Otxandianok «barkamena» eskatu die ETAko biktimei bere hitzekin «samina eragin» badie

EH Bilduko hautagaiak gogoratu du bere zerrendetan «ETAk mehatxatu zituen pertsonak» badirela. Rodriguez Zapaterok begi onez ikusi du «zuzenketa» hori, eta Pradalesek esan du Otxandianok ez duela «maila eman, ez baitu onartu ETAk eragindako kaltea».

Pello Otxandiano atzoko ekitaldi politiko batean, Santurtzin. MIGUEL TOÑA / EFE
Pello Otxandiano atzoko ekitaldi politiko batean, Santurtzin. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2024ko apirilaren 18a
11:30
Entzun

EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandiano ETAri buruz aritu da berriro, aste hasieran «talde armatua« izan zela esan ondoren. Radio Euskadin adierazi du bere hitzekin «ETAren biktimei samina eragin badie barkamena» eskatzen duela. Edonola ere, gai hori «hauteskunde interesetatik kanpo» ateratzeko eskatu du. Ezker Abertzaleak «urratsak» egin dituela gogoratu du, «nahiz eta batzuentzat nahikoa ez izan», eta erantsi du apirilaren 22tik aurrera ere «urrats gehiago» egingo dituela.

Halaber, Otxandianok esan du «biktima guztien eta bereziki ETAko biktimen saminetik gertu» sentitzen dela eta «erabateko errespetua» diela, eta gaineratu du EH Bildu «oso argia» izaten ari dela «bizikidetzareko bidean eta oroimen plurala, errespetua, erreparazioa eta biktima guztien aitortza eraikitzeko lanean, inor kanpoan utzi gabe».

Horregatik, errepikatu du pauosak ematen ari dela koalizio subiranista: «Ez da nahikoa? Beharbada bai, baina nik uste dut topo egin behar dugula bidean hain justu nahikoak ez diren urratsak eginez; 2024an gaude eta aurrera egiteko aukera bat daukagu, aurrera egiteko baldintzak daude».

Koalizioko lehendakarigaiak azaldu du «EH Bildun dagoen tradizio politikoetako bat saminaren agentea» izan zela, «gero soluzioaren parte» izan zela, «eta gaur EH Bildu adiskidetzarako agente izateko moduan» dagoela. Ziurtatu duenaren erakusle gisa, Otxandianok gogoratu du EH Bilduren zerrendan «ETAk mehatxatu zituen pertsonak» badaudela.

Bestalde, koalizioko kideak, Gasteizen, Arabako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean, txalotu egin dute  «langile guztien lana eta eskuzabaltasuna, Jaurlaritzak osasun arloan egin dituen politiken ondorioei aurre egiteko ahalegin berezia, gain-esfortzu bat, egin behar izan dutelako, herritarrek ahalik eta arreta egokiena jaso dezaten». Rebeka Ubera hautagaiak azpimarratu duenez, langileek «eutsi behar izan diote» osasun sistema publikoari.

EH Bilduko hautagaiak ohartarazi du EAJ eta PSE Osakidetzari dagokionez egiten ari diren promesak ez dutela «inolako sinesgarritasunik». «Zur eta lur ikusten ari gara nola Osakidetzaren gainbeheraren errudunak, Osakidetzako langileen iritziak eta aldarrikapenak mespretxatu dituztenak, nola ari diren esaten Osakidetza guztion artean, langileekin batera, sendatu eta indartu behar dela. Orain?».

Pradalesek dio Otxandianok ez duela «maila eman, ez baitu onartu ETAk eragindako kalte bidegabea»

EAJko lehendakarigai Imanol Pradalesek erabateko konfiantzarekin uste du boto emaileek EAJri emango diotela garaipena igandeko hauteskundeetan. Horrela esan du Bilbon, Forum Europan, Pedro Miguel Etxenike zientzialariaren agurra jaso ondoren. Bere hitzaldia baliatu du EH Bilduren hautagai Pello Otxandianoren aurka aritzeko, ETAren inguruko ika-mika dela eta. Jeltzaleak esan du Otxandianok ez duela «maila eman, ez baitu onartu ETAk eragindako kalte bidegabea». Jarraian azaldu die entzuleei «Euskadik merezi» duela lehendakari bat «herri honetan egondako indarkeria guztiak gaitzesten dituena, memoria globala duena biktima guztientzat, baita ETAren biktimentzat ere».

Kanpaina azken txanpara heldu den honetan, bete-betean sartu dute batzuek eta besteek ETAren gaia, eta hautagai jeltzaleak ez dio uko egin iraganaren inguruan aritzeari geroarekin lotzeko. Ziurtatu du EAEk merezi duela Eusko Jaurlaritzako presidente bat «geroari» begiratzen diona «bizikidetzan aurrera egiteko». Edonola ere, azaldu du urrats horiek egiteko «aitortu» egin behar dela «ETAren indarkeria terroristak eragindako kaltea, bidezkoa delako». Pradalesek erantsi du ezin dela onartu «memoria selektiboa». Harentzat, memoria mota hori baztertzea da «bide bakarra geroa askatasunean eta bakean eraikitzeko». 

