«Presoekin hitz egiteak izan beharko luke normala»

Etxerat-ekin Rafa Diezekin biltzeagatik egin du agerraldia Jonan Fernandezek, PPk eskatuta

Fernandez, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian, atzo. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Normala ez dena ez hitz egitea da». Hitz horiekin erantzun die Jonan Fernandezek Etxerat elkarteko kideekin eta Rafa Diez preso dagoen LABeko idazkari nagusi ohiarekin biltzeagatik haren aurka eginiko kritikei. «Neurriz kanpokotzat» jo ditu bereziki PPko kideek esandakoak. «Legezkotasun, normaltasun eta egokitasun esparru batean» kokatu ditu bilerak, eta PPkoei gogoratu die Jose Maria Aznar alderdi horretako buru eta Espainiako Gobernuko presidente ohiak, gainontzeko gobernuburuek bezala, ETArekin negoziatu zuela eta, besteak beste, presoak ere solaskide izatea onartu zuela.

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordean agerraldia egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak, PPren eskariz, azaltzeko «zergatik bildu den ETAko presoekin eta haien senideekin, zer konpromiso ezarri diren ondoren eta zer asmo dituen gerora haiekin biltzeari dagokionez». Haiekin izandako hartu-emanak berretsi ditu Fernandezek, baina ukatu egin du konpromisorik hartu duela haietako inorekin.

Otsailaren 25ean bildu zen Fernandez Etxerat-eko kideekin, Lehendakaritzan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera. Haiekinbatzartu izanaz, Fernandezek azaldu du presoen senide eta lagunen «ikuspuntuak» entzutea eta sakabanaketa politikak haiengan duen eraginaren testigantza jasotzea zela haren helburua. «Sakabanaketak familiak zigortzen ditu, eta senideek ez dute deliturik egin. Horrek beharrezkoa ez den giza eta gizarte kostua dauka», salatu du. Egindako kritikei erantzunez, berriz, Fernandezek gogoratu du Etxerat legezko erakundea dela eta nabarmendu du gisa horretako bilerak «normal» egin beharko liratekeela. «Presoekin hitz egitea izan beharko luke normala. Normala ez dena ez hitz egitea da», azpimarratu du.

Rafa Diezekin , berriz, martxoaren 11n bildu zen, El Duesoko espetxean (Kantabria, Espainia). Fernandezek gogoratu du bilera hori «legezkoa» zela eta Espainiako Gobernuaren «baimena» zuela —bisita, baina, eten behar izan zuten, kartzelako zuzendaritzak «politikari buruz» hitz egiten ari zirela argudiatuta—. Han hitz egindakoari buruz, Fernandezek argitu du ezker abertzaleak «indarkeriaren amaierarantz eginiko trantsizioan pertsona nabarmenetako bat» dela Diez, eta haren ikuspuntua «interesgarria» dela. Diezekin «gogoetak partekatzea» zen bileraren xedea, eta ez zuten etorkizunerako konpromisorik ezarri, ez zelako hori asmoa, Fernandezen arabera: «Egoera politikoaz eta etorkizunaz hitz egiten aritu gara, ez negoziatzen».

Etxerat, PPren jo puntuan

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak ez du ontzat hartu Bake idazkariaren azalpenak, eta salatu du Eusko Jaurlaritzak eta presoek estrategia bera partekatzen dutela. «ETAko presoen abokatu gisa jardutea» leporatu dio Fernandezi. Rafa Diez, berriz, «ETAko kidetzat» jo du Barriok, eta Etxerat «ETA babesteko erakunde politikotzat».

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok, berriz, «tamalgarri» deritzo Fernandez Etxerat eta Diezekin biltzeari, argudiatuta ETAri ez diola eskatu desagertzeko. Terrorismoaren biktimak «gehiago eta hobeto» zaintzeko eskatu dio Maneirok. Antzera mintzatu da PSE-EEko Rodolfo Ares. «Bake idazkariak ETAri eskatu beharko lioke eragindako mina aitortzeko»

Bi bilerak ontzat jo dituzte EAJk eta EH Bilduk. Koalizioko legebiltzarkide Julen Arzuagak, baina, Fernandezi eskatu dio argitzeko zer egin asmo duen presoen eskubideak «bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.