako interes alderdikoiengatik».
Konferentziaren gai zerrendara lotuta, Txibitek Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politiken ardatzak azaldu ditu. Alokairuen prezioa mugatzeko neurriak hartu dituzte 21 udalerritan, alokairu soziala sustatu dute, etxe hutsak merkatuan jartzeko politikak sustatu dituzte eta alokairu publikoko etxebizitzak ere bai, besteak beste.

Trantsizio energetikoan ere jarri du arreta. Beharrezkotzat jo du gaitasun energetikoa irabaztea, deskarbonizazioaren bidetik: «Hori funtsezkoa da garapenerako, lehiakortasunerako eta industriarako, bai jadanik daukagunarentzako, baita proiektu berriak erakartzeko ere». «Trantsizio berdean» pausoak emateko eskatu du, eta laguntza zehatz gehiago eskatu dizkio estatuari industria deskarbonizatzen segitzen laguntzeko.
«XXI. mendeko faxistak»
Diaz Ayusoren jokabideak zalaparta sortu du konferentzian, baina baita beste eragile politiko batzuen artean ere. Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak Ayusorekiko desadostasuna adierazi du X sarean, gaztelania hutsean: «Bistan da: euskara edo katalana entzun eta asaldatzen denak arazo serio bat du, eta ez dauka argudio sendorik politika egiteko. Ondo, lehendakari!». Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea ere haserre agertu da: «Ez zuten lortu herri bat, haren hizkuntza, kultura eta askatasunerako grina desagerraraztea. XXI. mendeko faxistek ere ez dute lortuko. Euskaldunak gara eta harro gaude». Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, esan du euskara, galegoa eta katalana «Espainiako kultur ondarearen» parte direla: «Hori ulertzen ez duenak ez du Espainia behar bezala ulertzen». Sumar Mugimenduak ere Diaz Ayusoren aurka egin du, eta euskararen aurka «mespretxuz» aritzea egotzi dio, iritzita gertatutakoa «[Espainiako] Estatuaren aniztasun linguistikoaren aurkako erasoa» dela.