Imanol Pradales Parisen egongo da bihar; Frantziako Senatuan estatu horretako eskualde ereduari buruzko eztabaida batean parte hartuko du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Regions de France elkarteak Senatuan antolatutako ekitaldi instituzionalean ariko da modu horretan. EAEko autogobernuaren, garapen ekonomikoaren eta lurralde kudeaketaren eredua ezagutaraziko ditu Pradalesek, Lehendakaritzako iturriek azaldu dutenez: «Euskadi erreferentzia gisa proiektatuko du Frantzian egiten ari diren estatu ereduari buruzko eztabaidan».
Hala, lehen aldiz ariko da Jaurlaritzako lehendakari bat Frantziako Senatuan. Gobernuak azaldu du Pradalesek aukera baliatuko duela «Euskadi eskualdeen arteko lankidetzaren, maila anitzeko gobernantzaren eta lurralde garapenaren arloan Europako eragile garrantzitsu gisa kokatzeko». Lehendakariak foro horretan izango duen parte hartzea «lagungarria» izango da, Jaurlaritzaren arabera, «Euskadik Europako eraikuntzan betetzen duen zereginari agerikotasuna emateko eta mugaz gaindiko lankidetzak funtsezko integrazio tresna gisa duen garrantzia nabarmentzeko».
Era berean, topaketa horretan Frantziako eskualdeetako arduradunekin eta Regions de France elkartearekin harreman instituzionalak sendotu eta finkatu nahi ditu Lehendakaritzak. Gobernuak azaldu du berriz irekitzen ari dela «Frantzian estatuaren deszentralizazioari eta gobernantza maila desberdinek betetzen duten zereginari buruzko eztabaida».