Pradalesek eta Txibitek «arrakastatsutzat» jo dute eklipsearen eguna

Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman dizkie herritarrei, eta nabarmendu du ez dela «istripurik» egon. Txibitek esan du Nafarroan «inoiz martxan jarritako operazio konplexuenetako bat» izan dela. 58 lagun artatu dituzte begietako kalteengatik.

Ehunka lagun eklipseari begira, atzo, Lekeition. MIGUEL TOÑA / EFE
Ehunka lagun eklipseari begira, atzo, Lekeition. MIGUEL TOÑA / EFE
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 13a
09:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aholkuak, neurriak, trafiko etenak, betaurrekoak, eta, azkenean, iluna eta gero berriro ere argia. Dagoeneko izan da eklipsearen «egun historikoa», eta horri buruzko balorazioa egin dute Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Biek ala biek «arrakastatsutzat» jo dute atzoko eguna, eta antolaketan egindako lana goraipatu. Are, Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman dizkie herritarrei eklipsearen aurretik eta ondoren izandako «jarreragatik», eta nabarmendu du ez dela «gertakari larririk edo istripurik» egon.

Eusko Jaurlaritzak 15:00etan aktibatu zuen LABI Babes Zibileko Planeko alerta fasea, arratsaldeko lehen ordutik trafiko handia egotea espero baitzen. Horrez gain, bero handia egin zuen Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta Araban eta Nafarroan, adibidez, sute arriskuaz ohartarazi zuten. 23:00etan jo zuten bukatutzat alerta fasea. 

Nafarroako Gobernuko presidenteak ere eskerrak eman dizkie atzoko egunaren antolaketan parte hartu zuten «herritarrei, boluntarioei eta profesionalei». Haren arabera, Nafarroan «inoiz martxan jarritako operazio konplexuenetako bat» izan zen atzokoa. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek, berriz, jakinarazi zuen «guztiz normal» jardun zutela, aparteko istilurik edo gertakaririk gabe.

Euskal Herriko milaka herritarren antzera, zerura begira egon ziren atzo Pradales eta Txibite ere. Jaurlaritzako buruak sare sozialen bidez egin zuen gertakizunaren balorazioa: «Gaur zerua izan da protagonista. Ahaztezina izan da». Txibitek Arguedasko (Nafarroa) Sendaviva parketik ikusi zuen eklipsea. Han bertan egin zituen adierazpenak, eta «naturak emandako oparitzat» jo zuen gertakizuna, zeina «bizi osoan» gogoratuko den. 

Larrialdietako SOS Deiak zerbitzuak jakinarazi du, bestalde, atzo gauean bederatzi erreskate egin zituztela eklipsea ikusteko joan-etorrien harira, 18:00etatik 22:00etara artean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, erreskate horietako zortzi mendi eremuetan izan ziren, hala nola Aiako Harrian, Aizkorrin, Olarizun eta Xoxoten. 

Aurreneko kontsultak

Behin eta berriz esan dute azken asteotan: babes egokirik gabe eklipseari zuzenean begiratzeak kalte larriak eragin ditzake ikusmenean. Eta, halere, gaur goizean goizetik denera 58 pertsona joan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetara, begiko minez eta molestiez galdezka.

Donostia ospitaleko Larrialdietako buru Oihana Ormazabalek eman du datua, Gipuzkoako hiriburuko ospitalearen atarian egindako prentsaurrekoan. Jakinarazi duenez, horietatik 36 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan artatu dituzte, eta 22 lehen arretako zentroetan. Nabarmendu du, halere, haiek guztiek sintoma arinak edo oso arinak dituztela, eta oraingoz ez dutela kasu larririk atzeman.

Nafarroan, bestalde, atzo zazpi lagun artatu zituzten begietako mina dela-eta. Halere, kasu horiek ere arinak zirela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA