Koldo Garciak askotariko grabazioak egin zituen, mordoa, hedabide ugarik kaleratu dutenez, eta ez bakarrik PSOEko agintarien artean. Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren dimisioarekin goia jo duen ustelkeria auziak izan du bere lehen ondorio argia Nafarroan: Ramon Alzorriz PSNko eledun eta idazkariordeak dimisioa eman behar izan du haren bikotekidea Servinabar enpresan aritu delako lanean, Cerdan jabe gisa azaltzen den eraikuntza enpresan, zeina funtsezkoa izan baita Cerdanen, Abalosen eta Garciaren jarduera ilegala gerta zedin, Guardia Zibilaren UCOren arabera.
Bada, inor ez da ausartzen esatera Madrilen baina baita Nafarroan ere gogor jotzen ari den ustelkeria auzi horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoa ere zipriztinduko dituen ala ez. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales luze eta zabal aritu da ETB2 katean bart, eta esan du espero duela ez iristea «Euskadira», baina ez du baztertu. «Gaur-gaurkoz ez dago jakiterik auzi hau noraino helduko den», ziurtatu du, eta EAJko presidente Aitor Estebanek asteon helarazi duen matazaren teoria errepikatu du: «Mataza baten hari bat baino ez gara ikusten ari. Gauza gehiago ikusiko ditugu».
Sanchezen gobernu bazkideen artean ere grabaziorik egin ote den iradokitzen duten informazioei buruz aritu da Pradales: «Nahiko nuke ikusten ari garenetik ezerk ez zipriztintzea Euskadi, eta ez dut informaziorik aurreikusteko hori gertatu behar duenik. Espero dut ezetz. Ez dago zantzurik gaur arte. Baina ikusi egin behar da, zeren eta berriro diot: egon daitekeen guztiaren zati bat soilik ikusten ari gara».

PSNtik PSE-EEra?
PSOEn eta zehazki Madrilen eragin esparrua zuen ustelkeria auzia zabalduz doa azken egunetan, eta PSN eta Nafarroa jopuntuan jarri dituzte ikerketen azken informazioek. Ramon Alzorriz PSNren eledunaren dimisioa iritsi da, eta Maria Txibite presidentea estu hartzen ari dira UPN eta PP, hark ere dimisioa eman dezan.
Koldo Garciaren grabazioek ikara zabaldu dute PSOEren barruan, inork ez baitaki zenbat eta zer-nolako edukiak izan ditzakeen gorderik, eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur esan du «oraingoz» ez dagoela zantzurik pentsatzeko Nafarroako krisia EAEra iritsiko dela. «Lasaitasuna» eskatu du, «egoera tentuz aztertu» behar delako, haren ustez, eta Txibiteren alde aritu da, hari egiten ari zaizkion dimisio eskaerak direla eta: «Batzuk probetxua atera nahiko dute, noski, baina ez da horretarako garaia. Orain gure gainean dago auzia, baina auskalo non egongo den gero». Eta abisua eman die beste alderdiei: «Informazio batzuek esaten dute alderdi guztiak» jo ditzakeela auziak modu batera edo bestera.
Bistan da: Koldo Garciaren grabazioek eta UCOren miaketetan atzemandako agiriek halako sindrome bat zabaldu dute PSOEren barruan, eta beste alderdien artean ere inor ez da ausartzen esaten grabazio horien edukiak noraino hel daitezkeen. Bien bitartean, Santos Cerdanen banku kontuak ikertzen hasi da Guardia Zibila, foruduna izateari utzi dionez gero. Cerdanek badu abokatua: Benet Salellas, CUPeko diputatu izandakoa Kataluniako Parlamentuan. Salellas izan zen, halaber, Jordi Cruixat Omniun Culturaleko buruaren abokatua Kataluniako prozesuaren epaiketan.