Odolustea moztu ezinik dabil PSN. Alderdiak presazko agerraldi batera deitu du 20:15erako, eta Ramon Alzorriz PSNko idazkariorde nagusia eta parlamentuko bozeramailea irten da prentsaren aurrera. Iragarpena egin du, ezustean: bi karguetatik dimisioa eman du, haren bikotekideak Servinabar enpresan egin zuelako lan 2021etik 2024ra. Esan du hori ez dela delitua, baina ez diola kalterik egin nahi ez alderdiari ez gobernuari. Gainera, Maria Txibite gobernuburuaren eta PSNko idazkari nagusiaren «konfiantza galdu» duela, eta horregatik guztiagatik erabaki duela dimisioa ematea. Parlamentari lanetan jarraituko du, hala ere.
Alzorrizek azaldu du ez zekiela Cerdan zenik Servinabarren erdiaren jabe, baina gaur eman dio Txibiteri bere bikotekidearen lanpostuaren berri. Hark eskatu dio prentsaren aurrera irteteko, gaia hedabideetan zabaldu aurretik. Azaldu du bikotekideak lan «prekarioa» zuela, gutxieneko soldatara ez zela iristen, eta Alzorrizek berak jo zuela Antxon Alonsorengana, Servinabarren lanpostu bat eskatzera. Lan arriskuen prebentzioan aritu zen, eta, Alzorrizen hitzetan, bazuen horretarako prestakuntza.
Cerdan Servinabarrekin lotzen duen agiri baten berri zabaldu ostean iritsi da Alzorrizen dimisioa. Joseba Antxon Alonso Egurrola enpresariaren etxean (Bizkaian) egindako miaketaren aktan azaltzen da PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdan Servinabar enpresaren jabe litzatekeela islatzen duen agiria. Hala baieztatu du EFE berri agentziak. Servinabar da, hain zuzen, ustelkeriaren itzalean herri lanen adjudikazioak jasotako enpresetako bat, funtsezkoa azken hamarkadan Jose Luis Abalos ministro ohiaren, Koldo Garciaren eta Cerdanen ustezko jarduera ustela gauzatzeko. Nafarroako enpresa horren 3.000 parte hartzeetatik 1.350 Cerdanen izenean jartzeko agiria litzateke, Espainiako Guardia Zibilaren UCO adarrak aurkitutakoa.
Albiste horri loturik, UPN eta PP Maria Txibiteren dimisioa ozenago eskatzen hasi dira. Nafarroako Gobernuak Servinabar enpresari eman zion Belateko tuneleko lanen ardura, eta, ziurtatzen bada ordurako Cerdan zela enpresa horren jabea, Nafarroako presidenteak kargua utzi beharko luke, PPren eta UPNren ustez.
PPk, hain zuzen, Sergio Sayas diputatu transfugaren ahotan exijitu du Txibitek dimititzea, Madrilen. Sayasek, bide batez, kargua uzteko eskatu dio Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroari ere, hark Nafarroan izandako ardurengatik. UPNk, berriz, Cristina Ibarrolaren bidez exijitu du Txibite kargugabetzea.
Txibite: «Ez genekien ezer»
Nafarroako presidenteak ziurtatu du ez zekiela ezer Cerdan eta Servinabar lotzen dituen harremanari buruz. «Ez gobernuak ezta nik ere ez genekien ezer horri buruz», esan du gaur. «Gure kezka handitu besterik ez du egiten plazaratu den informazio horrek». Izan ere, Espainiako jokaleku politikoa astindu duen lurrikararen sorburua Nafarroan dago.
Gobernu kontseiluaren ostean egin du Txibitek agerraldia gaur, eta iragarri du PSNren kontuen auditoretza bat egiteko agindu duela, Cerdan PSNren zuzendaritzan egon zen aldia ikertzeko. Era berean, jakinarazi du foru gobernua akusazioan eragile izango dela Espainiako Auzitegi Gorena kudeatzen ari den auzian, «foru erkidegoaren interesak zaintzeko ustezko ondasun kalte baten harira». Esan duenez, gobernuaren zerbitzu juridikoak agiriak prestatzen ari dira hura ere auziko eragile izan dadin Gorenean. «Oraingoz, ez da inongo agiririk azaldu pentsatzeko legez kontrako adjudikazioak egon direla azken urteotan foru administrazioan».
490 orriko txostenean, Guardia Zibilak ondorioztatu du Nafarroan hasi zela Santos Cerdanen eta Koldo Garciaren arteko harremana, baita legez kanpoko komisioen ordainketan inplikatutako enpresetako batzuekin izandako lotura ere, kasurako Acciona eta Servinabar bera. UCOren txostena plazaratu eta berehala, Txibitek iragarri zuen sakon aztertuko dituztela bi enpresa horiekin erlazionatutako hamar herri lanak. «Zalantzak uxatu nahi ditugu, eta, zerbait topatuz gero, azkeneraino joko dugu».

