Bestelako espetxe politika baten aldeko mobilizazioak egin ohi zituzten hilero sindikatuek, baina COVID-19aren izurriak geldiarazi zuen dinamika hori. Orain, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek jakinarazi dute hileroko mobilizazioei berrekingo dietela, «arrazoizko epe batean euskal preso guztiak jendarteratzea bilatuko duen kartzela politika berri baten alde».
Bihartik hasiko dira berriro mobilizatzen; 11:30ean elkartuko dira Bilboko Plaza Eliptikoan, eta bertan izango dira Mitxel Lakuntza, Garbiñe Aranburu eta Raul Arza; ELA, LAB eta UGTko idazkari nagusiak, hurrenez hurren.
Besteak beste, eskatuko dute zenbait neurri «lehenbailehen» martxan jartzeko: euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko, gaixorik dauden presoak eta adinez nagusienak berehala kaleratzeko eta «gradu aldaketa eta ohiko kartzela legerian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea inolako diskriminaziorik gabe eta salbuespen legeria oro gainditzea».
Sindikatuen esanetan, neurriok «premiazkoak dira eta ezin dira gehiago berandutu, kartzeletako salbuespen egoerak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoan aurrera egitea zailtzen» eta «sufrimendu gehiago sortzen» duelako. Horren adibide jarri dute Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza: «Gertatutakoaren aurreko erreakzioak ezin dira mugatu dolua adieraztera; beharrezkoa da Espainiako Gobernuak berehalako neurriak hartzea hain muturrekoak izango diren egoerak saihesteko».