ETAk behin betiko borroka armatua uztea urrats «historikoa» da Etxerat-entzat, «Euskal Herriko gatazka luze eta mingarria demokratikoki konpontzera hurbilduko gaituena». Baina, horrekin batera, beste hainbat pauso eman behar dira, «sufrimendua eta eskubide urraketa atzean uzteko». Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira itzultzea bideratuko duen egoera batera heldu beharra nabarmendu du, eta, horretarako, «alde guztietako mugimenduak» eskatu ditu.
Izan ere, asteburu honetan presoen senide eta lagunek milaka kilometro egiten jarraituko dutela ekarri du gogora Etxerat-ek: «Gure eskubideak beste behin urratuko dituzte, eta gure bizitzak arriskuan jarriko». Espetxe politikak «180 graduko bira» eman behar duelakoan, dei egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei zenbait urrats egitera, hala nola sakabanaketak eta bakartzeak desagerraraztera eta preso gaixoak askatzera.
Iritzi bereko agertu da Anai Artea taldea, «legez kanpoko atxiloketak», torturak, euroaginduak, zigorra amaituta dutenen eta erien kartzelaldiak eta urruntzeak amaitu beharraz jardun da; «errefuxiatuek etxeratzeko paperak behar dituzte», erantsi du. Berehalako erabakiak eskatu dizkie Espainia eta Frantziari, «zuzenbidearen zaintzaile direnak, egiazki hala bihurtzen hasten direla erakuts dezaketenak».
ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak
Presoen itzulera bideratzeko, Etxerat-ek «alde guztiei» eskatu dizkie pausoak
Espainiako eta Frantziako espetxe politikak «180 graduko bira» eman behar duela nabarmendu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu