Printzesak ala superheroiak: txikitatik binarismora bideratuta

Haurrek txikitan barneratzen dituzte nesken eta mutilen arteko desberdintasunak. Sexismoa eta genero rolak «inkontzienteki» transmititzen direla azaldu dute adituek; hezkidetzarako tresna eta metodologia berriak proposatu dituzte.

Superheroien eta printzesen iruditeria sexista helarazten zaie haurrei. BERRIA
Superheroien eta printzesen iruditeria sexista helarazten zaie haurrei. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neskei arrotz zaizkie matematikak. Estereotipoaz harago, azken urteetan egindako hainbat ikerketak azaleratu dute haurrak 6 urterekin hasten direla identifikatzen eta adierazten matematikak «mutilen kontua» direla, Lehen Hezkuntza abiatzearekin batera. Adibide soil bat da, baina esanguratsua. Eta harrigarria da lehen kolpean, baina adituak ez dira hain harrituta ageri. «Logikoa da hori gertatzea, modu batera edo bestera neskei halakoak adierazten dizkiegulako jaiotzen direnetik: sexismoa inkontzienteki transmititzen ari gara», azaldu du Marian Moreno hezkidetzan adituak. «Oraindik ere neskak eta mutilak fabrikatzen ditugu, gu geu ere ez gaudelako prest eredu binario horretatik mugitzeko. Izan ere, nola erlazionatzen gara helduok?», galdetu du Irati Leon EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasleak eta pedagogia feministen ikertzaileak.

Emakumea egin egiten dela ondorioztatu zuen Simone de Beauvoir filosofoak Bigarren sexua azterlan historikoan, eta neskak eta mutilak ere sorrarazi egiten direla oroitu dute Urtxintxa Eskolako kideek. «Eraikuntza sozialak eta kulturalak dira; sozializazio prozesuan ikasten eta barneratzen dugu zer den mutila eta zer den neska izatea», berretsi du Itoitz Serna Eskola eta Parte Hartze arloko arduradunak.

Bizi osoan irauten du sozializazio horrek, baina 0 eta 5 urte bitartean bereganatzen da izaeraren oinarria izango dena, Leire Agirre Feminismo arloko arduradunak azaldu duenez: «Imitazioz eta errepikapenez ikasten dute umeek. Eta sexu-genero sistema binarioan hezten gaituen gizarte batean bizi gara; konturatu barik, generoei esleitutako ezaugarriak proiektatzen ditugu haurrengan: zer jarrera izan behar duten, zelan erlazionatu behar diren... Hitz egiten ikasi aurretik jakiten dute zer genero eta zer ezaugarri esleitu zaizkien».

«Sexu-genero sistema binarioan hezten gaituen gizarte batean bizi gara; konturatu barik, generoei esleitutako ezaugarriak proiektatzen ditugu haurrengan»

LEIRE AGIRRE Urtxintxa Eskolako kidea

Esperimentu asko egin izan dira transmisio inkontziente hori erakusteko. Adibidez, Burua fardeletan izeneko bideoa asko erabili dela dio Agirrek: «Ume jaioberri bati pijama arrosa bat jarri diote, eta jendeak samurrago hitz egiten dio, esaten dio zein polita den... Gero, ume berari pijama urdin bat jarri diote, eta jendeak zakarrago mugitzen du, oso indartsua dela esaten diote...». Haur eskoletako hezitzaileek egindako proba bat ere jasoa du Leonek tesian: «Ume bat erortzen zenean eta negarrez hasten zenean, langileek kronometratu egiten zuten zenbat denbora edukitzen zuten haurra besoetan: neska bezala esleitutakoak denbora gehiago izaten zituzten, eta mutil bezala sozializatuak azkarrago askatzen zituzten. Txikitatik oso diferente tratatzen ditugu gorputzak ere».

