Funtzio publikoko langileei euskararen ezagutza egiaztatzeko ezartzen zaizkien hizkuntza eskakizunak auzitan jarri dituzte maiz epaileek urteotan, eta kimatu egin dute horiek ardazten dituen legeria. Oldarraldi judizial horri murru bat jartzeko ahaleginetan, hilabeteotan Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamen tramitatu dira Eusko Legebiltzarrean: EAJk landua bat, eta EH Bildurena bestea. EAJk lehen ahaleginak egin zituen bere proposamenaren inguruan akordioren bat erdiesteko PSE-EErekin, baina ez zuten fruiturik eman elkarrizketa haiek. Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordea elkartu da gaur goizean, eta han EAJrena atera da aurrera, EH Bilduren abstentzioari esker. EH Bilduren proposamena, aldiz, bertan behera geratu da.
Ikusi gehiago
EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak gogoratu du proposamenaren helburu behinena izan zela hizkuntza eskakizunen gaineko eztabaida «epaitegietatik legebiltzarrera» eramatea. «Eta bide bat egin dugu». Beren proposamenaren muinaren defentsa egin du, sindikatuen eta euskalgintzaren babesa duela gogoratu du, eta nabarmendu du, gainera, Katalunia eta Galiziako ereduak oinarri hartuta proposatu zutela. Jeltzaleen proposamenarekin hasieratik «kritikoak» izan direla esan du, eta hala ere «akordioaren» alde egin behar dutela. «Bildurentzat, akordiorik eza ez da aukera bat; ezin dugu onartu, eta azken minutura arte ahaleginak egingo ditugu». Ekainaren 25ean helduko da jeltzaleen proposamena osoko bilkurara, orduan jaso beharko du behin betiko onespena, eta esan du ezin dela aurreratu han orduan jarrera hori bera hartuko dutenik. Negoziatzen ari direla gogoratu du, eta ahalegin guztiz jarraituko dutela asteotan ere: «Lanean jarraitzea tokatzen zaigu».
EAJren izenean, Markel Olanok gogorarazi du berebiziko garrantzia duela administrazio publikoa elebiduna izateak, eta horregatik bermatu behar dutela orain hasi duten prozesu honetan hizkuntza eskakizunak eskatzeko prozesuen «segurtasun juridikoa». Gero, ordea, hori beste bide batzuetatik ezin dela urratu nabarmendu du. «Hemen azaltzen den borondate demokratikoa guztioi errespetatzea tokatzen zaigu», zehaztu du. «Guk legea zorroztuko dugu, baina nahi dugu gero hori estamentu guztiek errespetatzea». EAJk ohar batean gehitu du «elkarrizketarako bidea» zabalik dagoela osoko bilkurara arte: «Lanean eta negoziatzen jarraituko dugu, euskarak aurrera egiten jarraitzeko aukera emango duen akordioa lortzeko, hizkuntzaren etorkizunerako bereziki garrantzitsua den honetan».
Gainerako talde politikoek bi proposamenen kontra egin dute. Sumarrek adierazi du erreforma proposamen horietan hartu den bidearen ordez langileak euskalduntzeko bide sendoagoak ezartzea lehenetsi behar litzatekeela. PPk eta Voxek esan dute «inposizioan» oinarritutako proposamenak direla, eta PSE-EEk, berriz, deus ez dela konponduko aldaketa eginda, eta lan eskaintza publikoen «segurtasun juridikoa» urritu besterik ez dela egingo.
Aste hasieratik
Akordioren baterako zirrikitua egon zitekeela argi zegoen ja aste hasieratik. Erreforma proposamenak aztertzeko lantaldeak bilkura egin zuen, eta han EAJren aldeko keinu bat egin zuen EH Bilduk: zuzenketak erreforma proposamenean sartzeko bozketan EAJren zuzenketak sartzeko modua eman zuen abstentzioaren bidez. Orduan ere argudiatu zuen Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren eztabaidan jeltzaleekin egiten ari diren «negoziazioan» jarraitzeko hartu zutela erabaki hori. «Euskarak eta Enplegu Publikoaren Legeak adostasun zabalak eskatzen dituzte».
EAJk ez zuen asteleheneko keinuaren gaineko baloraziorik egin nahi izan. Jeltzaleek publikoki sarri argudiatu dute, ordea, beren proposamena eta EH Bildurena oso ezberdinak direla, eta nekez uztar daitezkeela. Horiek horrela, EAJko kideek hainbatetan egin duten eskea izan da EH Bilduk abstentzioaren alde eginda beren proposamena aurrera ateratzea.
Jeltzaleen proposamenaren funtsa da hizkuntza eskakizunak ezartzeko egun erabiltzen den derrigortasun indizea ezabatzea; epaile askok justu horren kontra egin dutenez, erabaki hori hartuta erakunde publikoek segurtasun juridiko handiagoz jarduteko bidea izango dutela uste dute jeltzaleek. EH Bilduren proposamenaren muina da, berriz, egungo eredua iraultzea: enplegu publikoko sarbiderako hizkuntza eskakizunen derrigortasuna orokortu egin nahi dute, eta gero bide batzuk bilatu nahi dituzte eskakizun hori malgutzeko: geroratzeko.
Proposamenen gaineko zuzenketak ere aurkeztuak dituzte bi taldeek. EH Bilduk, zehazki, geroratze hori egiteko moduaren inguruko zehaztapenak findu ditu horien bidez. Definitu egin du, adibidez, horretarako garatu nahi duten indizea: «Progresibotasun indizeak adierazten du entitate bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna gehienez geroratu daitekeen lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa». Zehaztu du tokian-tokian euskarak duen ezagutza kontuan hartuta kalkulatuko dela indize hori, eta konplitzetik salbuetsiko direla euskaldunak eta euskaldun hartzaileak aintzat hartuta egiten den kalkuluaren emaitza %70etik goragokoa duten administrazioak. Zehaztu egin du plan bakoitzean indize hori murrizteko «konpromisoa» ere: «Gutxienez %5, eta gehienez %15».
EAJk proposatu dituen aldaketa nagusietako bat da lan eskaintza publikoetan «derrigortasun geroratuaren figura» orokortzea. «Zehazki, zuzenketak zera planteatzen du, administrazio publikoek hizkuntza profila duten lanpostuak ezarri ahal izatea, baina profil horren eskakizuna denboran geroratuta».