Enplegu publikoaren legearen erreforma onartu eta biharamunean hartu du Markel Olanok (Beasain, Gipuzkoa, 1965) BERRIA, Eusko Legebiltzarrean. «Euforia girotik» urrun da, baina pozik emaitzarekin, egindako lanak «bere fruituak» eman dituelakoan. Lege aldaketa «balio handikoa» dela azpimarratu du, «arazo bati konponbidea emango diolako». Eta garrantzia eman dio EAJk hori lortzeko egindako «mugimenduari». «EAJ mugitu egin da, eta mugimendu politiko horrek emaitza ekarri du». Zehaztu du, ordea, bide bat amaitu eta beste bat hasi dela orain.
Zer balorazio egin duzu eztabaidan entzundakoaz? Harritu zintuen zerbaitek?
Nork bere balorazio politikoa egin zuen, eta bere espazio politikoa defendatu. Hori tokatzen zen, eta ez ninduen ezerk harritu alde horretatik. Nire tesi nagusia izan zen euskararen biziberritze prozesuak espazio zentral bat behar duela, eta espazio horrek oinarrian daukan behar nagusia elkarrekiko errespetua dela. Errespetuzkoa izan zen eztabaida, eta hori pozgarria da, baina oraindik asko daukagu egiteko.
Akordioaren garrantzia nabarmendu zenuten bai EAJk eta bai EH Bilduk. Baina ituna egitea ez zen erraza izan. Nolakoa izan zen negoziazioa?
Negoziazio horrek lotura dauka PSE-EErekin aurretik izan genuenarekin. Guk garbi geneukan lan eskaintza publikoen prozesuak arazo larria zeukala auzitegietan; guretzat konpondu beharrekoa zen, eta, beraz, ekimen politiko bat behar genuen. Baina ez genuen lortu Alderdi Sozialistarekin adostea. Hala ere, jada aurreratuta geneukan EH Bildurengana jo genuenerako. EH Bilduk ere prest zeukan berea ordurako, baina hasieratik ikusi genuen kontrajarriak zirela eta zaila zela erdibideko bat topatzea. Haserretu egin ziren pixka bat guk ez genuelako ahalegin hori egin. Baina gure helburua zen gaur egungo eredua indartzea, eta EH Bilduk beste eredu bat jarri nahi zuen martxan.
Zerk eman du modua balantza zuen aldera erortzeko?
Politikan bidea jorratu behar da, eta irtenbidea bilatu. Gainontzean, blokeo politiko bat izaten da, eta hemen aukera handiak geneuzkan horretarako. Guk ikusten genuen aukera bakarra zela gure proposamenarekin hastea, zeren, azkenean, joan den hamarkada luzeetan administrazioa euskalduntzen jardun duen eredua da. Horregatik esaten genion EH Bilduri errazagoa zela eredu hori fintzea eta hobetzea, eta gero elkarrekin ebaluatzea. Eta, tira, ikusita nola joan den ez bakarrik prozesua, baita horrek komunikabideetan eta gainontzeko eragileetan izan duen erantzuna ere, iruditzen zait ez zaiola behar adinako garrantzia eman. Bi sentsibilitate politikok, tradizio oso desberdinak dituzten bi alderdik hiru urtean tresna ordenatu bat izatea elkarrekin azterketa bat egiteko, horrek sekulako balio politikoa dauka, nire ustez. Baina ez zaio aitortzen. Ez gaude horretara ohituta, eta, gainera, askotan ahuldadetzat hartzen da. Apustuak sakonak eta inportanteak direnean horrelako harremanak eta esperientziak gauzatzen jakitea garrantzitsua da.
«Tradizio oso desberdinak dituzten bi alderdik hiru urtean tresna ordenatu bat izatea elkarrekin azterketa bat egiteko, horrek sekulako balio politikoa dauka, nire ustez. Baina ez zaio aitortzen»
Hasieratik negoziatu zenuten zuen proposamenaren inguruan?
Bai, guk hasieran esan genien ez genuela ikusten aukerarik bi ereduen arteko erdibideko bat gauzatzeko. Guk esaten genuen ikusi egin behar zela guk proposatutako aldaketak zer emaitza izango zuen, eta hori garatu ondoren hartu zitezkeela erabakiak. Uste dut zuhurtzia ariketa handia egin dugula. Askotan, pragmatismo hitza gutxietsi egiten da, erdipurdi aritzearen sintomatzat hartzen baita. Baina, kasu honetan, pragmatismoa balio politiko inportantea da. Eta bai EH Bilduk eta bai guk pragmatismo ariketa bat egin dugu. Apustu politiko bat egin dugu arazo larri bat konpontzeko helburuz.