«Sexismorako inertzia soziala» aipatu du Morenok: «Dena hartzen du». Hartara, nagusiki bi bide erakusten zaizkie txikiei, elkarren aurkakoak. Haurrentzako arropa edo jostailu dendak ikusi besterik ez dago ohartzeko arrosaren eta urdinaren dikotomia oraindik indarrean dela: neskentzat, jantzi estuak, kolore leunak, loreak eta bihotzak, printzesak eta zaintzaileak; mutilentzat, berriz, arropa erosoa, kolore biziak, dinosauroak eta hondeamakinak, superheroiak eta kirolariak. Bi kutxa handi horiez gain, beste eremu bat ere badela zehaztu du Sernak: «Lortu dugu genero disidentzia posibilitate bat izatea, klandestinitatetik ateratzea... baina aldi berean indarkeria pila bat jasaten dute».

Genero rolen itzala

Hala, koloreekin eta figurekin batera irakasten zaizkie ideiak eta genero rolak, eta bide bat markatzen zaie, Morenok esplikatu duenez: «Neskek oso txikitatik barneratzen dute ez dituztela saritzen azkarrak izateagatik edo gauzak ondo egiteagatik, baizik eta politak izateagatik, obedienteak eta maitekorrak izateagatik; pasibotasuna ikasi egiten dute horrela. Egunean zehar mezu ugari jasotzen dituzte ildo horretan: ‘Zein ederra zaren’, ‘zer formala zaren’... Aldiz, ikusten dute anaiei dinamikoak izatea saritzen zaiela, korrika egitea, abenturak izatea, kasurik ez egitea; eta 4-5 urterekin mutilek panpinekin jolasteari uzten diote, jendaurrean behintzat».

Mezu horien guztien ondorioz, «bigarren mailakoak» direla barneratzen dute neskek, eta protagonista izaten ikasten dute mutilek. «Neskekin baino espektatiba handiagoak ditugu mutilekin, eta horrek dakar neskek atzera egitea, adibidez, zientzien alorrean gaitasuna agertzean edo proiektu bat lideratzean, gutxiagotan entzun dutelako gai direla; mutilek beti entzuten dute mezu hori, eta sinetsi egiten dute», nabarmendu du Morenok. Joera horiek argi ikusten dira ikasgeletan, Agirreren hitzetan: «Neskei segurtasuna falta zaie hitz egiteko: oso gai dira argudiatzeko, baina eremua ez da segurua hitza hartzeko, badakitelako besteek barre egingo dietela; aldiz, mutilen iritziak txalotu egiten dituzte».

«Neskekin baino espektatiba handiagoak ditugu mutilekin, eta horrek dakar neskek atzera egitea, gutxiagotan entzun dutelako gai direla»

MARIAN MORENO Hezkidetzan aditua

Funtsean, emakumeei ezarritako ezaugarriak gutxietsi egiten dira, eta gizonei ezarritakoak, goratzen. «Horrek egiturazko indarkeria sortzen du, eta eragina du gure psikologian, autoestimuan, erlazionatzeko moduetan...», gaineratu du Agirrek. Bortizkeria ere beste ikasgai bat baita, Morenok azaldu duenez: «Mutilek barneratzen dute maskulinitatearen parte bat boterea dela, eta indarkeriaren bidez gauzatzen dela. Gatazkak konpontzeko baliabide bat dela ikasten dute».

Hain zuzen, mutilekin indarkeria jorratzea konplexua dela aitortu dute Urtxintxako kideek. «Agresibitateari ere entzun egin behar zaio», esan du Sernak; «Mutil bat kolpeka hasten bada, zerbait gertatzen zaion seinale da: frustrazioa, botere galtze bat... Ikusi behar da zer duen, ez baitira oldarkorrak berez. Atzean beti dago zerbait». Agirrek gogora ekarri du maskulinitatea barrutik kanpora sortzen dela, eta feminitatea kanpotik barrura: «Emakumeok, oro har, besteak lehenesten ditugu, garrantzi handiagoa ematen diegu besteen beharrei, eta gero geure buruari; eta gizonek beren burua jartzen dute lehenik, eta, gero, besteak. Eta hori txikitatik landu daiteke, zaintzaren eta enpatiaren bidez; indarkeria balioen eta emozioen bidez ere prebenitzen da».