«Bazkideak ez, konplizeak»
Bien bitartean, PP bete-betean aritu da Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchezen gobernua azkenetara irits dadin, eta muturreko eskuineko alderdiaren bozeramaile Miguel Telladok zuzenean erreparatu die oraindik Sanchezen gobernuari zutik eusten ari zaizkion alderdiei, besteak beste EAJri eta EH Bilduri, nahiz eta koalizio subiranistaren siglak ez dituen aipatu.
Tonu gogorrean aurpegiratu die «jada» ez direla Sanchezen bazkideak, «konplizeak baizik», ustelkeria «ezkutatzen» ari direnez gero. «Duintasun pixka bat» eduki dezatela exijitu die, eta Sanchezen «muturreko ahultasuna» haien alde jartzeari uzteko. Javier de Andres EAEko PPren buruak, halaber, EAJ estu baino estuago hartzeko estrategia horri jarraitu dio.
Bada, Santos Cerdanen ustelkeria auziak eragindako ekaitz politikoaren gordinean, bilerak egin dituzte gaur EH Bilduk eta EAJk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiarekin. Mertxe Aizpurua diputatua eta Gorka Elejebarrieta senataria izan ditu mintzakide lehenik Sanchezek, eta Maribel Vaquero jeltzalea ondoren. Soilik koalizio subiranistak onartu du batzarraren argazkia ateratzea; jeltzaleek ezezkoa eman dute.
Badago planik?
Ustezko ustelkeria kasuak izaten direnean «irmotasun osoz» jarduteko beharra helarazi diote Sanchezi EH Bilduko ordezkariek. Neurri sakonak hartzearekin batera, «proposamen zehatz eta eraginkorrak» martxan jartzeko esan diote. Hala, neurri eta erabaki «ausart eta integralak» eskatu dituzte, helburu bat betetzeko: «Programa politiko demokratiko, plurinazional eta sozial berri bat osatzea».
Dena den, koalizioak uste du politikoki ez dela nahikoa gobernuaren «alternatiba okerragoa» dela adieraztea, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak esan duen moduan, eta oraingo krisialdia aukera estrategiko gisa aprobetxatzeko deia egin du, «erreforma demokratikoa lortzeko» helburuz.
EAJko eledun Vaquerok, berriz, bileratik atera berritan esan du EAJk ez duela probestuko Sanchezen «egoera larria» eskaera gehiago egiteko, baina galdegin dio «eredugarri eta garden» aritzea, eta inbestidura akordioan adostutakoa betetzea, hau da, Gernikako Estatutua bere osotasunean gauzatzea urtea amaitu aurretik.
Edonola ere, EAJ islatzen ari da ez duela oso argi Sanchez gai izango den karguan jarraitzeko. Iturri jeltzaleek esan dute baldin eta plan bat baldin badauka bazkideei behintzat ez diela ezagutarazi; are, gaineratu dute Espainiako presidentea «oso kezkaturik» ikusi dutela.
Batera edo bestera, Sanchezen gobernua sostengatzen ari diren bazkideek —besteak beste, abertzaleek— jakin nahi dute Santos Cerdanen auzia urrunago iritsiko ote den; alegia, ez ote den agertuko PSOE legez kontra finantzatzen aritu dela, esaterako, edo ez ote diren froga gehiago aterako Sanchezek berak auziaz zekienari buruz, adibidez.
Ez alferrik, Aitor Esteban EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan du balitekeela auzi hori «mataza bateko hariaren punta baizik ez izatea». Beraz, modurik badago aurrera jarraitzeko jakinda arriskua dagoela Guardia Zibilaren UCO atalak hedabideetan informazio gehiago filtratzeko? Hori da EAJk eta EH Bilduk aurrez aurre duten galdera.
Doneztebeko argazkia.

2015eko apirilekoa da argazkia, PSNk berak Flickr sare sozialera igotakoa, «Doneztebeko gure hautagaitzarekin» mezua alboan duela. Udal hauteskundeak zetozen, eta herriz herri zerrendak aurkezten ari ziren alderdiak. Nafarroako herri horretan ere osatu zuten zerrenda sozialistek, eta aurkezpen horretan batu ziren Cerdanen auzian nahastutako Koldo Garcia eta Santos Cerdan, eta dimisioa eman berri duen Ramon Alzorriz. Hiruren erdian, Maria Txibite PSNko idazkari nagusia.