Imanol Pradales eta Pedro Miguel Etxenike, gaur, Bilboko Forum Europan. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Pradales eta Pedro Miguel Etxenike, gaur, Bilboko Forum Europan. LUIS TEJIDO / EFE

Bestalde, «Euskadiren» burujabetza handitzeko formulen inguruan ere aritu da Pradales. Espainiako Konstituzioari erreparatu dio, eta  azaldu du «mekanismoak» badituela  «jatorrizko euskal  burujabetza» estatus berrian jasoa izan dadin. Batera edo bestera, EAJko hautagaiak uste du aitortza nazionala izan beharko duela estatus berri horrek, besteak beste, «Euskadi presente» egon dadin «Ecofinen» eta Europako Batasunezko beste foro batzuetan.

Azaldu du, era berean, EAJk baduela «euskal bidearen bide orria» marrazturik, eta hura jasoa dagoela «publikoki» EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSOEko presidente Pedro Sanchezek sinatutako inbestidura akordioan. Baina gogoratu du lehen-lehenik Gernikako Estatutua osorik bete behar dela. «Ez dezagun ahaztu, 45 urteren ostean, gehiengo absolutuarekin berretsitako lege organiko batek bete gabe jarraitzen duela, adibidez euskal gizartearen ongizateari eragiten dion edukietan, gizarte segurantzarenean, kasurako. Portuak eta aireportuak ere falta dira, baita lan harremanen esparruko edukiak ere».

Rodriguez Zapaterok ontzat eman du Otxandianoren barkamen eskaera

Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguezek zuzenketa moduan ikusi du Otxandianok ETAren biktimei eskatutako «barkamena», eta «zuzenketa positiboa» dela ziurtatu du. «Bakeak ahalik eta benetakoena izan behar du», esan du PSOEko erreferentzia nagusi horrek, EH Bilduko lehendakarigaiaren hitzen balorazioa eginez: «Barkamena eskatzea, samina aitortzea eta onartzea urratsak falta direla, beharrezko zuzenketa bat da».

PSE-EEk ez dio Zapateroren ildoari jarraitu, haren lehendakarigai Eneko Anduezak goizean izandako hautagaien eztabaida batean gizarteratu duen jarrera aintzat hartuz; hark berretsi du ez duela babestuko EH Bilduko lehendakari bat «oraindik ere bidea duelako egiteko indarkeriaren gaitzespenari begira».

PSEk ekitaldi politikoekin jarraitu du goizean, kasurako Gasteizen. «Batzuek» sinetsarazi nahi ei dute «bakarrik gobernu abertzalea edo independentista» egin daitekeela apirilaren 21eko hauteskundeen ondoren, eta hori «gezurra» da, PSE-EEko Arabako zerrendaburu Aroa Jileteren arabera. Hori horrela balitz, «eraikuntza nazionala herritarren benetako arazoen gainetik» jarriko litzateke, eta PSEk ez du utziko hori gertatzen, Jileteren esanetan: «Ez dugu ahaztuko Kataluniako bizikidetzan zer eragin duena subiranismoaren noraezak». Horregatik, ziurtatu du «sozialistek ahal den guztia» egingo dutela «euskal proces-a» galarazteko: «Oso argiak gara: ez independentismorik ez zentralismorik, autogobernua letra larriekin».

Gasteizko alkate Maider Etxebarriarekin batera aritu da Jilete hiriburu horretan, eta gogora ekarri du iazko udal bozetan 24.000 herritarrek egin zutela PSEren alde, eta 16.000 baino ez zirela izan 2020ko Eusko Legebiltzarrerako deialdian. «7.000 pertsona horiek aurkitu behar ditugu, udal bozetan babesten gaituztelako, eta, gero, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez; eta gauza bera egin behar dugu iazko uztailaren 23an Pedro Sanchez presidente izaten lagundu zuten 37.000 gasteiztarrekin».

(ID_13798591) (/EZEZAGUNA) jilete
Aroa Jilete, hizketan, Gasteizko alkate Maider Etxebarria alboan duela. BERRIA

Gasteizko alkate Etxebarriak PPren botoari esker lortu zuen aginte makila, aurreko udaberrian, bozak EH Bilduko hautagai Rocio Viterok irabazi baitzituen, baina Etxebarriak botoa eskatu du «benetako ezkerrarentzat, soluzioak ematen dituenarentzat», ezker horrek «orain 20 urteko eztabaidak atzean» utzi nahi dituelako. Alkateak ziurtatu du aginte makila duela «inkestek esan zutenaren gainetik» eta «herritarren gehiengo batek apustua egin zuelako aldaketaren alde».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.