Preso ohi batzuek elkarretaratzea egin dute Koldo Mitxelena Kulturunean —han jarri dituzte artelanak; denak presoenak—, eta azpimarratu dute horietako batzuk erakusketatik kanpo uztearen “arrazoi bakarra” dela “euskal preso politikoak egindakoak direla”, eta ez horien edukiekin "biktimak" mintzen dituztela. Maitane Sagastume preso ohiak, talde horretako kideen izenean, adierazi du oso larria dela erabakia. “Batzuen [ETAren indarkeriaren biktimen] mina eta sentsibilitatea zaindu egiten da, eta beste batzuena ahaztu, txokoratu, zapuztu”.
Talde horretan biltzen diren preso ohiek ohar bat kaleratu dute eta Donostia 2016 Fundazioari leporatu diote “bi gauza nahastea”: “biktimen mina, eta, helburu politiko zehatz bati jarraikiz, lobby gisa ari den ‘terrorismoaren biktimen’ elkarte jakin baten txaloak biltzeko nahia”. Azpimarratu dute erakusketaren arduradunek adierazpen askatasuna “sakrifikatu” dutela. “Eta hau guztia egiten da biktimen mina baliatuz, errelato bat inposatzeko asmoarekin, beste behin”. Talde horren ustez, biktimen izenean “hainbat aberrazio” burutu dira eta burutzen ari dira euskal presoen aurka; “EAJk ikusi nahi ez dituenak, nonbait”.
Gogoratu dute, besteak beste, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasteko aukera “ukatzen” dietela; zigorrak “arbitrarioki” luzatzen dizkietela; presoen sakabanaketan eta urruntzean “sakontzen” ari direla Espainiako eta Frantziako estatuak; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 11 presoen kaleratzea ukatzen ari direla; elkartasuna adieraziz egiten diren hainbat ekitaldi jazarriak izaten ari direla; eta presoek espetxetik aterata jasotzen zuten subsidioa ezabatu eta preso ohiei hainbat lanpostutan aritzeko eskubidea ukatzen ari dietela, “administrazioan eta administraziotik kanpora”. “Eta, orain, arte lanak erakusteko aukera ere”.
'Kalera, kalera' dinamika
“Horregatik guztiagatik”, Kalera, kalera dinamikan parte hartzera deitzen deitu dute preso horiek. Abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra, Usurbilen (Gipuzkoa) itxialdia egingo dute hori, eta Kaleragunea izena izango duen esparru horretan jarduera ugari antolatuko dituzte; besteak beste, “giltzapetutako ahotsen espresio artistikoak” erakutsiko dituzte. Era berean, herri eta auzoetan jarduera eta mobilizazio ugari egingo dituzte, Usurbilen egingo denaren osagarri.