(BERRIA)
Umeen arropan, jostailuetan eta materialetan agerikoa da eredu binarioa. BERRIA

Hori guztia lantzean, ordea, arazo bat antzeman dute hizlariek: jokabide eta jarrera patriarkalak, estereotipo sexisten transmisioa eta indarkeriazko portaerak ikusezinak dira hainbat eragilerentzat. Agirre: «Lan handia dago egiteko irakasleek eta hezitzaileek indarkeria detekta dezaten, ezin baitira estrategiak abiatu indarkeria antzematen ez badakigu». Serna: «Familiek oso barneratuta daukate ‘umea nirea da’ ideia, eta batzuetan blokeatu egiten dira kanpoko norbaitek esaten dienean hobeto egin dezaketela. Dena den, guraso asko saiatu egiten dira umeak eredu binario horretan ez sartzen, gauzak bestela egiten, eta gerora nabaritzen da: umeak askeagoak dira generoa beste modu batera bizitzeko. Baina, halere, oso zaila da: elementu guztiak aurka dituzte».

Izan ere, familiatik eta ikastetxeetatik kanpo, gizartean orokorrean gertatzen den sozializazioa gaitzagoa dela azaldu du Morenok: «Zu saia zaitezke etxean ahalik eta hezkuntza parekideena ematen, baina zure alaba etxetik korrika ateratzen denean, alboko bizilagunak esan diezaioke neskek ez dituztela eskailerak binaka igotzen. Eta hor joaten da jendea trabak jartzen».

Formakuntza falta

Formakuntza eta kontzientzia asko falta dela uste du, eta hezkidetza aldarrikatu du tresna gisa: «Pertsona bakoitzak bere sozializazioan dakarren genero motxila orekatzean datza hezkidetza. Berdintasunak bide guztiak erakusten dizkie, kontzienteki hauta dezaten». Eta nola orekatu mezu horiek? «Mutilei esan behar zaie ez dutela beti protagonista izan behar, ez dutela beti arrazoia, ez dutela zertan dena jakin, egon daitezkeela geldi eta lasai, etengabe mugitu gabe... Argi azaldu behar zaie maskulinitatearen eraikuntza aldatuz gero pribilegioa galduko dutela baina jarrera etiko bat irabaziko dutela. Eta neskak ahaldundu behar dira, haien bizi proiektuak bideratzeko boterea izan dezaten».

Hala ere, ahalduntzearen inguruko diskurtso batzuk zalantzan jarri ditu Sernak: «Asko hitz egiten ari gara neskak ahalduntzeaz, boterea hartzeaz, onenak izateaz, enpresaburu izatera heltzeaz... Baina egiaz hori nahi dugu? Gure eredua botere harreman horietan oinarritzen da? Konplexua da, baina neskei ezin diegu irakatsi mutil izaten, arazoa mutiletan baitago. Ahalduntzearen kontzeptuari buelta bat eman behar zaio, aztertzeko zein eredutan ahalduntzen ari garen, eta ez erreproduzitzeko justu deseraikitzen saiatzen ari garena». Agirrek erantsi du neskek ere boterea erabiltzen dutela, esaterako, genero disidenteen aurka: «Indarkeria jasaten dute neskak direlako, baina haiek ere indarkeria erabiltzen dute, adibidez, gorputz normatiboaren pribilegiotik. Intersekzionalitateaz asko dugu ikasteko».

«Asko hitz egiten ari gara neskak ahalduntzeaz, boterea hartzeaz, onenak izateaz... Baina egiaz hori nahi dugu? Neskei ezin diegu irakatsi mutil izaten, arazoa mutiletan baitago»

ITOITZ SERNA Urtxintxa Eskolako kidea

Ildo horretan, hezkidetzaren ulerkera moldatu eta zabaldu beharra ere ikusten du Sernak: «Ezin da geratu nesken eta mutilen arteko berdintasunean, hori baino askoz gehiago delako. Kontzeptua egungo testuinguru sozial eta politikora moldatu behar da, pedagogia feministetara, ikuspegi intersekzionalera, mugimendu transfeministatik datozen ideietara...».