Aitortu zenuen akordioa egiteak «ahalegin handia» eskatu dizuela, eta «tentsioa» sortu zuela alderdian. EAJk ezin du urrunago joan euskarari dagokionez?
Tentsiorik ez dela izan esaten duen edozein eragilek gezurra dio. Gure ibilbideak eta azken hilabeteetako jardunak agerian utzi du EAJk euskararen normalizazioari eta administrazioaren euskalduntzeari ematen dion lehentasuna. Horrek tentsioa sortu du Alderdi Sozialistarekin. Eta Alderdi Sozialista erakunde nagusietan dugun bazkide nagusia da. Normala da egonezin politikoa sortzen denean alderdietan eztabaidak sortzea. Hala ere, uste dut batzuk bere konfort eremuan daudela, besteei zer egin behar duten esaten. EAJ mugitu egin da, eta mugimendu politiko horrek emaitza bat ekarri du.
Zerk eragin du tentsioa, proposamena bakarrik aurkezteak ala EH Bildurekin akordioa egiteak?
Denak, prozesu guztiak. Guk, lehenik eta behin, Alderdi Sozialista kontra egonda aurkeztu genuen lege proposamena. Hamar urtean ez dugu halakorik egin. Hori mugitzea ez baldin bada, zer da? Eta, kasu honetan, ez dugu Alderdi Sozialistaren beto eskubiderik onartu. Eta gero, bigarren mugimendua EH Bildurekin ahalegina egitea izan da, nahiz eta oposizioko alderdi nagusia izan. Gobernuan dagoen alderdi batek ariketa hori egitea bere konfort zonatik ateratzea da. Malgutasun handia eskatzen du horrek, eskuzabaltasun handia.

Hedatu daiteke akordio hori beste gai batzuetara? Otxandianok hala eskatu zuen.
Uste dut analisia pixka bat nahastu egin daitekeela Pello Otxandianok ostegunean egindako irakurketa nagusituko balitz. Guk egin dugun ahalegina euskararen inguruko espazio zentral hori indartzeko izan da. Eta PSE ere espazio horretara batzen ahalegindu behar dugu, erdiko espazio horrek adostu behar baitu normalizazio eredu bat. Izan ere, iruditzen zait gizartean haustura bat izateko arriskua dagoela, selektibitatearekin ikusi den moduan. Beste zenbait erronka sozialetan distantzia handia dugu EH Bildurekin, eta horrek zaildu egiten du akordioa.
Baina nola erakarri PSE-EE? Urrun dagoela ematen du.
Arrazoi duzu, zaila dirudi. Baina nik bereizi egingo nituzke bi kontu. Zailtasunak izan ditugu enplegu publikoaren inguruan, baina zailtasun horiek gainditu egin behar ditugu euskararen normalizazio estrategiari dagokionez. Izan ere, ekimen garrantzitsuak ditugu hor: Eusko Jaurlaritzaren Jauzia Gara eta Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunea, esaterako. Alor horietan oinarrizko akordioa lortzea estrategikoa da guretzat, eta ahalegin guztia egingo dugu lortzeko.
PSE-EEk ez du administrazioa euskaldundu nahi?
Ez nuke halakorik esango. Alderdi Sozialistak esan du talka bat dagoela hizkuntza eskubideen eta langileen eskubideen artean, eta argi dutela talka horretan langileen alde egingo duela. Ni beti saiatu naiz tesi hori gezurtatzen eta konbentzitzen ezin direla eskubideak talkan ipini. Ikuspegi partzial horiek gainditu behar ditugu, eta ahalegina egin behar dugu ikuspegi orokor batean Alderdi Sozialistarekin oinarri komun batzuk jartzeko.
PSE-EE jarraipen batzordera batzeko eragozpenik izango zenukete?
Guk EH Bildurekin daukagu akordioa, eta hori aldatzeko mugimenduak adostua izan beharko luke. Hitz egin beharko genuke. Oraingoz ez dago proposamenik, hala ere.
