Euskal presoen auzia konpondu eta "korapilo oro" aska dadila eskatzeko, manifestazioa egin dute gaur eguerdian Bilbon. Sare plataformak eta Bilboko Konpartsek deitu zuten martxara, eta jendetza batu da abiapuntuan, Moiua plazan, "bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde aurrerapausoak emateko".
Sarek azpimarratu du "sufrimendurik gabeko etorkizun baten alde" lan egiteko konpromisoa duela: "Herri gisa aurrera egin, elkarbizitzan sakondu eta presoen auziari aterabidea emateko herritarron aktibazioa eta konpromisoa ezinbestekoa dela adierazi nahi dugu gaur".
Plataformak uste du herritar orok izan behar duela "konponbidearen parte aktibo, urteetan sortutako eta egun oraindik sortzen den minaren eta indarkeriaren ondorioei soluzio bateratu eta justua eman ahal izateko".
Hori horrela, konponbide "justu eta duin" baten eraikuntzak "enpatia ariketa handia" egitea eskatzen duela nabarmendu du: "Batetik, minak sortutako gorroto eta mendeku sentimenduak, sufrimendu guztien aitorpenagatik eta elkar ulertzeko nahigatik ordezkatuak izan daitezen eskatzen du. Eta, bestetik, irekita dirauten zauriak ixteko prozesuan, batzuei zein besteei sufrimendu atxiki bat sor dezaketen jarrerak ekiditea eta elkarren arteko oreka topatzea eskatzen digu".