PSNk bat egin du beste espetxe politika bat beharrezko den aldarriarekin. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu dute testua, eta puntu nagusiarekin bat egin dute sozialistek. "Nafarroako Parlamentuak beharrezko ikusten du beste espetxe politika bat ezartzea, euren gizarte eta familiaren erroetatik urrun diren tokietan bete behar ez ditzaten zigorrak".
Hala ere, agiriak beste bi puntu zituen, eta horietan kontra bozkatu du PSNk, Navarra Sumarekin batera. 2016ean, Olga Comes preso nafarraren lagun batek auto istripua izan zuen Mansillako kartzelarako bidean, eta hari elkartasuna adierazi nahi izan dio parlamentuak, istripu hura "sakabanaketaren ondorioz izan zelako". Agiriak gaineratzen zuen, presoen senideak ehunka kilometro egitera derrigortuta daudela asteburu oso euren senide eta lagunei bisita egin ahal izateko.
Halaber, hirugarren puntuan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion dagozkion mugimenduak egin ditzala preso nafarrek Iruñeko espetxean izan daitezen. Hori ere ez da aurrera atera.