Eusko Jaurlaritzak eta Kanarietako Gobernuak idatzi bat adostu dute migrazio politikaren inguruan, eta, haren berri eman dute gaur, Gasteizen, Imanol Pradales lehendakariak eta Fernando Clavijo presidenteak. Espainiari eta Europako Batasunari eskatu diete onar dezatela EBren barruan «Euskadik eta Kanariek duten iparraldeko eta hegoaldeko muga estatusa, batez ere Afrikatik datorren migrazioaren kudeaketan duten zereginak direla eta». Gainera, estaturik gabeko eskualdeek eta nazioek Migrazio eta Asilorako Europako Itunean izan behar duten zeregina nabarmendu dute. Itun hori ekainaren 12an sartuko da indarrean, eta, abian jartzeko, besteak beste, mugen kudeaketa, harrera mekanismoak, nazioarteko babes prozedurak, jarraipen dispositiboak eta elkartasun tresnak mugako lurraldeen errealitatera egokitu beharko dira, agirian jaso denez.
«Estatuak bere etxeko lanak egin behar ditu behingoz, eta gai horren inguruko zalantza normatibo eta operatibo guztiak argitu behar ditu. Horregatik, Euskadik eta Kanariek harrera eredua argitzeko eskatu diegu ministerioari eta Europako Batasunari, eta arreta mekanismoetarako ondorioak ere argitzeko», azaldu du Pradalesek.
Jaurlaritzako lehendakariak Clavijo Kanarietako agintari gorena hartu du goizean, Ajuria Enea jauregian. Bi buruzagiek egiten duten hirugarren bilera izan da hori. 2024ko abenduan, proposamen bateratu bat egin zuten inoren kargura ez dauden adingabeak hartzeko, eta, ondoren, Pedro Sanchezen gobernuari migrazioa kudeatzeko plan integral bat eskatu zioten. Iazko irailean, berriz, Pradales Kanariar Uharteetan egon zen. Han, erkidego biek protokolo bat sinatu zuten migrazioaren kudeaketan, Lanbide Heziketan eta ekonomia urdinaren sustapenean laguntzeko, besteak beste.
Clavijoren gonbidapena
Bi buruzagiek sinatutako idatzi berrian, Pradalesek eta Clavijok gogorarazi dute migratzaileei zuzendutako baliabideen kudeaketa «zuzenean» eragiten dien «erronka» dela, eta, beraz, haien «ahotsa entzutea» eta hori «kudeatzeko gaitasun handiagoak izatea» eskatu dituzte. Hala, eskatu dute migrazioaren inguruko itunaren hedapena ez dadila diseinatu «soilik estatu logika zentralizatu batetik», «ez eta migrazio errealitatearen irakurketa partzial batetik ere»; aitzitik, galdegin dute migrazio ibilbideen ondorioak «zuzenean kudeatzen dituzten lurraldeen esperientzia» txertatzeko.
«Euskadi ez da bakarrik pasaerako lurralde bat: erantzun humanitario egonkor bati eusten dio, migratzaileei arreta ematen die, baliabide publikoak eta sozialak koordinatzen ditu, Bidasoa inguruan arrisku egoerak saihesteko lan egiten dihardu, eta Europa iparralderako migrazio ibilbideen barruan funtsezko posizio batean kokatzen da», gogorarazi du Pradalesek.
Clavijok, berriz, gobernu bien arteko harreman onak azpimarratu ditu, eta Pradales gonbidatu Kanarietara joateko, Leon XIV.a aita santuak hara egingo duen bisitaldian, ekainaren 11 eta 12an. «Agendaren arabera», ahaleginak egingo ditu lehendakariak han egoteko.