Euskal presoak

Presoen gurasoek depresio eta antsietate handiagoak dituztela frogatu du ikerketa batek

Bigarren mailako prisionizazioa eta euskal presoen adineko gurasoen osasun mentala izeneko txostena osatu dute EHUko Psikologia Fakultateko ikerlari talde batek.

Presoak etxeratzearen aldeko manifestazio bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA, FOKU
jon olano
2019ko irailaren 26a
13:31
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko ikerlari Luixa Reizabal Arruabarrenak, Iñaki Garcia Fernandezek, Eneko Sansinenea Mendezek eta Ainize Sarrionandia Peñak 90 lagun elkarrizketatu dituzte, 65 urte baino gehiagokoak. Seme-alabaren bat espetxean dutenak erdiak dira (45), eta adin eta ezaugarri bertsuak dituzten pertsonen beste multzo bat ere aztertu dute, kontrol talde gisa. Bi multzoen emaitzak alderatuta, ondorioa da seme-alabaren bat preso eta urrun duten gurasoen kasuan handiagoak direla depresioa, antsietatea eta estresa, eta, oro har, txikiagoa osasun mental positiboa.

1. Presoen gurasoek, depresio, antsietate eta estres handiagoa

Megan L. Comfort ikerlariak baliatu zuen bigarren mailako prisionizazioaren kontzeptua, pertsona bat espetxeratuta egoteak haren senideengan duen eragina izendatzeko. Hori euskal presoen kasura eraman dute EHUko Psikologia Fakultateko irakasleek, "seme-alabak espetxeratuta izateak adineko gurasoen osasun mentalean ekartzen dituen ondorioak" aztertzeko. Eta ondorio nagusietako bat da psikopatologia mailetan —depresioan, antsietatean eta estresean— "alde esanguratsuak" antzeman dituztela seme-alabak espetxean dituztenen eta ez dituztenen artean.

"Kontrol taldekoek gutxieneko depresioari dagokion puntuazioa dute, eta presoen gurasoen taldeak, ordea, alde txikiarengatik bada ere, depresio arineko puntuazioa". Beste hainbeste nabaritu zuten antsietatea eta estresa neurtzerakoan ere; desberdintasun "estatistikoki esanguratsuak" aurkitu dituzte: "Semea edo alaba urrun espetxeratuta edukitzeak gurasoen osasun mentala modu nabarmenean okertzen du".

2. Osasun mental positibo okerragoa

Osasun mental positiboan ere alde esanguratsuak daudela ondorioztatu dute. Hain zuzen ere, presoen gurasoek osasun mental okerragoa azaldu zuten kontrol taldekoek baino. Halere, ñabardura bat egin dute ikertzaileek: osasun mental positiboa aztertzeko, presoen gurasoen ongizate emozionala, psikologikoa eta soziala neurtu dituzte, eta ongizate emozionalean antzeman dituzte alde handienak presoen gurasoen eta kontrol taldekoen artean. Ongizate psikologikoari eta sozialari dagokionez, aldeak txikiak dira, eta ez dira estatistikoki esanguratsuak: "Presoen gurasoen ongizate psikologikoa eta soziala adin bereko beste edozein guraso baten antzekoak dira".

3. Distantziaren eragina

EHUko taldeak beste aldagai bat aztertu du: zenbaterainoko eragina duen presoen urrunketak gurasoen osasunean. Horretarako, bi kategoria bereizi zituzten: kartzelarako joan-etorriak egunean bertan egin dezaketen gurasoak —400 kilometro baino gutxiagora dauden presoenak— eta egun bat baino gehiago behar dutenak. Egileek nabarmendu dute 45 gurasotik zortzik baino ezin zutela joan-etorria egunean bertan egin, eta egun bat baino gehiago behar dutenek, batez beste, 769 kilometrora dutela seme edo alaba presoa. Atal horretan ere, ikerlariek sumatu dute seme edo alaba presoa bisitatzeko egun bat baino gehiago behar dutenek depresio, antsietate eta estres handiagoa adierazi dutela, "nahiz eta aipatutako aldeak ez izan estatistikoki esanguratsuak".

Aitzitik, ongizate emozional, psikologiko eta sozial handiagoa biltzen dituen osasun mental positiboari dagokionez, ikertaldeak hauteman du seme-alabak urrunago dituzten gurasoek osasun mental positibo handiagoa dutela, hasieran uste zutenaren kontra. "Emaitzon interpretazio posible bat da seme-alabaren bat urrun duten gurasoek erresilientzia efektu bat erakusten dutela", txostenean azaldu dutenez. Izan ere, azaldu dute "seme edo alaba preso urrunduaren egoera oso estresagarriaren aurrean", gurasoak saiatzen direla "egoerara egokitzen, eta egoera horretan ahalik eta ongien egoten". Adibide gisara aipatu dute haur eta nerabeekin Palestinako gatazkaren inguruan berriki egindako ikerketa bat: horren arabera, "egoeraren gogorragatik ere, ume eta nerabe askok ez dituzte espero zitezkeen estres post-traumatikoko sintomak; alderantziz, erresilientziadunak dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.