«[PSE-EErekin ados jartzeko] Zailtasunak gainditu egin behar ditugu euskararen normalizazio estrategiari dagokionez. Akordioa lortzea estrategikoa da, eta ahalegin guztia egingo dugu lortzeko»
Beste aldetik ere egon dira kritikak. Kontseiluak balorazio «gazi-gozoa» egin zuen adostutakoaz. Zer iritzi diozu?
Guk interpretazio bat egin dugu arlo juridikoan, baina ikuspegi politikotik edo sozialetik begiratuta. Eta interpretazio horri egin diogun ekarpena izan da euskal administrazioko jurista nagusiek egin dutena. Esango nuke hori guztia mespretxatzea eta gutxiestea ez dela ariketa egokia, Kontseiluak eta beste eragile batzuek egin duten bezala. Ez dut esaten haien ikuspegia baztertu behar denik. Baina iruditzen zait askotan interpretazio itxiegiak egiten direla eta esperientzia juridiko eta instituzionala zakarretara botatzen dela oso modu friboloan. Nik kritika hori egiten diot Kontseiluari. Hemen inor ez da egiaren jabe, eta arlo juridikoan gutxiago. Bestelakoa da ELAk egin duena. Etxekalte aritzea da hori.
Argi esan zenuen: «Hizkuntza eskakizunak ez dira areagotuko». Hortaz, ez da aurrerapausorik emango euskararen normalizazioan?
1995ean funtzionarioen %34k zeukaten hizkuntza eskakizuna egiaztatuta, eta orain %90ek daukate. Horrek esan nahi du euskalduntze prozesu bat egon dela administrazioan, eta guk prozesu horrekin aurrera jarraitu nahi dugu, orain arteko bidean. Izan ere, atzera egiteko arriskua zegoen. Horregatik egin dugu lege aldaketa.
Akordioan jasotzen da, ordea, beste proposamen bat landuko dela, beste erkidegoetako ereduetan oinarrituta, baldin eta egiaztatzen bada onartutako lege aldaketak ez duela funtzionatzen. EH Bilduren proposamena baztertzea esan nahi du horrek?
Akordioan jartzen du jartzen duena. Zera esaten da: ondorioztatzen bada lege berriak egiturazko nahikotasunik ez duela, azterketa bat jarriko dela martxan proposamen berri bat egiteko gero. Aipatzen da beste erkidegoetako kasuak baliatuko direla horretarako, baina baita gure esperientzian pilatu diren elementu guztiak ere. Testuak hori esaten du, eta gero bakoitzak bere interpretazioa egin dezake. Guk diogu funtsezkoa dela edukiak kontuan hartzea, baina definizio zehatzegi bat egitea ez dela ona. EH Bilduren proposamenak eredu bat ezartzen du, eta guk esaten dugun eredu horren erreferentziak kontuan hartuko direla proposamen berri bat lantzeko. Malgutasuna ere inportantea baita, ez dakigulako zer etorriko zaigun.
«EH Bilduren proposamenak eredu bat ezartzen du, eta guk esaten dugun eredu horren erreferentziak kontuan hartuko direla proposamen berri bat lantzeko»
Jaurlaritzari dagokio orain dekretua egitea. Horren bidez finkatuko dira hizkuntza eskakizunak zehazteko irizpideak, eta baita derrigortasun geroratuaren figura ere. Zenbat denbora emango zaio langileari profila egiaztatzeko?
Gure ustez, profilaren araberakoa izan behar da epea. Baina hori ezarriko duena, neurri handi batean, HABE izango da. Oso zehaztuta baitu zenbat denbora behar duen pertsona batek profil horietara iristeko. Baina guk argi daukagu prozesuak hasiera eta bukaera izan behar dituela; ezin da mugarik gabe luzatu.
Erakundeen esku geratuko da erabakitzea zenbat lanpostutan egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna. Nahierara aritzeko arriskua badago?
Guk badaukagu ziurtasun bat: administrazio publiko bakoitzak bere hizkuntza plangintza egin beharko duela. Irizpide inportantea da. Eta hori modu proportzionalean, arrazoituan eta eraginkorrean egin beharko du. Administrazio bakoitzak bere markoa izango du, eta malgutasuna, baina baita helburu bat ere. Askotan mamu bat sartu nahi izaten da, baina dekretuak berak eta Hizkuntza Politikako Sailak definituko dute eremua, eta horri egokitu beharko zaio. Batzuek besteek baino plangintza anbiziotsuagoak egingo dituzte, baina beti proportzionaltasuna kontuan hartuta.