EUSKAL PRESOAK

Presoen eskubideen alde batzera deitu du Sarek gaur zortzirako

Manifestazio bat egingo du Bilbon, 12:30ean, konpartsekin batera antolatuta. "Korapiloak askatzeko unea" dela nabarmendu dute.

Azkarraga eta Atxa, gaurko agerraldian. SARE
jon olano
2019ko abuztuaren 16a
09:45
Entzun

Sare Herritarrak agerraldi bat egin du gaur goizean, datorren ostiralean Bilbon egingo duten manifestazioaren berri emateko. Agerraldian, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek azaldu dute "urte berezia" dela 2019a; batetik, bost urte bete direlako Sare sortu zenetik, eta, bestetik, "azken urtebetean eman diren urratsek garai berri bat ekarri dutelako Euskal Herrira, konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako esperantza eta aukera eskaintzen duena".

Bozeramaileek azpimarratu dute "korapiloak askatzeko unea" dela: "Urteetan indarkeria ezberdinek sortutako min eta zauriak lantzeko unea da, ezberdinen arteko enpatia ariketak erdigunera ekarriaz eta memoria, errespetua eta aitortza guztientzako oinarri gisa hartuaz". Era berean, erantsi dute garaia dela "egun oraindik ere hainbeste sufrimendu sortzen duen salbuespeneko espetxe politikaren auziari aterabidea emateko".

Gogora ekarri dute 91 euskal preso daudela "salbuespen legeriaren mende": "Horietatik %75 bizilekutik 500 kilometrotik gora urrunduak. Sei dira larriki gaixo dauden presoak, horietatik bi, espetxean diren beste 14 bizkaitarrekin batera, 20 urte baino gehiago daramatzate preso". 79 preso dituzte lehen graduan, eta zigorren batuketarik ezak hamazazpi presori "zigor gehigarria" eragin die, Sareren iritziz: "Horrek guztiak, euren etxerako bidea egiteko oztopoak dakartza, egoera luzatu eta zigorra legedia ezohikoen bitartez gogortuz".

Atxak eta Azkarragak nabarmendu dute Sare ez zela "presoen auzian, instituzioen edo alderdien lana ordezkatzeko jaio", "gizarte zibila aktibatzeko" baizik, eta herritarrei dei egin diete manifestazioan parte hartzera, "gure izenean inork ez ditzan euskal presoen oinarrizko eskubideak urra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.