Legealdiaren erdira iritsita, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hainbat gai lantzeko elkarrizketa eman dio EITBri. Bolo-bolo dabiltzan auziak izan dituzte hizpide, besteak beste Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko prozesua. Esan du «errespetatu» egiten duela orain arteko eztabaida, eta gogorarazi du ekainaren 25ean izango dela behin betiko bozketa Eusko Legebiltzarrean: «Uste dut aukera eman behar zaiola momentu honetan zabalik dagoen negoziazioari. Itxaropentsu ikusten dut datorren 25ean etor daitekeena».
Hain zuzen, epaitegiek euskara eskakizunen aurka eman dituzten epaien harira, Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen tramitatu dira Eusko Legebiltzarrean: EAJk landua bat, eta EH Bildurena bestea. Joan den astean Eusko Legebiltzarreko Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordea elkartu zen, eta, bertan, EH Bildu abstenitu egin zenez, EAJren testua atera zen aurrera; aldiz, EH Bildurena bertan behera geratu zen. Datorren ostegunean izango da behin betiko bozketa, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Pradales: «Oso beharrezko deritzot 25ean lege proposamen bat aurrera ateratzeari, eta, printzipioz, aukera bakarra EAJren lege proposamena da».
«Oso beharrezko deritzot 25ean lege proposamen bat aurrera ateratzeari, eta, printzipioz, aukera bakarra EAJren lege proposamena da»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Beste zenbait gai ere izan ditu hizpide Pradalesek. Etxebizitza bada herritarrentzat kezka iturri. Horren harira, esan du egungo egoerari ezin zaiola erremedioa berehala jarri: «Ezin dugu pentsatu eta herritarrei esan: 'Hau nik konponduko dut egun batetik bestera'». Hots, nabarmendu du «denbora pixka bat» beharko dela «ereindakoaren fruituak» jasotzeko. Eta zehaztu du: «Horrek ez du esan nahi bukatu dugunik. Agintaldiko hurrengo bi urteetan beste neurri batzuk ere aurkeztuko ditugu». Gainera, etxebizitza gehiago eraikitzea hobetsi du, eta beste alderdiei ere erantzukizuna galdegin die, «pertsona eta alderdi askoren eskuak» beharko direlako. Dioenez, neurri nagusia etxebizitzarako gizarte funtsa izango da, «tresna publiko-pribatu oso indartsua»; 2.000 milioi euro erabili asmo ditu «hurrengo urteetan 10.000 etxebizitza eraikitzen hasteko».
Medikuen grebaz ere galdetu diote. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak zenbait sindikaturekin hitzartu zuen osasun langile publikoen esparru estatutua; medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute. Pradalesek estatutu hori alde batera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuko Osasun ministro Monica Garciari, eta, gatazka konpontzeko gai ez bada —bosgarren astea dute greban—, «alde batera» bazter dadila. Gainera, uste du greba horiek «suntsitu» egin dituztela Osakidetzan azkenaldian lortu dituzten hainbat «aurrerapen»: «Hemen ari gara ondorioak jasaten».
Ertzainei, «autokontrol» eske
Pradalesek uste du GKSk eta Ernaik «etsai komuna» dutela: Ertzaintza. Haren esanetan, iaz ere «liskarrak» egon ziren festetan, eta aurten ere «prest» egongo dira, «istiluren bat» egongo balitz ere. Eta politikari eta erakunde guztiei eskatu die Ertzaintza defendatzeko.
Dena den, nabarmendu du Ertzaintza «balorazio onenetarikoa» duen erakundea dela eta horrek «erantzukizuna» eskatzen duela. Horregatik, uste du beharrezkoa dela «ekintzetan autokontrol pixka bat» edukitzea.