Ikuspegia zabaltzeko premian guztiz bat etorri da Irati Leon: «Generoaren aldagaia beste elementu batzuekin batera ulertu behar dugu. Genero ikuspegia garrantzitsua da, baina beste ikuspegi batzuk ere presente izan behar ditugu: klasea, arraza, jatorria... eta horietan tresna gutxiago ditugu». Eta arazo batzuei ere beste neurri bat ematen zaie: «Harritzen gaitu 6 urteko neska batek esateak matematika ez dela beretzat, baina ez gaitu harritzen familia migratu batetik datorren eta eskola segregatu batean dabilen haur batek 6 urterekin esateak ez duela eskolan jarraitu nahi».

Beste metodologia batzuk

Era berean, metodologia aldatuz gauza gehiago lor daitezkeela uste du Leonek: «Askotan, pedagogia feministak edukitik bideratzen dira, baina praktikarako saltoan, aldaketa asko metodologikoak izan behar direla iruditzen zait. Eta, alde horretatik, gauza asko egiten ari dira jada hezkuntzan: eskola askotan mugimendu autonomoa aplikatzen hasi dira, umeekin basora joaten, proiektuka eta ekosistemaka lan egiten, haurren gorputzak errespetuz tratatzen... Eraldaketa metodologiko horiek berekin dakarte haurraren inguruko begirada integralago bat izatea, umeei esperimentatzeko askatasuna ematen dien guneak sortzen direlako. Eta hor dago gakoa: haurrak bere potentziala gara dezan, esperimentatzeko aukera edukitzea, eta hor askea izatea, generoa, arraza, familia egoera eta beste aldagaien zama izan gabe».

Leonen aburuz, lan profesionalean diskurtso feminista eta begirada pedagogikoa uztartu behar dira, eta jarduna «kokatua» izan behar da, abagunearen araberakoa. «Adibidez: familia batek leotardoak jartzen badizkio umeari, agian hobe da, diskurtso feminista helarazi eta panpina bat dirudiela esan ordez, azaltzea arropa hori ez dela egokia psikomotrizitaterako, leotardoek ez diotelako uzten aske mugitzen. Batzuetan, kontzeptu iraultzaileak erretiratuz, elkarrizketa horiek gerta daitezke. Diskurtsoa eduki behar dugu, baina diskurtsoa ezin da izan gure estrategia bakarra, harremanei oso leku gutxi ematea dakarrelako. Eta sozializazioa harremanekin guztiz lotuta dago».

«Eraldaketa metodologikoek berekin dakarte haurraren inguruko begirada integralago bat izatea, umeei esperimentatzeko askatasuna ematen dien guneak sortzen direlako»

IRATI LEON EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslea

«Formula asmatzeke» dagoela onartu du, halere, eta hezkidetzan aritzen direnen lana aitortu. Ez baita erraza berdintasunean eta feminismoan hezten saiatzea. «Erresistentzia asko daude, ikastetxeetan ere; eta gaur egun, mugimendu erreakzionarioen ondorioz, hezitzaileen aurkako kriminalizazioa ere areagotzen ari da», adierazi du Itoitz Sernak.

Beldurra antzematen du Marian Morenok: «Eskuin muturraren salaketen beldur dira eskoletan, eta autozentsura asko dago. Legez derrigorrezkoa da hezkidetza, baina erkidegoak ez dira ausartzen; Asturiasen [Espainia] onartu berri dute programa bat, oso ona, baina ez dute derrigor jarri. Soilik Nafarroan egin zuten urrats hori Skolaerekin». Eta auzitara jo zuen guraso kontserbadore talde batek. «Ultraeskuinaren salaketen helburua ez da irabaztea, baizik eta beldurra sartzea, jendeak ez dezan ezer egin; eta, alde horretatik, beti irabazten dute».

Hori dela eta, ausardiaz jokatzera deitu ditu hezkuntza eragileak, haurrak parekidetasunean hezteko. Eta erresistentzia eta oztopo guztiek etsipenik eragin ez dezaten, itxaropenerako mezu bat utzi du: «Berdintasuna tanta txiki baten bidez sartzen da: izan daiteke irakasle batek esaten dizun zerbait, edo familiako batek, edo amak... Batzuetan nahikoa da pertsona bakar batek mezuak orekatzea, horrekin lortzen baldin bada arrakala bat irekitzea, zalantza bat sexismoan. Eta hori gure alde daukagu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.